2023an plazerez irakurtzeko sei liburu

  • Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu.


2023ko abuztuaren 1ean - 08:00
Azken eguneraketa: 2023-08-04 18:48
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ni ez naiz Mikel Laboa

Joseba Josevisky Larratxe, Harkaitz Cano, Unai Iturriaga

Elkar, 2022

Daitort, sortzaile moduan Mikel Laboa sekula ez da niretzat erreferentea izan, nahiz eta haren jeinutasunaz kontziente naizen, eta ziurrenik uste baino kanta gehiago ezagutzen dizkiodan. Niretzat, Laboa da aitak etxean zeukan Lau bost diskoaren azalean espazio-ontziari begira zegoen suge erraldoi hura. Eta uste dut, Canok, Iturriagak eta Josevisky-k buruan iltzaturik dudan irudi horri darion fantasia zoragarria ekarri dutela komiki honetara. Testuak egiten dituen keinu oro ez dut harrapatu, hori zur, baina istorioaren zurrunbilo hori-urdin-gorriak bete-betean harrapatu nau. Latza. Jon Torner Zabala

* * * * * * * * * *

Petrokalipsia. Krisi energetiko globala eta nola (ez) dugun konponduko

Antonio Turiel

Txalaparta, 2023

Energia krisiaren testuinguruan gako ugari ematen dituen lan baten aurrean gaude. Zer ez dugun lortuko, zer ez den posible eta nola ez dugun konponduko krisi honetatik ateratzea, egungo sistema ekonomikoarekin jarraitzen badugu behinik behin. Antonio Turiel fisikariak idatzi eta Joseba Barriolak itzulia, liburuak idazkera erraz eta ulergarrian azaltzen ditu energia-iturri berriztagarriek dituzten mugak eta erregai fosilen agortzeak ekarriko dizkigun ondorioak. Eta amaieran, zer egin dezakegun ere esaten du egileak. Urko Apaolaza Avila

* * * * * * * * * *

Esclavitud. Una historia de la humanidad
(“Esklabotza, humanitatearen historia bat”)

Michael Zeuske
Katakrak, 2018  /  636 or.

Lehen ikasgaia: milaka urte atzera eginda, pertsona pertsona denetik existitzen da esklabotza, eta ia edonon, baina ez beti ezaugarri berdinekin. Egileak bost mesetan desberdintzen du esklabotza historian zehar, familia ingurunean baliatzen den esklabotzatik, XIX. mendeko afrikar beltzen esklabotza komertzial ezagunera. Bigarren ikasgaia: herrialde garatuen egungo oparotasuna esklabotzaren gainean eraikita dago. Eta azken lezioa: gaur egun, historian egon den esklabo kopuru handiena dago. Esklabotza historian ulertzeko liburu giltzarria. Xabier Letona Biteri

* * * * * * * * * *

A la conquista del cuerpo equivocado
(“Okerreko gorputzaren konkista”)

Miquel Missé
Egales, 2018  /  172 or.

Liburuak urte batzuk dituen arren, ekarpen interesgarria egiten dio azken boladan han-hemenka eztabaida-iturri den gaiari: transexualitatea. Bere esperientziatik, errespetuzko debatera deitzen du Miquel Missé gizon transexualak: gorputz batetik bestera trantsitatzea zilegi eta eskubide izanik ere, horrek behar du izan transexualen aldarrikapen politiko nagusia? Konponbidea beti eta bakarrik ez da norbere gorputza eraldatzea, dio Missék, eta generoaz, identitateaz eta gorputzaz gogoetatzen du, galdera bati tiraka: “Zein da pertsona transok dugun ondoezaren jatorria eta nola egin aurre ondoez horri?”.  Mikel Garcia Idiakez

* * * * * * * * * *

Haurrek hitza

Lidia Txukovskaia eta Lidia Zhukova (1942), Josu Zabaletak euskaratua

Katakrak, 2022  /  84 or.

Europara gerra itzuli den honetan, bakearen aldeko manifestua da hau. II. Mundu Gerrara eramango gaituzte Sobietar Batasunetik Uzbekistanera ebakuatutako haurrek. Milioi bat lagun baino gehiagok egin behar izan zuten bidaia hori eta 200 intelektual baino gehiago egon ziren haurrak zaintzen, tartean, liburu honen autoreak. Testigantzak biltzen umezurtz etxe batetik bestera ibili ziren. Haurrek hitz egiteko duten sotiltasun ederrarekin, gudako egunak nola bizi izan zituzten kontatzen dute, kapitulu oso laburretan. Josu Zabaletak itzuli du errusieratik euskarara; gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz… ez dagoen lan hau. Lander Arbelaitz Mitxelena
 

*******************

Lur gainean, itzal azpian

Leire Milikua Larramendi

Susa, Lisipe saila. 2022  /  116 or.

Emakume nekazariek sektorean zenbateko eta nolako parte hartzea duten aztertzen du liburu honek, eta horretarako EAEko datuak eta emakume nekazarien testigantzak uztartzen ditu. Zenbat dira emakume nekazariak? Parte hartzeko aukeretan eragiten duten zein baldintza bizi dituzte egunerokoan? 2015-ean Eusko Jaurlaritzak Emakume Nekazarien Estatutua onartu izanak zer ondorio ekarri du elkarteen erabakiguneetan, emakumeen parte hartzeari begira? Beren hitza kontuan hartua sentitzen al dute? Estitxu Eizagirre
 

 

 

 


Eguneraketa berriak daude