Mozala askatu ezinik

  • Hego Euskal Herriko herri mugimenduaren osotasunak eta herritarren gehiengoak arbuiatu dute Mozal Legea–Herritarren Segurtasunerako Legea PPrentzat–. Kazetari, abokatu talde eta legelari andana kritiko azaldu dira. EAEko parlamentua legea desobeditzeko prest agertu da –hitza bete ez badu ere–, eta Nafarroako eta Kataluniako parlamentua, Gipuzkoako Diputazioa, Espainiako Estatuko hainbat hiriburu legearen aurka azaldu dira. Oposizioko alderdi guztiek legearen aurka hitz egin dute. Espainiako Kongresuak bi aldiz eskatu du legea indargabetzeko. Lege batek gutxitan piztu du horrelako kontrakotasunik –kantitate eta kalitate aldetik–, baina errealitatea da mozala ezarri zutenetik urte eta erdi igarota, isunen eta eskubide urraketen kopuruak nabarmen gora egin duela.

Axier Lopez @axierL
2017ko otsailaren 22a

“Ez dugu adierazpen askatasunari eragiten dion inolako neurri murriztailerik onartu”. PPk ohikoa duen errima eta doinu eztabaidaezinez mintzo zen alderdiko eledun Rafael Hernando Fraile 2015eko udan. “Espainian adierazteko eta informatzeko askatasunaren egoera eredugarria da”, gaineratu zuen Miguel Sánchez de Alcázar Ocaña PPko parlamentariak 2016ko hastapenetan. Popularren ikaslerik aurreratuenak borobildu zuen narrazioa 2016ko abenduan: “Pertsona bakar batek ere ez dit kalean txintik esan legea indargabetzeaz, broma hutsa da esatea Espainian arazo bat daukagula adierazpen askatasuna edo manifestatzeko eskubideekin lotuta", bigarren aldiz presidente aukeratutako Mariano Rajoyren hitzak dira Kongresuan.

Baieztapen kategoriko horiek parez pare egiten dute talka gehiengo sozial eta politikoaren iritziarekin. LOMCE, Lan Erreforma, era guztietako murrizketak, bizi osorako espetxe zigorra, Mozal Legea… Azken lau urte hauetan Alderdi Popularrak aldebakartasunez onartutako edo erreformatutako legeek aspaldi ikusi gabeko aurkakotasuna lortu dute Euskal Herrian eta Espainiako Estatuko gainerako herrietan. Hala eta guztiz ere, gehiengo parlamentariorik gabe, Alderdi Popularra gotorlekutik irten barik agur esan zuen 2016 urteak; batzuek deitutako “politika egiteko eredu zaharretik” mugitu barik.

Mozal Legearen onarpenetik urtebete eta erdi igaro badira ere, Alderdi Popularrak isolatuta jarraitzen du, indar politiko, herri mugimendu, hedabide, kazetari, abokatu, legegile, akademiko, intelektual, nazioarteko erakunde eta giza eskubideen behatzaileen iritziari ez-ikusiarena eginez.

Aurre-proiektuak piztu zuen sua
Mozal Legearen lehen proposamena argitara irten zen unetik gatazka gune bilakatu zen. 2015eko martxoa zen eta PPkoa ez zen parlamentari bakar bat ere ez zen neurri honen alde agertu. Indarrean sartu aurretik ere, maiatzean Madrilgo oposizio politiko guztiak eta ekainean Kataluniako Parlamentuak –114 boz alde (CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA, Ciutadans eta CUP) eta 18 kontra (PP)–, Mozal Legearen aurkako helegite bana aurkeztu zuten Konstituzio Epaitegian.

2015 udan Metroscopia agentziaren inkesta batek agerian utzi zuen Espainiako Estatuko herritarren artean ere kontrako jarrera nagusi zela: %75 Mozal Legearen aurkakoa zen, baita Alderdi Popularreko boz-emaileen erdia (%46) ere. Horrez gain, 326.000 lagunek sinatu zuten legea indargabetzearen aldeko eskaera.

