Eragin handiak izango ditu Barrongo urtegiaren obrak ondare arkeologikoan

  • Laurogeitik gora errota, zubi, aztarnategi, ermita, gaztelu, bide eta antzinako herrixka harrapatuko ditu Barrongo urtegiak. 431.645 euroko inbertsioa kalkulatu dute ondare arkeologikoan izango dituen kalteak txikiagotzeko.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko maiatzaren 30an - 10:07
Karankako zubia. (Arg.: PHOT.OK)

Arabako urtegi handienetakoa urez betetzeko baltsa berriak eraiki behar dira,  lurrak ureztatzeko ehunka kilometro tutueria jarri behar dira, eta ondorioz, milaka tona lur mugitu toki batetik bestera. Obra erraldoiak arrasto handia utziko du Añana osoan, bereziki Gaubean, Lantaronen eta Erriberagoitian. Quark enpresak obraren inpaktu arkeologikoa neurtu du, Arabako Diputazioak hala eskatuta; 85 tokitan kalteak egon daitezkeela atzeman dituzte, eta kalkulatu dute 431.645 euroko inbertsioa egin beharko dela, eragin horiek txikitzeko.

EH Bildu batzarkide taldeak Nekazaritza diputatuaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan; halaber, Arabako Diputazioaren ondare historiko-arkitektonikoaren zerbitzuburuek eta Quark enpresako teknikariek txostenaren inguruan azalpenak emateko eskatu du talde abertzaleak.

Barrongo urtegiak eragingo dituen kalte larrienak arintzeko obraren ibilbidea bera edo eraikiko diren baltsak tokiz aldatzea proposatzen dute teknikariek hainbat kasutan; muturreko kasuak dira hauek, obrak bete-betean harrapatzen dituelako balore handiko elementu arkeologikoak. Nograroko gazteluaren hondakinak, adibidez, obratik sei metrora geratuko dira, eta txosten teknikoaren arabera "neurririk eraginkorrena ibilbidea aldatzea da". Berriz, Karankan, lau elementu kaltetuko ditu obrak: 1642. urtean eraiki zen Campujo errota –Gaubeako zaharrena eta Arabako Inbentario Arkeologikoan jasota dagoena–, Brontze Aroko Castillo aztarnategia, La Rueda errota eta Karankako zubia bera. Villanañen, Ribachiflones Brontze Aroko egonlekua bete-betean hartzen du obrak. Barronen, 1025. urtean eraiki zen San Esteban elizaren ingurunea babesteko modu bakarra urtegia bera tokiz aldatzea dela jasotzen dute teknikariek. Azkenik, Villabezanan, Brontze Aroko Las Quintanas kokalekua eta Artzillana zein Santa Coloma aztarnategiak Barrongo urtegiaren baltsa azpian geldituko dira, azpiegitura tokiz aldatu ezean.

Beste elementu arkeologiko garrantzitsu batzuk aipatu ditu Quark enpresako ekipoak, eta neurri eraginkorrak eskatu ditu horiek babesteko. Villanañeko antzinako Medropio herrixka aipatu du, besteak beste: "tamaina handiko herrixka da; Burdin Aroan, erromatar garaian eta Erdi Aroan okupatuta egon zena; aztarnategiaren hegoaldeko muga obraren ibilbidetik 30 metrora dago". Eta ohartarazi du: "Tentu handiz lan egin beharko da inguruan".

Halaber, Varonatarren errotan eta burdinolan obrak izango lituzkeen kalteak nabarmendu ditu txostenak.  Eusko Jaurlaritzaren Inbentario arkeologikoan babestuta dago errotaren ubidearen zati bat suntsituko dute; horrenbestez, obra egin ondoren, berreraiki beharko da.

Bestalde, Brontze Aroko aztarnategi ugari arriskuan jarriko ditu obrak Tuestan, Bergondan, Fontechan edo Bellojinen, baita erromatar garaiko beste garrantzitsu batzuk ere. Berantevilla eta Armiñon artean, esate baterako, erromatarren galtzada igarotzen da. "Ez dakigu galtzadaren kokapen zehatza zein den, baina oso litekeena da urtegiaren obraren ibilbideak galtzada moztea. Hortaz, ezinbestekoa da bi herriren artean obrak egiten diren bitartean kontrol zehatza egitea".

Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Barrongo urtegia
2016-10-11 | Arabako Alea
Barrongo urtegiaren kontra bildu dira Arabako Diputazioaren aurrean

Añana Kuadrillako bizilagunek Gasteizko kaleetara eraman dute Barronen egin nahi duten urtegiaren kontrako protesta, eta Diputazioaren aurrean elkarretaratzea egin dute. Batzar Nagusiaren osoko bilkura zegoela baliatu nahi izan dute urtegiaren egitasmoaren salaketa... [+]


Barróngo urtegia
Egungo beharretara egokitu gabeko azpiegitura

Añanako Kuadrillaren ureztatze planak eztabaida eragin du Araban. Espainiako Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak bultzaturiko egitasmoak hainbat putzu eraikitzea aurreikusten du; Barróngo urtegia litzateke proiektuaren azpiegitura nagusia. 1999an diseinaturiko... [+]


2016-05-24 | Arabako Alea
Alderdiak deitu dituzte ekainaren 7an Barrongo urtegiari buruz hitz egiteko

Arabako Kongresurako zerrendaburu guztiak bildu nahi ditu Barrongo urtegiaren kontrako plataformak mahai-inguru batean urtegiari buruz hitz egiteko. 


2016-04-05 | Arabako Alea
Arabako Kontzejuen Elkarteak Barrongo urtegiaren egitasmoa arbuiatu du

Arabako Kontzejuen Elkarteak Barrongo urtegiak kaltetuko dituen bizilagunekin bat egin du, eta egitasmoa gelditzeko exijitu du. Beharrezkoa ez den azpiegitura dela salatu dute.


2016-02-18 | Arabako Alea
Barrongo urtegiaren obra gelditzeko mozioa atzera bota dute Arabako Batzar Nagusiek

Arabako Batzar Nagusiek atzera bota dute asteazkenean Barrongo urtegiaren obra gelditzeko eskatzen zuen mozioa. EH Bildu, Podemos eta Irabazi biltzarkide taldeek defendatu dituzte Barrongo Urtegiari Ez plataformaren eskaerak.


Eguneraketa berriak daude