Durangoko azokaren balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek

  • 120.000 pertsona inguru joan da Durangoko azokara, antolatzaileen zenbaketen arabera, aurreko urtean baino jende gehiago. Gune guztiak bete direla nabarmendu dute.

Gerediaga elkarteko, musika industriako eta editoreen ordezkariak, balorazio prentsaurrekoan. (Arg: Durangoko Azoka)

2013ko abenduaren 09an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33

Bart eman dute balorazio prentsaurrekoa, eta igandeko datuak faltan bazituzten ere, emaitza “oso baikorra” dela argi dute. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak esan du jendearen erantzuna “izugarria” izan dela. Dioenez, aurreko urteko krisia “gaindituta eta ahaztuta” dago edizio berriaren emaitzak ikusita.  

Eta bide beretik jo dute editoreek eta musika industriako ordezkariek ere; denak “kontent” 48. edizioarekin. Euskal editoreen elkarteko Joxe Mari Mujikak eskerrak eman dizkio Gerediaga elkarteari. Musika Industriaren Elkartearen izenean Cristian Amorenak hartu du hitza. Aurreko urteko salmentak mantendu direla esan du, baina kexu azaldu da kultur produktuetako BEZaren igoera dela eta. Horregatik, erakunde publikoei dei egin die, kultura susta dezaten.

Durangoko azoka, herrian barrena

Durangon azoka zabaltzeko hautua hartu dute aurten, herrian hainbat gune jarriz. Berrikuntza ongi atera da eta antolatzaileek ziurtatu dute azokara joandakoak herriko kaleetan batetik bestera ibili direla.

Ondorioz, Mujikak esker oneko hitzak baino ez ditu bertaratutakoentzat: “Garbi geratu da jendeak Durangoko Azokara etorri eta euskal kulturan bizi nahi duela”. Hori ikusita, “indarrez beterik” daude antolatzaileak aurrerantzean lanean jarraitzeko.

 


Eguneraketa berriak daude