No Somos Delito ekimenaren mobilizazio bat

Mozal Legearen mehatxuak eragile eta mugimendu berriak hauspotu zituen. Herri mugimenduaren esparruari dagokionez, No Somos Delito izan da erreferente nagusia estatu mailan. 2013an Zigor Kodearen erreforma plazaratu zenean sortu zen plataforma eta ehun taldetik gora biltzen ditu. Zigor Kodea, Mozal Legea eta Segurtasun Pribatuaren Legean egindako erreformak indargabetzeko lan handia egin du. Hego Euskal Herrira etorrita, eskubide zibil eta politikoen defentsan aritzen diren Eleak eta Libre mugimenduen indar batuketa azkartu zuen Mozal Legearen etorrerak. Greenpeace ere oso eragile aktiboa izan da Mozal Legearen aurkako borrokan.

Kazetaritzako profesionalen artean ere legeak ez du lagun handirik aurkitu. Madrilen egoitza duen Informazio Askatasunaren Babeserako Plataforma (PDLI gaztelaniaz) da horren adibideetako bat da. Abokatu, kazetari eta hedabide batzuek sortutako eragilea da adierazpen askatasuna eta informatzeko eskubidearen defentsan aritzeko. Kazetari elkarte gehienak, FAPE, APM, ANG-TV, FeSP edo Euskal Kazetarien Elkartea kasu, bat etorri dira ideia batean: “Kazetaritza egiteko askatasuna murriztu du Mozal Legeak”.

Legearen esparru geografikotik kanpo ere heldu ziren kritikak. Horren frogetako bat izan zen 2015ko apirilean New York Times egunkariaren editorial zorrotza. Protestak alboratu eta boterean jarraitzeko PPren saiakera zela legea eta “Francoren garai ilunak• gogora ekartzen dituela zioten.

Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak, elkartzeko eta adierazteko askatasunari dagokionez, Mozal Legea oztopo bilakatzeko arriskuaz kezkatuta Espainiako Gobernuari gonbitea luzatu zion legea “parte diren eragile guztiekin batera” berrikusteko. Aurretik, giza eskubideen bost kontalari berezik ohartarazi zuten legea ez zetorrela bat nazioarteko estandarrekin.

Kritika andanaren ostean, aldaketa eta doikuntza batzuk jaso zituen legeak, eta, besteak beste, isunen kantitatea jaitsi eta irainak zigortzeko artikulu batzuk ezabatu zituzten. Halere, legearen urte eta erdiko bizitzak berretsi du Mugarik Gabeko Kazetariek, Europako Kazetarien Federazioak eta Access Info Europek orduan esandakoa: “Lehen zirriborroaren asmo zentsuratzaile bera gorde du onartutakoak”.

Uztailak 1: dozenaka milaka isunen hasiera

"Egun beltza da gaurkoa eskubide zibil eta politikoen defentsan ari garenontzat. Egun beltza herritar guztiontzat, guztion eskubideez ari baikara". 2015eko uztailaren bian, Mozal Legea indarrean sartu zen hurrengo egunean, Eleak/Libre mugimenduak ARGIAn argitaratu zuen irakurketaren lehen hitzak dira.

Kongresu eta Senatutik pasa ostean, uztailaren batean indarrean sartu zen legea, PPren babes isolatuari esker. Aurkako indarrek “frankismoren amaieratik hona egindako askatasun murrizketarik handienaz” hitz egin zuten.

