Erresuma Batuetan giza enbrioien klonazioa onartu izanak polemika bizitu du


2004ko abuztuaren 21an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:00

Jon Torner jontorner@argia.eus Erresuma Batuko Giza Ernalkuntza eta Enbriologiarako Agintaritzak (HFEAk) erabilera terapeutikorako giza enbrioiak klonatzea onartu zuen pasa den astean. Horrelakorik onartzen duen Europako lehen herrialdea da eta erabakiak eztabaida sutsua piztu du zientzialarien eta klonazioaren nahiz abortuaren aurkako taldeen artean. HFEAk Newcastleko Unibertsitateko aditu talde bati eman dio enbrioiak klonatzeko baimena. Zientzialarien helburua giza enbrioien klonazioaren bidez diabetea, Parkinsona eta Alzheimerrarentzako tratamenduak ikertzea da. CNR teknika erabiliko da Erabiliko den klonazio-teknika CNR (Nukleo Transferentziaren Teknika) delakoa da. Alegia, emailearen obuluari nukleoa kenduko diote. Ondoren, gaixoaren zelula baten material genetikoa obuluan txertatuko dute, eta hortik, enbrioia sortuko da. Enbrioietako zelula ama berri horiek gaixoari txertatu aurretik zelula pankreatiko bihurtuko dituzte. Zelula pankreatikoek intsulina ekoizten dute eta, azken finean, hori da zientzialarien helburua, intsulina gaixoak berak sortzea. HFEAk hartutako erabakiari eta CNR teknikari buruzko informazio gehiago ondorengo hedabide hauetan kontsulta dezakezue: El Mundo (gaztelaniaz) The Scientist (ingelesez) BBC (ingelesez) Nature (ingelesez) "Asmoa ez da gizaki berriak sortzea, bizitzak salbatzea baizik" Suzi Leather HFEAko buruak adierazi duenez, ikuspegi zientifiko, etiko eta legaletik gauzak behar bezala aztertu ostean hartu dute erabakia. Bere hitzetan, "helburua ez da umeak klonatzea, ilegala baita, baizik eta zientziak eskaintzen dituen baliabideak gaixotasunen tratamendura bideratzea". Miodrag Stojkovic Newscatleko Unibertsitateko zientzialaria ere gustura agertu da Britainia Handiak emandako urratsarekin. Berak ere berretsi egin du asmoa ez dela gizaki berriak sortzea, "bizitzak salbatzea baizik". Eta hori uste du, era berean, Newcastleko Unibertsitatearen baitan dagoen Ernalkuntzarako Zentroko (NFCko) kide den Alison Murdoch irakasleak. Adierazi duenez, abian jarriko diren ikerketek hainbat gaixotasunentzako sendabideak aurkitzen lagunduko dute. Hala ere, NFCko buruak herritarrek pazientzia izan dezatela eskatu du, emaitza konkretuak hamar urte barru arte ez baitira ezagutuko. Newcastleko Ernalkuntzarako Zentroa Erresuma Batuko osasun zerbitzu publikoaren (NHS erakundearen) menpe dago. Zer dio legeak? Klonazioaren gaiak 1997an egin zuen salto mundu guztiko hedabideetara. Urte hartan, Ian Wilmut zientzialariak gidaturiko talde batek "Dolly" izeneko ardia klonatu zuela jakinarazi zuen. Dena den, "Dolly" ez da klonatutako lehen animalia. 1952an Robert Briggs eta Thomas King estatubatuarrek igel bat klonatu zuten. Hala ere, esan bezala, duela zazpi urtez geroztik da klonazioa politikarien agendetan agertzen den gaietako bat. Hala, 1997an Europako herrialdeek ikerketara bideraturiko helburuekin enbrioiak sortzea debekatzen zuen lege bat onartu zuten, baina Erresuma Batuko agintariek lege propioa atera eta zirrikitu bat irekita utzi zuten. Hori dela eta, 2001ean hango Gobernuak erabilera terapeutikorako giza enbrioiak klonatzeko baimena eman zuen. Hiru urte beranduago, agintariek ikerketak abian jartzeko aukera eman dute. Bien bitartean, Europaz kanpoko herrialdeetan gai honen inguruko legeak arras desberdinak dira. Giza enbrioien aurreneko klonazioa, adibidez, Hego Korean egin zen pasa den otsailean. Bush klonazioaren aurka Erresuma Batuko Gobernuak hartutako erabakiak oihartzun dezente izan du Amerikako Estatu Batuetan. Laborategi publikoek (mundu osoko onenetarikoek) esaterako klonazio terapeutikoaren inguruan duen jarrera aldatzeko eskatu diote Etxe Zuriari. Izan ere, arrazoi erlijiosoak medio, George Bush klonazioaren aurka azaldu da eta zientzialariak beldur dira medikuntzaren alorrean zeresan handia izango duen gai batean ez ote diren atzean geratuko. Medikuntzaren eta zientziaren izenean batzuk, etika eta Jainkoaren izenean besteak George Buhsen iritzi berekoa da Vatikanoa. Joaquín Navarro-Valls eledunaren hitzetan, "Aita santuak beti kondenatu du giza enbrioien klonazioa, helburu terapeutikoak izan arren". "L'Observatore romano" Vatikanoaren ahots ofizialaren ustez, "Erresuma Batuko Gobernuaren erabakiak Jainkoak gizakiari eman dion ugalkortasun-proiektuaren kontra egiten du". Klonazioarekin kritiko agertu diren beste bi erakunde HGA eta CORE dira. HGA taldearen iritziz, HFEAren proiektuak muga etiko guztiak gainditzen ditu eta diru publiko asko xahutzea ekarriko du. Bestalde, abortuaren aurka dagoen COREhttp://www.corethics.org taldearen ustez, proiektua "benetan kezkagarria" da. Josephine Quintaville COREko eledunak azaldu duenez, "giza enbrioia, edozein modutan sortuta ere, giza enbrioia da, giza espezieko kidea eta, beraz, bizitzeko beste edozein pertsonak adina eskubide du". Zientzialariak ez datoz azken baieztapen honekin bat, Suzi Leather HFEAko buruak adierazi bezala, enbrioi klonikoak hamalau egun igaro baino lehen suntsitu behar baitira. Etikoki hainbat muga hausten dela diotenei, bestalde, zenbait gaixotasunentzako sendabideak bilatzean klonazioak paper garrantzitsua joka dezakeela erantzuten diete zientzialariek. Euren ustez, zientziaren garapenak ekar ditzakeen onurak printzipio moral batzuengatik ezerezean uztea gehitxo da. Iritzi berekoak dira giza enbrioien klonazioa oinarri izanik sendatzeko modurik izan dezaketen gaixoak. Sortzetiko gaixotasunak dituzten britainiarren senideek sorturiko 130 erakunde biltzen dituen http://www.gig.org.uk/-- (GIG) taldeak, adibidez, Britainia Handiko Gobernuaren erabakia txalotu du.

Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude