Segurtasun indarrekiko erresistentzia aktibo edo pasiboa "autoritarearen aurkako atentatu gisa" hartu nahi du Espainiako Gobernuak, eta horrela epaitu, Jorge Fernandez Diez Barne ministroak atzo Diputatuen Kongresuan iragarri zuen moduan. Zigor Kodearen erreformak bestelako neurri batzuk ere jasoko lituzke. Internetez "elkarretaratze biolentoak" deitzen dituen erabiltzaileari, adibidez, "erakunde kriminal bateko kide" izatea leporatu ahal izango zaio.
Barne ministroak adierazi du martxoaren 29ko greba orokorrean Katalunian gertatutako istiluen gisakoei aurre egitea duela helburu erreformak. Askorentzat, PPk aurre hartu nahi izan die datozen hilabeteotan egin daitezkeen manifestazio, elkarretaratze eta bestelako protesta ekitaldiei. Izan ere, erreforma ekonomikoak, murrizketek eta abarrek tentsioa areagotuko dutela aurreikusten da, eta Gobernuak herritarrak ohartarazi nahi izan ditu gaur iragaritako neurriekin.