Azken urteotan Espainiako Estatu osoan herri mugimenduek garatu dituzten borroka molde berri baketsuak –ikusgarrienak eta eraginkorrenak, bederen– banan-banan jaso eta zigortzen ditu Ad-hoc lege honek. 15M eta bere hauspotik jaiotakoak mugimenduak, etxegabetzeen aurkako taldeak edo Euskal Herriko herri harresiak dira horietako batzuk. Mozal Legeak ondorengo jokabideak zigortzen ditu, beste askoren artean: Erakunde publikoen aurrean egindako protestak, lurren edo etxebizitzen desjabetzeak galarazteko mobilizazioak, Poliziaren jokaera okerrak salatzeko irudiak grabatu eta zabaltzea, eskratxeak, plazetako kanpaldiak edo asanbladak, Poliziaren aginduak desobeditzea, identifikatzeari uko egitea… Zenbait artikulu, gainera, protesta zehatzak debekatzeko idatzita daude. Zentral nuklearren inguruko ekimenak zigortzen dituen artikulua, adibidez. Energia nuklearraren arriskuaz ohartarazteko Greenpeacek pankarta erraldoien bitartez askotan egin duen protesta moldea, Garoñan kasu. Komunikazio molde berrien agerpenak ere arazoak sortu zizkion komunikazioaren esparrua kontrolatuta izatera ohitua zen Gobernuari. Autozentsura bultzatu eta sare sozialen erabilera askea oztopatzeko neurriak salatu zituzten eragile gehienek.

Legearen zehaztasun eza eta babesgabetasuna azpimarratu zuten aurkakoek. Espainiako Poliziaren sindikatuak berak salatu zuen legea egoki interpretatzea zaila zela erredakzio lausoak nahieran interpretatzeko bide ematen duelako. Isunak administratiboak direnez –trafikoko isunen parekoak–, prozeduran ez dago ez epailerik ezta epaiketarik ere. Hau da, Poliziak dioena da oinarri bakarra zigorra ezartzeko. Hori Zuzenbidearen oinarrien aurkakoa dela salatu zuten abokatu talde askok. Beraz, Poliziak A badio eta zuk B, eta hala dela ezin baduzu frogatu –irudi bidez edo–, isuna ordaindu ala epaiketara heltzeko prozesua zuk zeuk abiatu beharko duzu –horrek dakarren kostu ekonomikoa gehituz–. Helegiterik aurkeztu ezean, isunaren erdia ordainduta amaituko da dena. Aginte politikoa –Gobernu Delegaritza kasu askotan– eta Polizia dira akusazioa eta epailea aldi berean.

“Errotik eta salbuespenik gabe, Segurtasun Pribatuaren Legea, Mozal Legea eta Zigor Kodearen erreformak bertan behera uzteko beharra dago”. Espainiako Estatuko 35 unibertsitatetako Zigor Zuzenbide arloko 70 katedradunenen hitzak dira, tradizioz oso kontserbadorea den eremu akademiko horrek adierazitakoa adierazgarria da eskubide murrizketen neurriaz jabetzeko.

Zazpi hilabetetan 40.000 isun

Aurreko legearekin alderatuta –1992ko Corcuera Legea deritzona– infrakziotzat hartutako jokabideak hirukoiztu eta isunen zenbatekoa handitu ditu Mozal Legeak. 2015eko uztailetik 2016ko urtarrilera bitartean 40.000 zigor ekonomiko agindu zituzten Mozal Legea oinarri hartuta, Espainiako Barne Ministerioaren emandako datuen arabera. Haietatik 6.217 jarri ziren segurtasun indarrei errespetu faltaz zuzentzeagatik; hau da, egunero 30 isun, Poliziaren ustez, Polizia iraintzeagatik. Beste 3.700 isun ezarri zituzten desobedientziagatik edo kalean ez identifikatzeagatik. Urtebete pasa da datu horiek kaleratu zituztenetik, beraz isunen kopurua honezkero sei zifratakoa dela aurreikus daiteke.

