Dena zalantzan jarrita


2024ko ekainaren 18an - 11:44
Azken eguneraketa: 2024-06-19 14:16:32
Jone Uria bertsotan. Argazkia: Bertsoa.eus.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Portugaleteko zubitik berrehun bat metrora, ekainak 8, arratsaldeko 17:30ak. Publikoa bero eta ingurua arrosa-horiz jantzia. Bertsolari txapelketen antitesi gisa hasitakoak kasik, atrezzoan ere txapelketak ohituta gaituen soiltasun eta seriotasunetik kanpo kokatu gintuen: ikusle eta bertsolariek brotxe arrosa bana bularrean, xaboi arrosak, katilu horiak, loreak nonahi eta albo batean, pamela, nola ez, arrosa.

Oholtzan zortzi protagonista, saio bakarrera jokatu zen IV. Señora Sariketan. Hainbat galbahe pasa ondoren, Haira Aizpurua eta Jone Uria iritsi ziren buruz burukora. Zalantzan jarri ezin zena zalantzan jartzeari kantatu zion arratsaldeko pameladun Jone Uriak, pameladunaren agurrean. Esan baitaiteke S.S.-k kolokan jarri dituela lehiako bertsolaritzaren alderdi asko: dekorazioetatik hasita, bertsolari, gai-jartzailetza eta epailetzatik pasa eta errimategira arte, adibidez.

Z Belaunaldiaren hiztegia ezagutzen ez genuenontzat belarriprest eguna izan zen Señora Sariketarena, Ibai Lekuonari eskerrak batik bat. Turista ingeles baten papera esleituta slaytu zuena, queen –alegia, egurra eman zuena señora izan zela–. Epailetzari dagokionez, aipatzekoa da Tokado Saria: bihotz formako gometxek gorpuztu eta bihotzak gehien uzkurtu dituen bertsolariak jasotzen duena, aurtengoan Eukene de los Airesek.

Saioak buruz burukoan jo zuen goia. Bitartean esan liteke zortziek slaytu zutela momenturen batean. Ane Zuazubiskarrek S.S.ko antolakuntzako zorroztasunaren performancetik. Araitz Katarain eta Irati Majuelo pisukide bihurtzeko elkarrizketan, Iratiren aspaldiko crush-a Araitz zela. Maialen Akizu primeran ere 1-bere outfit txoni-txandaleroan eta 2-egurra banatzen. Eukene de los Aires ederki ibili zen ohepeko-munstro jatorraren paperean.

Eta Jone Uria eta Haira Aizpuruaz zer esan. Buruz burukoko seiko motzean eta puntukako saioan iritsi ginen presente geundenak estasira. Gure esku dago ekimenetik hamar urte pasa ziren egunean norbere esperientzia kontatzen zorrotz ibili ziren biak. “Gure herri ta erbeste/ baikenbiltzan horren eske/ optimismoa behar zen baina, igual ez hainbeste” Jonek; Hairak “galdu dira merituak/ militantzi kredituak/ gazteei idortu egin zaizkigu esku izerdituak”. Puntukako saioak ere bihotzak uzkurtu zizkigun, Hairak Joneri aitortu baitzion haren ametsetako buruz burukoa jokatzen ari zela. Aurtengoa amaituta, V. edizioaren esperoan geratu beharko.

Argazkia: Olatz Zuazubiskar.
Argazkia: Olatz Zuazubiskar.

 


Eguneraketa berriak daude