Artozkin 20 urtez desagerrarazitako artelan batzuk berreskuratu dituzte Itoizko solidarioek

  • Hogei urte bete dira solidarioak Itoiz eta Artozki herriak defendatzeko borrokatu zirenetik, Itoizko urtegiaren lanen aurka. Orain, Artozki suntsitzean desagerrarazitako 31 artelanetatik hamalau “modu anonimoan” itzuli dizkietenez, erakusketa jarri dute, eta erresistentzia oroitzeko baliatu dute urteurrena.


2023ko urriaren 02an - 13:17
Azken eguneraketa: 15:32
Artozki-Artezki erakusketa aurkeztu dute Iruñeko Geltokin, Itoizko erresistentzia oroitzeko. / Argazkia: Artozki bizirik.

2003ko urriaren 2an hondeamakinek Artozki eraisten bukatu zuten, eta bi astez herria defendatzen egon ostean, Itoizko urtegiko uren azpian geratu zen herria. Proiektua geratzeko erresistentzia antolatu zuten solidarioek, eta bi hamarkada geroago gogorarazi dute elkartasuna era askotan erakutsi zietela. Ekintzaileek “beren bizitzak arriskuan jartzeaz gainera dozenaka atxiloketa eta tratu txar” jasan zituztela oroitarazi dute solidarioek prentsaren aurrean: “Bizilagunek duintasuna erakutsi zuten beren herriak defendatzen”.

Erresistentziako proiektua izan zen Artozki-Artezki, “herria sorkuntzarako, kulturarako eta arterako gune bihurtzeko”. Euskal Herriko hainbat artistari eskatu zioten artelanak egiteko, urez bete nahi zituzten herrietan uzteko. Deia “oso arrakastatsua” izan zela eta Artozkiko eliza museo bilakatu zutela azaldu dute antolatzaileek. Baina foruzainak eta guardia zibilak sartu eta dena hustu eta suntsitu zutela gogorarazi dute, hondeamakinen bidez. Artelanak desagertuta egon dira ordutik: “Poliziak elizatik atera zituen artelanak, eta haietako batzuk, gutxienez, urteetan egon dira museo ofizialetan”.

Hogei urte geroago obra horien erdiak berreskuratu dituzte: “Duela gutxi, modu anonimoan, 31 artelanetatik hamalau eman dizkigute”. Artista hauen obrak daude, besteren artean: Jose Luis Zumeta, Juan Gorriti, Jose Ramon Anda, Txiki Agirre Keixeta eta Anton Mendizabal. Erresistentziaren urteurrenean erakusgai jarri dituzte artelanok, urriaren 2tik 10era bitarte Iruñeko Geltokin, eta urriaren 20tik azaroaren 4ra arte Agoizko kultur etxean. Bi ekitaldi ere antolatu dituzte, Itoitz: atzo eta gaur mahai-ingurua, urriaren 10ean Geltokin, eta Lurraren Defentsarako Eguna urriaren 21ean, Agoitzen.

Non daude desagertutako artelanak?

Itoizko solidarioek kritikatu dutenez, artelanei eman zaien tratua da Irati eta Urrobi ibarretako biztanleek jaso dutena: “Makroazpiegitura honen kontra geundenok jasandako inposizio, gutxiespen, umiliazio eta arpilatzearen metafora krudela da”. Nafarroako Gobernuari galdegin diote ea nor diren erantzuleak, ea non dauden falta diren obrak, eta onartezintzat jo dute artelan horien kontrolean “zabarkeriaz eta utzikeriaz” jokatu izana. Eskatu dute Artearen, Memoriaren eta Lurraren Defentsaren Museoa osa dezatela, artelan guzti-guztiekin, Itoizko urtegiak suntsitutako herrien memoria gordetzeko.

2003an jasandako “arpilatzea” salatu dute, baina azpimarratu dute erresistentziaren urteurrenak etorkizunera begira ere balio behar duela, “lurra defendatzen jarraitzeko dei gisa”. Exijitu dute Nafarroako ubidearen bigarren fasea gelditzeko eta Esako urtegia ez handitzeko.

Gaia sakonago landu dugu ARGIAn aste honetako astekarian; asteazkenean egongo da sarean ikusgai.

Bideo honetan bildu ditu Ahotsa-k Itoizko solidarioek erakusketaren aurkezpenean esandakoak:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Itoizen aurkako borroka
Itoiz azpiko herrien erresistentziak hogei urte bete ditu

Hogei urte igaro dira Itoizko urtegia eraikitzeko zazpi herri eraitsi eta urpean ito zituztenetik. Herritarrek eta herritarrak ez zirenek, ordea, ez zuten besterik gabe onartu herrien hustuketa, eta gogor egin zuten bizitokien defentsa. Erresistentzia antolatua izan zen... [+]


Artozkiko erresistentziak 20 urte

Itoizko urtegiaren azpian dagoen herrietako bat da Artozki (Nafarroa). 2003an hustu zuten beste sei herrirekin batera, urtegia egin behar zutelako, baina azken momentura arte defendatu zuten herria Itoitzekin Elkartasuna taldeko kideek. Bi aste behar izan zituzten foruzainek eta... [+]


Eguneraketa berriak daude