Bertsolari eta glosatzaile katalanen topaleku izango da Durangoko Azoka

  • Bigarren urtea izango da pentsamendu kritikoan eta ekoedizioan espezializatutako Pol.len edicions argitalpen-kooperatibak Durangoko Azokan parte hartuko duela. Aurtengoa bertsolari eta glosatzaile katalanen arteko topaketa izango da, abenduaren 8an, arratsaldeko 19:00etan Durangoko Museoan. Uxue Alberdiren Revers. Testimonis de dones bertsolaris aurkezpen-biran egindakoaren antzekoa.


2023ko azaroaren 29an - 12:41
Azken eguneraketa: 15:56

Uxue Alberdi bertsolari eta idazleaz gain, Onintza Enbeita bertsolaria ere arituko da saio horretan, Berta Llos –aitzinsolasa egin dio liburuaren katalanezko edizioari­– eta Esther Santos glosatzaile katalanekin batera. Ines Osinaga arituko da musikari lanetan, eta Mari Luz Esteban antropologo eta poetak gidatuko du ekitaldia. Esti Lizaso arituko da itzultzaile gisa.

Revers. Testimonis de dones bertsolaris liburua

Revers, Uxue Alberdiren Kontrako Eztarritik (Susa, 2019) liburuaren katalanezko itzulpena da, 2020an Euskadi Saiakera Saria irabazi zuena. Liburua bere horretan, ahalduntze feminista kolektiboko ariketa da, zeinetan Alberdik eta elkarrizketatutako hamabost bertsolarik emakumeen aurkako indarkeriari buruzko isiltasuna hausten duten. Hortaz, agerian uzten ditu emakumeen aliantza estrategikoak, kolektiboki, gizonek menderatutako mundu batean.

Pol.len edicions

Pentsamendu kritikoan eta ekoedizioan espezializatutako argitalpen kooperatiba da, euskaratik katalanera lan gehien itzuli dituen argitaletxea: Joseba Sarrionandia, Mari Luz Esteban, Mikel Antza, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Fermin Muguruza, Eider Eibar, Joseba Larretxe, besteak beste.


Eguneraketa berriak daude