Zigor ekonomikoez harago, kuantifikatzeko askoz zailagoa den alderdi batez ohartarazi dute kritikoek: autozentsura. Ikuspegi hori berretsi dute dozenaka gertaerak, eta bereziki kezkagarriak dira kazetarien jarduna oztopatu duten kasuak. 2016ko maiatzaren batean, Nazioarteko Langileen Egunean, hainbat herri mugimenduk Donostiako kaian egindako ekimenaren barruan, antzezlan bat egiten ari zirenei Mozal Legea ezarriko ziela adierazi zien Ertzaintzak, ekimena une horretan bertan behera utzi ezean. Hala egin zuten.

Urte bereko uztailaren batean, Mozal Legearen lehen urteurrenarekin bat, Azpeitia Zutiken lehen asanbladaren inguruan zeuden ertzainei argazkiak ateratzeagatik zigorren bat jaso zezakeela esanez, Mozal Legeari aipamen egin eta mehatxu egin zioten Azpeitiko Uztarriako kazetari bati. Hala Bedi irratiko bi kideri beren lana eteteko agindu zien Ertzaintzak urriaren 12an, Espainiako Konstituzioaren Egunean ezker abertzaleak Gasteizen antolatutako mobilizazioen berri ematen ari zirela. 2016ko hiru kasu baino ez dira. Horiek zenbatzea oso zaila da, horrelako kasu asko ez direlako publiko egiten. Beraz, ez dira gutxi izango grabatzeari utzi diotenak, eskubide bati uko eginda. Jorge Fernández Espainiako Barne Ministroak argi esan zuen El Paíseko elkarrizketa batean, poliziak grabatzea zilegi dela, irudien erabilera delako Mozal Legeak zigortzen duena. Beraz, udaltzain eta polizia batzuek, Barne Ministroak berak baino begirune gutxiago erakutsi dute askatasunekiko.

Arlo horretan aipamen berezia merezi du Nafarroako Ahotsa hedabide herrikoiaren lanak. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Albak 2015eko azaroan gutun bat bidali zien Ahotsako kideei, poliziak ageri ziren argazki bat argitaratzeagatik 601 eta 30.000 euro arteko isuna jaso zezaketela abisu emanez. Mozal Legeak hedabide baten aurka egiten zuen lehen aldia zen. Halere, Ahotsako lagunak ez ziren geratu eta Europako Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren aurkako salaketa jarri zuten; Mozal Legearen aurka dauden zenbait kazetarik eta legelarik osatutako Defendatzen duena defendatu plataformaren eskutik eta Madrilgo Diagonal eta Herrialde Katalanetako La Directa hedabideekin batera. Legea Giza Eskubideen Europako Itunaren aurkakoa dela iritzita, salaketa Ahotsaren kasuan oinarritzea erabaki zuten. “Albaren eskutitza jaso genuenean, bi aukera genituen: Geure burua zentsuratzen hastea ala salatu eta lege honi buelta ematen saiatzea. Lehenengoa aukeratuz gero, kazetaritza bukatuko zen. Eta ez bakarrik gurea, bihar izan daitekeelako txiolari bat, etzi Berria, hurrengoan...”, adierazi zuen Sergio Labaien Ahotsako kideak.

Isiltzen bagara, dena galtzen dugu

Hala genioen ARGIA egiten dugunok, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Delegaritzatik isuna jasotzean. 2016ko apirilaren 6an ARGIA eta lerro hauek idazten ari dena Mozal Legea aplikatuz zigorra jaso duten lehen hedabide eta kazetari bilakatu ziren Espainiako Estatuan.

Naroa Ariznabarreta Eibarren 2016ko martxoaren 3an atxilotu zuten uneko argazkiak Twitterren zabaltzea izan zen gure ”delitua”. Ariznabarretak uko egin zion epaitua izateari 2007an Segiren ilegalizazioa salatzeko A8 autopista moztu izanagatik. Gazte horien desobedientzia ariketaren gertuko jarraipena egin genuen ARGIAn. Espazio publikoan funtzionario publikoen jardun publikoaren berri emategatik 601 euroko isuna ezarri zigun Carlos Uquijok zuzentzen duen erakundeak, “baimenik gabe, poliziak eta beren familiak arriskuan jartzeko informazioa” zabaldu genuelakoan.

