Euskal Herriko Bilgune Feministak, Emakume* Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak aurkeztu ditu Oreretan. "Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak uzten dizkigunean" lelopean, egun osoko egitaraua eskainiko dute.
Abenduaren 12an izango dira Emakume* Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak. Joxean Artzeren letrak inspiraziotzat hartuta, bazterrak arakatzeko eta miatzeko jarduerak egingo dituztela adierazi du Bilgune Feministak. Izan ere, mugimendu feministan "emakume euskaldun zuri gisa interpelatu" dituzte praktika dekolonialen beharretaz eta hori dela eta "galdera, marko eta aliantzetarako formula berrien bila" daudela adierazi dute. Koronarbirusaren egoera dela eta, neurri zorrotzak hartzera behartuta daudenez, aforoak eta distantziak kontuan izango dituztela jakinarazi nahi izan dute.
Egun osoko egitarauan bueltan antolatu dituzte ekintza ezberdinak. Harrera goizeko 09:30etan izango da. 10:30etarko mahai-inguru baten bueltan bilduko dira: “Lurralde askeak, bizitza askeak. Hizkuntza, nazioa, arraza eta zapalkuntza kolonialen arteko intersekzioan". Ondoren, mahai-ingurutik jasotako informazioarekin, erronka eta aukera berriak definituko dituzte. 17:00etan hasiko da arratsaldeko saioa. Hitzaldi, tailer, eztabaida ezberdinetan parte hartzeko aukera egongo da: territorioaren defentsa, euskararen inguruko hausnarketak, gure iraganaren hausnarketak, gure arrazakeria biluzteko praktikak, internazionalismoa, gorputzak eta desirak, transnazionalak... Amaitzeko 19:30etan, ekitaldi nagusia egingo da herriko plazan.
Azaroaren 2an hasiko da izen ematea, bi astez egongo da zabalik, sareetan zein, Euskal Herriko Bilgune Feministaren webgunean.