Donostiako Udalak lehen solairutik gorako etxebizitza turistikoak legeztatu ditu, orain arteko legedia moldatuz. EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos kontra agertu dira eta "interes espekulatiboen" mesedetara aritzea leporatu diote Udalari. Donostiako zenbait eragilek lehendik ere legez kanpoko 559 pisu turistiko daudela salatu dute.
Donostiako Udalak hiri-ordenantza egokitu du, besteak beste, lehen solairutik gora dauden etxe turistikoak legeztatuz. Orain arte lehen solairuan baino ezin ziren egon eta Hirigintzaren plan orokorrean proposatutako aldaketaren ondorioz, lehen solairutik gorakoek ere pisu turistikoak jartzeko aukera izango dute. EAJ, PSE eta PPk aldaketa babestu dute, EH Bilduk eta Elkarrekin-Podemosek ordea, aurka bozkatu dute.
Donostiako Udalaren Hiri Antolamenduaren antolaketak lehen solairutik gora pisu turistikoak jartzea eragozten zuen 2018ra arte, baina urte bereko martxoan udalak gainontzeko solairuetan ere pisu turistikoak ezartzeko araudia onartu zuen. 2020ko urtarrilean ordea, Euskal Autonomia Erkidekogo Auzitegi Nagusiak araudia atzera bota zuen. Udaleko zerbitzu juridikoek ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztu zuten arren, Espainiako Auzitegi Gorenak helegitea baztertu zuen.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarena arabera, "zenbait egoera bizkor arautzea komeni" da; baina "ingeniaritza juridikoa" erabiltzen ari direla salatu du EH Bilduk, hain zuzen ere, "lehen solairuaren gainetik dauden pisu turistikoen jabeen mesedetan". Elkarrekiko-Podemosek ere araudia kritikatu du eta "mobilizazio sozialari entzungor eginda, interes espekulatiboen mesedetan aritzea" leporatu diote. Etxebizitza turistikoen aldeko neurriak sustatzeak hiriko etxebizitzen eta alokairuen prezioa igotzea ekarriko duela adierazi dute, gehituz neurri hauekin "interes orokorrari kontra egiten" ari direla.
Donostiako bederatzi eragilek apirilaren 13an ohar bateratu bat zabaldu zuten Donostian lehen solairutik gora 559 etxebizitza turistiko daudela salatuz, eta maiatzaren 22an manifestazioa egingo dute hiriko "etxebizitza larrialdia" salatzeaz gain, "etxebizitza eskubidea" aldarrikatzeko.