Isunari erantzunez argitaratu genuen azala.

Zigorraren albistea zabaltzearekin batera, Euskal Herriko kazetari, herri mugimendu eta herritar andanaren elkartasun eta babes mezuek segituan bilakatu zuten albistea Trending Topic Espainiako Estatuan. Euskal Herriko ia hedabide guztiek hitz egin zuten horretaz –salbuespen adierazgarriak salbu, Vocentoko egunkariak adibidez–, laster gaiak Espainiako Estatura egin zuen salto eta handik beste herrialde batzuetara. Besteak beste, Asociated Press, New York Times, The Guardian edo Al Jazeeran eman zuten ARGIAren aurkako isunaren berri, baita Frantziako estatua, Mexiko, Errusia, Grezia, Italia, Irlanda eta Australiako zenbait hedabidek ere.

Babesak mota eta jatorri askotarikoak izan ziren: Euskal Herriko kazetari saldoa, Espainiako Estatuko kazetari elkarte guztiak, Espainiako eta Europa mailako Mugarik Gabeko Kazetarien elkartea, Europako International Press Institute, mundu mailako gobernuz kanpoko 100 elkarte batzen dituen International Freedom of Expression Exchange, Amnesty International… eta abar luze bat. Espainiako Kongresuan aipagai izan zuten, Onintza Enbeitaren ahotik. Hautetsi eta politikari askok babesa adierazi ziguten –Arnaldo Otegi edo Pablo Iglesias, kasu–.

Elkartasun uholde honek hauspotuta, isuna ez ordaintzea eta Mozal Legea borrokatzea erabaki genuen ARGIAn. Bide horretan, Hego Euskal Herriko indar politikoekin izandako hartu-emanek eta gure hitzartzeek Nafarroako eta EAEko parlamentuetan emaitza oparoa izan zuten: Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bere egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta  Legebiltzarrak, alderdi guztiek –PP salbu– babestutako legez besteko adierazpen banaren bitartez. Nafarroako Parlamentuan ere ildo beretik mintzo ziren Geroa Bai, PSN, Ahal Dugu, Ezkerra eta EH Bildu.

Ez da oso ohikoa izaten legeak sortzen diren lekuetan legeak ez betetzeko konpromisoaz hitz egitea, eta are gutxiago, alderdiek desobedientziaren bidea bere egitea. Hitzez hartutako konpromiso hori praktikan berresteko dago, ordea.

Axier Lopez kazetariak EAEko Legebiltzarrean
aurkeztu zuen ARGIAren proposamena.

Azpimarratzekoa da 2016ko azaroan Espainiako Arartekoak adierazitakoa. ARGIAko isunaz eta, orohar, Mozal Legea gisa horretan erabiltzeaz ondorengoa dio Soledad Becerrilek (PPko kultura ministro eta Sevillako alkate ohi) kudeatutako instituzioak: “Oinarrizko eskubideei –lege bitartez– ezarritako mugak ezin dira inoiz erabili Espainiako Konstituzioak babesten dituen oinarrizko eskubide berberak kaltetzeko. ARGIAren isunaren kasuan, EAEko Espainiako Gobernu Delegaritzak ez duela hala jokatu dio, eta zigorra "ez duenez behar bezala argudiatu", isuna bertan behera uzteko eskatu du. “Arartekoak berretsi du Mozal Legeak kazetariei ezarritako isunek ez dituztela betetzen Konstituzioaren oinarrizko bermeak”, adierazi zuen PDLI plataformak Arartekoaren oharraren harira.

