Medikuntzako eta erizaintzako azken urteko ikasleek salatu dute koronabirusaren krisiari aurre egiteko EHUk lan baldintza eskasak onartzera bultzatu dituela. Hori baita gaur egun karrera bukatzeko praktikak egiteko duten aukera bakarretakoa.
Erizaintzako 4. mailako ikasleek eta medikuntzako 6. mailakoek azaldu dute duela hilabete bertan behera geratu zirela beren graduko azken ikasturte osoa hartzen duten praktikak, koronabirusaren kutsakortasuna murrizte aldera. Matxoaren 27an dekanoaren mezu bat jaso zuten, kurtsoa amaitu ahal izateko eta egin gabeko praktiken kredituak baliozkotzeko "alternatibaren bat garatuko zutela esanez". Apirilaren 1ean, dekanotzatik beste mezu bat jaso zuten, apirilak 2ko 14:00etarako konbalidatzeko aukeren artean erabaki behar zutela esanaz: “borondatezko” lan kontratu bat edo zehaztu gabeko alternatiba bat.
Hau da etendako praktikaldia baliozkotzeko EHUk eskainitako "borondatezko kontratua": hilabeteko kontratua, luzatzeko aukerarekin eta gutxieneko soldataren truke (950€ lanaldi osoa egitekotan). Gainerako baldintzak "airean geratu" zirela salatu dute ikasleek: zer lan egingo duten, zer ordutegitan, gauean edo asteburuan lan egiteagatik gehigarririk jasoko duten, zer babes baliabide edukiko dituzten... "Badirudi, baldintza kaxkarrenetan lan egiteko aukera luzatu digula EHUk, egungo egoeran lan egiteak suposatzen duen arrisku gehigarria guztiz alboratuz" salatu dute ikasleek.
Karrera amaitzekotan prekarietatea onartzera behartu dituztela salatu dute: "Pandemiaren aurrean ikasleok gure ekarpena egiteko dugun prestutasuna baliatuz, EHUk miseriazko baldintzak dituen lan eskaintza bat onartzera bultzatu gaitu. Eta hori ez egitekotan, edukiko genukeen beste alternatibarik mahai gainean ez dagoenez, kurtsoa amaitzearen gaineko ziurgabetasuna onartzea beste aukerarik ez genuke. Dirudienez, EHUrentzat ikasleak baino eskulan merkea besterik ez gara".
Ikasle hauek salatu dute Gasteizko erizaintzako ikasleak martxoaren 23an hasi zirela telefono zerbitzuetan lan administratiboa egiten. "Goiz, arratsalde zein gaueko lanaldietan eta oraindik kontraturik eta soldatarik gabe daude".
Ikasleek EHUri eskatu diote, besteak beste, lan kontratua aukeratzerakoan "beste alternatiba zehatz bat edukitzea". Bestetik, "praktika klinikoak birtualki ordezkatzeko aukerarik ez dagoenez", ikasturtea gainditzeko 6 hilabetez burututako praktiken batez besteko nota kontuan hartzea eskatu dute. Aipatutako lan eskaintzak lan baldintza guztiak zehaztea exijitu dute, eta orain arte proposatu zaizkien lan baldintzak hobetzea, "are eta gehiago egungo egoerak duen arrisku gehigarria kontuan izanik".
Unibertsitateko Indar Batasuna taldeak argitaratu du iritzi artikulua ARGIAren Eragileen Plazan. Erizaintzako 4. mailako 86 ikaslek eta Medikuntzako 6. mailako 30 ikaslek sinatu dute.