Arrapala denentzat behar dute Donostiako kaian

  • Hamarnaka lagun bildu dira ostiral arratsaldean kaiko arrapalan, pribatizazioaren kontra. Duela egun gutxi, inolako abisurik gabe, Eusko Jaurlaritzak hesi bat jarri zuen bertan, azken urteetako haserreak berriro hauspotuz.


2022ko abuztuaren 01an - 07:58
Arranpla pribatizatzearen aurkako protesta. (Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza)

Izan ere, azken bi urtean, udaran hesia jartzen hasi da Jaurlaritza, bizilagunek hainbeste erabiltzen duten arrapalan. Bizilagunak haserre agertu dira eta auzoaren “pribatizazio eta kolonizazio prozesuaren azken kapitulua” dela diote.

Auzotarren baldintzak ikaragarri okertzen dira udan, “masifikazio turistiko jasanezinen” ondorioz, eta “leku guztietatik bota” dituztela sentitzen dute: “Ez dago auzotarrontzat tokirik, auzoa negozioa kosta ahala kosta egin nahi dutenen eskuetan jarri zen aspaldi eta gaur egun, ez dirudi instituzioen aldetik, eragindako kalteak zuzentzen hasteko asmorik dagoenik”.

Kaiak azken urteotan jasan duen etengabeko pribatizazioaren “azken ginga” dela uste dute: “Turistentzako txalupak nonahi, ez dago bainatzerik, ez Perrita egiterik eta orain ez arrapalan bainatzerik ere”.

“Alde Zaharreko bizilagunontzat toki hauxe da udan geratzen den arnasgune txikietako bat”. Bertan elkartzen da makina bat haur, familia nahiz heldu, eguneko bainua hartzeko eta aisialdiaz gozatzeko, baita txakurrak dituzten bizilagunak ere.

Irakurri duten testuan ondokoa nabarmendu dute: “Asaldatzen gaituena da bizilagunoi sarrera debekatzen zaigun bitartean, bestelako jarduerak aurrera eramateko zabalik izango dela: Bela ikastaroak; uretako moto, paddle surf, piragua eta abarren alokairua…”.

Bizilagunek argi dute espazio publikoaz gozatzeko duten eskubidea zapaldu egin dela eta horregatik, arrapalan jartzen hasi diren hesia lehenbailehen kentzeko eskatu dute bertaratutakoak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kalearen pribatizazioa
Eguneraketa berriak daude