Erleak akabatzen ari diren intsektizidak, uste baino kaltegarriagoak

  • 2013tik partzialki debekatuta daude Europar Batasunean zenbait intsektizida neonikotinoide, nekazaritan usu erabiltzen diren substantziak, erleei egiten dieten kalteagatik. Greenpeacen eskariz egindako azterketa zientifiko baten arabera, substantziok uste baino arriskutsuagoak dira erleentzat, eta gainera kalte egiten diete beste espezie batzuei ere. Erabateko debekua eskatu du talde ekologistak.


2017ko urtarrilaren 13an - 15:58
(Arg.: Greenpeace/Alejandro Llop)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Europako Batzordeak 2013ko abenduan ezarri zuen imidacloprid, tiametoxam eta klotianidina izeneko intsektizida neonikotinoideen debeku partziala. Sussexeko Unibertsitateko (Ingalaterra) zientzialariek ordudanik argitaratutako ehunka ikerlan aztertu dituzte, eta ondorioztatu dute substantzia horien arriskua are handiagoa dela debekuaren unean uste zena baino.

Bestalde, erleei ez ezik nikotinoideek beste intsektu batzuei ere kalte egin eta haien populazioak murrizten dituztela ondorioztatu dute. Arriskua elikadura-kate osoan barreiatzea ere gerta liteke. “Ingurumenean nonahi daude, eta ura, zorua eta landareak kutsatzen dituzte”, esan dute txostenaren laburpenean. Egileetako batek, David Goulson biologoak, adierazi du kaltea hain hedatuta egonik zuhurra litzatekeela Europan indarrean dagoen debeku partziala zabaltzea.

Greenpeacek, berriz, substantziok guztiz debekatu eta alternatiba ekologikoak bilatzeko eskatu du.

Indarrean dagoen debekuaren baldintzak luze gabe berraztertu beharko ditu Europako Batzordeak. Gogoan izan behar da debeku hori ezartzeko presio handiak gainditu behar izan zituztela erregulatzaileek, lobbyen jarduna jarraitzen duen CEO elkarteak salatu zuenez. Erreportaje honetan eman genizuen horren berri.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!