ARGIAkoaren ostean, beste bi kazetarik jaso dute isuna bere jardun profesionala egiteagatik. Mercé Alcocer Catalunya Radio irratiko kazetariari 601 euroko isuna ezarri zioten 2016ko maiatzean, "agintea desobeditzeagatik". Pujol auziaz Madrilgo epaitegietan informatzen ari zela, Poliziaren kontrolari iskin egiteagatik. Apirilaren 27an, PPko egoitzaren aurrean Madrilgo PAH-k (Etxegabetzeen aurkako mugimendua) antolatutako kazerolada baten berri eman zuen Diario Vice agerkariko kazetari Esther Yáñezek. Telefonoarekin egin zituen argazkiak erakusteko agindu zion Poliziak. Identifikazioa eman ostean, arrazoiak eskatu zizkion Poliziari, baina ez zuen erantzunik jaso. Handik bi hilabetera 601 euroko isuna jaso zuen "desobedientziagatik eta identifikatu nahi ez izateagatik", Mozal Legearen 36.6 artikuluan oinarrituta. Kasu horien aurretik Diario de Burgoseko Miguel Ángel Valdivielso argazkilariak lan istripu batean egindako irudiak ez ezabatzeagatik –Poliziak hala aginduta– Guardia Zibilaren isuna jaso zuen.

ARGIAren kasua, gaur gaurkoz, epaiketaren zain dago. Ondo bidean, 2017ko hastapenetan “kazetaritza ez da delitua” epaile baten aurrean esateko aukera izango dugu.“Interes partikularren, momentu politiko konkretuen eta alderdikerien gainetik, herritar guztiona den eskubidea defendatzea ezinbesteko zeregina dela” esan genuen orduko editorialean.

Indargabetu ala egokitu?

PP gobernuan egoteak ez luke oztopo gaindiezina izan behar, Espainiako Kongresuan ere Mozal Legearen aurkakoak gehiengo direlako gaur egun. Espainiako Kongresuak bi aldiz eskatu zuen 2016an legea indargabetzeko, apirilaren 5ean eta azaroaren 29an. Baina legez besteko proposamenak izanik, ezerezean geratu ziren. Egoera ikusita, alderdiek beren hitza beteko ez ote duten kezka adierazi zuten No Somos Delitok eta PDLIk.

Gobernu alternatiboa osatzeko PSOEk eta Ciudadanosek adostu zuten dokumentuan Mozal Legearen indargabetzea ez zuten aipatu, aldarrikapenetako bat izan bazen ere sozialisten kanpainan. Horren ordez, Mozal Legearen puntu “kritikatuenak” legetik kentzea proposatu zuten. Uler bedi, legea indargabetu gabe. Akordio horrek ez zuen bide luzerik jorratu eta azkenean sozialisten abstentzioei esker gobernua eskuratu zuen Mariano Rajoyk. Ciudadanosek jarrera anbiguoa adierazi du Mozal Legearen aurrean eta ez dago bere lehentasunen artean. Podemosek legea bere osotasunean indargabetu behar dela defendatzen du, EH Bildu, EAJ eta Gero Baik adierazitakoaren ildo berean.

Poliziaren irudiak sareratzea susmopean jarri du legeak.

Popularrez aparte, Poliziaren sindikatu nagusiak baino ez du legearen alde hitz egin. SUP sindikatuak Mozal Legea ez indargabetzeko eskatu zuen azaroan, “polizia guztien eskaera historikoak jaso zituen lege horrek eta berau indargabetzeak babes gabe utziko gintuzkete”, adierazi zuten.

No Somos Delitoko Alba Villanuevaren iritziz: “Espazio publikoa inongo lege administratibok ez arautzea litzateke egokiena. Baina egon behar bada, kontsentsu handiz egitea litzateke onena eta, batez ere, Konstituzioan jasota agertzen diren oinarrizko eskubideekiko begirune handiz”.

Zer egin dezakegu herritarrok?

Herri mugimenduek proposatutako bideak legearen ondorioei aurre egiteko desobedientzia, presioa eta bide judiziala dira.

