Badatoz Argia Sariak 2021: proposatu zure hautagaiak

  • 2021eko Argia Sarien data hurbiltzen ari da eta lantaldean dagoeneko gogor ari gara arakatzen euskarazko komunikazioaren esparru zabal eta aberatsa. ARGIAko irakurleak ere bere proposamenak egitea nahiko genuke eta ohar hau horretarako gonbitea da.


2020ko azaroaren 17an - 07:44
2020ko sarituak Usurbilgo Atxega jatetxean. (Arg.: Dani Blanco)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Urtero bezala,aurten ere urtarrilaren azken astean banatuko ditugu Argia Sariak, ARGIAko lan taldearen ustez nabarmendu diren euskarazko komunikazio proiektu edota kazetaritza lanak sarituz.

Gure lan taldea, kolaboratzaileak eta Argia Jendearen artean proposatzen ditugu hautagaiak, eta diren guztien artean hautatzen dugu ARGIAn. Gero eta gehiago ekoizten da, gero eta kalitate maila handiagoarekin, eta gero eta begi gehiago behar ditugu dena jarraitzeko. Beraz, irakurle, 2021eko Argia Sarietarako hautagai egokirik ikusten baduzu, jakinarazi iezaguzu mesedez.

Bost atal finko saritzen ditugu: prentsa saria, irratia, ikus-entzunezkoak, internet eta sustapen ekintza. Egoki ikusten badugu, halaber, merezimenduzko saria ere banatzen dugu, euskal kulturan edo euskal gizartean nabarmendutako pertsona, lan edo proiektua. Saritu daitezke lan zehatzak, saioak, sekzioak, hedabideak, pertsonak, proiektuak… Hautagaia proposatzerakoan, oso garrantzitsua da argudiatzea zergatik aipatzen den sarietarako.

Sariei buruz gehiago jakin nahi duenak, Argia Sariak kanalean sartu eta eman dezake begiratua, bertan baitauka azken hamarkadetan sarietan egosi dena jarraitzeko aukera. Proposamenak honako helbide elektronikora bidali behar dira: argiasariak@argia.eus

 


Azkenak
Eguneraketa berriak daude