Espetxera itzularazi ditu Auzitegi Nazionalak Juan Carlos Subijana eta Joseba Borde euskal preso politikoak

  • Subijanaren eta Borderen kasuan bigarren aldiz, Basauriko espetxeak onartutako hirugarren gradua lehengoratu du Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak. Subijana preso arabarra larriki gaixo dago. Sarek “atsekabea eta haserrea” adierazi ditu, eta mobilizazioak iragarri.


2023ko azaroaren 06an - 07:21
Argazkia: Sare

Subijana arabarrak hemeretzi urte daramatza preso. 2021eko otsailean Euskal Herriratu zuten Leongo Mansilla kartzelatik eta 2022ko abuztuan kaleratu hirugarren gradua eman ostean. Baina 2023ko otsailean bigarren gradurako erregresioa agindu zuen Auzitegi Nazionalak eta Basaurin espetxeratu zuten berriro ere. Hirugarren gradua lortu zuen bigarren aldiz, eta bigarren aldiz espetxeratu dute gradua lehengoratuta.

Ohiko prozedura jarraituta Basauriko Espetxeko Tratamendu Batzordeak proposatu zuen Subijanari hirugarren gradua ematea, eta Jaurlaritzaren Justizia Sailak hartu zuen horren aldeko erabakia, besteak beste presoaren osasun egoera larria delako, hainbat patologia direla eta. Zigorra etxean eta kontrol telematikoa ezarrita ari zen betetzen,

Fiskaltzaren ekimena

Joseba Borde Gaztelumendi Ugaon (Bizkaia) jaioa da, 64 urte ditu eta horietarik 20 daramatza preso. “Bere zigorraren hiru laurdenak 2019an bete zituen. Hirugarren graduan egoteko baldintza guztiak betetzen ditu”, salatu du Sarek. Ekainean lehenbiziko aldiz erregresatu zion Auzitegi nazionalak Jaurlaritzak emandako hirugarren gradua, eta espetxera bueltatu zen. Orain bigarrenez izan du bizipen berbera.

Borderen zein Subijanaren kasuan fiskaltza izan da Basauriko espetxearen eta Jaurlaritzaren erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu duena, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak tramitera onartu du, eta ebatzi bitartean espetxeratu dituzte bi presoak.

Mobilizazioak

Sarek “atsekabea eta haserrea” adierazi ditu “salbuespeneko epaitegi” batek hartutako erabakien aurrean: “Salbuespenezko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea”. Preso, errefuxiatu eta deportatuen eskubideen aldeko mugimenduak ziurtatu du “elkarbizitzari ateak irekitzen” eta “ salbuespenezko espetxe-politikaren atea” ixteko lanean jarraituko duela, eta herritarrei dei egin die ahalegin horretara batzera.

Mobilizazioak iragarri ditu Sarek. Gasteizen asteazkenean, azaroak 8, manifestazioa egingo dute Juan Karlos Subijana etxera! Gradu erregresiorik ez! lelopean. Borderen eskubideen aldeko eta gradu erregresioen aurkako mobilizazioaren data zehatzik ez du eman oraindik mugimenduak, baina “datozen egunetan” izango direla iragarri du.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gradu erregresioak
Eguneraketa berriak daude