Kaleko presio sozialari eustea ezinbestekoa dela diote eragile guztiek, legea indargabetzeko eskaera alderdien agendatik desagertu ez dadin eta politikariek beren hitza bete dezaten. Bide judiziala jorratzea ere gomendatzen dute, isunen aurka helegiteak aurkeztuz. Kasu batzuetan irabaziz gero, jurisprudentzia ezarri ahal izango litzateke eta hartara, egun zigorgarriak diren zenbait kasutan, Mozal Legearen aplikazioa edo eragina murriztu litezke.

Autozentsurari aurre egiteko txerto gisa, No Somos Delito, Eleak/Libre, PDLI plataformak eta ARGIAk berak ere –beste askoren artean– jarrera desobedientea sustatu dute. “Hauek ez dira arazo pertsonalak eta, beraz, ez zaie egin behar aurre modu isolatuan; irtenbideak ahalik eta kolektiboena izan behar du. Gauzak aldatzeko indarguneak herritarrengan egon behar du eta, gainera, indar harremanak nola dauden ikusita, ez dugu beste aukerarik, lege hori desobeditzea eta praktikan gure eskubideak indarrean jartzea baino”, zioen Zigor Olabarriak ARGIAko elkarrizketan.

Desobedientziaren beste arlo interesgarri bat erakunde publikoei dagokiena da. Espainiako Estatuan zenbait hirik eman dute horretarako lehen pausuak “Mozalik gabeko hiriak” izateko konpromisoa hartzeko prest agertu ziren Bartzelona, Zaragoza edo Valentzia, adibidez. 100 hiri eta herri daude No Somos Delito elkarteak sustatutako sare horretan. Baina 2016ko ekainaren 22an EAEko parlamentuak Mozal Legea ez aplikatzea onartu izanak du pisu politikorik handiena. Tamalez, baina, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ordezkarien aginduari entzungor eginez, Ertzaintzak Mozal Legea erabiltzen jarraitu du; kalean elkartzeagatik 2016ko udazkenean Gipuzkoa Zutikeko zenbait kideri ezarritako isunek frogatu zutenez.

Zer esan nahi du baina, Mozal Legea hemen eta orain ez aplikatzeak?

Legez besteko proposamena izan zen Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak onartutakoa. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren esku dago Legebiltzarrak onartutakoa bere egin eta bere kontrolpean dagoen Ertzaintzari beharrezko irizpideak eta formakuntza ematea. Legeak jokabide eta arlo asko ukitzen ditu eta beraz, haren aplikazio orokorrari muzin egiteak argitu gabeko ertz asko dakar.

Halere, Mozal Legea hemen eta orain ez aplikatzeko bi izan litezke balizko irizpide nagusiak. Batetik, Poliziak Mozal Legea mehatxu gisa ez erabiltzea. Deliturik egin aurretik, legeak ematen dion zigortzeko eskumenaz jakitun, Poliziak herritarren aurkako mehatxu bezala erabili izan du. Hori agindu politiko batek arindu lezake. Eta bestetik, Mozal Legeak zigortzen dituen jokabideak argitzeko beti justizia sistemara jotzea. Hau da, “Poliziaren salaketa nahikoa izango da isuna ezartzeko“ dioen Mozal Legean 52. artikuluari muzin eginez, Poliziaren salaketak ohiko bide judizialetik bideratzea, salataria eta salatuaren artean hirugarren agente bat sartuz: epailea. Mozal legea Madrilen behin betiko indargabetu arte, herritarra babes gabe uzten duen legearen logika zigortzailea poliziek ez baliatzea litzateke aukera bat, beraz. Oraindik garaiz dira Ertzaintza, Udaltzaingoak eta Nafarroako Polizia Forala herritarren eta politikarien gehiengoaren nahia 2017an betetzeko. 2016an ez da posible izan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Aktualitatearen Gakoak 2017 kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude