Jakoba Errekondo
2018ko uztailaren 08a
Landareen gaitzei aurre egiteko hel diezaiogun baratxuriari, Allium sativum.

Gorrin sasoian gaude. Gorrina, mildiua, gorriena, gorria, elgorria, herdoila, ugerra, suherreta, izen ugari jaso dugu oinordetzan, baina zikulu saltsa ederra dugu gaitzak behar bezala izen jakinekin lotzen.

Hala ere, gorrin sasoian gaude. Aurtengo lehen ia sei hilabeteetako eurite amaigabeak puska baterako hezetasun gorena lotuta utzi du. Eta okerrena orain dator: beroa. Bat-batean giro fresko samar batetik urteko bero handienetara igaroko gara, inolako egokitze tarterik gabe. Izan ere, urteko egunik luzeenetan gara, eta eguzkia bere orbita garaienean dabil, irribarreari eutsi ezinik... Horrek onddoen eta perretxikoen eztanda ekarriko du. Baita landareetan gaitzak sortzen dituztenena ere. Beroa eta lurra etengabe ura lurruntzen, landareen gaitzak eskuak pozez igurzten ariko dira. Hain zuzen landareek urteko hazkuntza handiena izaten duten sasoiaren amaieran.

Orain eguna laburtzen hasten denean landareek hazkuntza ahaztu eta ugalketari begiratuko diote. Udaberrian hazitako adar, zarba eta mastrak ahulak dira, hazi eta hazi biguin eta guri daude. Hemendik atzera, luzatutako puja horiek zaildu egingo ditu, eta horietan sortzen dituen elikagaiak fruituak haztera eta ontzera bideratuko ditu. Zaildu bitarte horretan, gaitzek pagotxa izango dute. Gorrinak eta ez direnak, hautsa, hauts-berretxikoa, herdoa, herdola, zolda, ugalatza, zurina, zuriteria, añoa, ludoia, ikatza, ilintxa... Kupitzen al ditugu landareak!

Landarek, ordea, ez dute errukiaren berririk. Hel diezaiogun, beraz, baratxuriari, Allium sativum. Sukalderako bezala baratzerako lagun ederra da. Gaitzak sortzen dituzten onddoen aurkako aliatu leiala. Baratxuria egosita prestatzen da: txikitu libra bat baratxuri, bost litro uretan jarri, irakitera eraman eta ordu erdi batez su motelean eduki gozo-gozo, jarri tapa eta 12 orduz utzi, iragazi eta zuzenean erabili. Ez da kontserbatzen.

Busti gaitzik hartuko duen susmoa dugun landarea, eguzki galdatan ez dagoela, betiere. Gaitza harrapatu duenari kendu hostorik hondatuenak, eta busti zortzi bat egunez, egunero, goi eta behe, azpi eta gain.

Esaerak hala dio: baratxuria gaitz guztien kontrakoa.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Gorrinak

Gorrinak kanaletik interesatuko zaizu...
2015-09-27 | Jakoba Errekondo
Zakar montonean lur ustela

Baratze bazterrean beti behar du hondakinak usteltzeko txoko bat. Zopizartzean, jorratzean, belarrak kentzean edo uzta amaitu delako berea eman duten landareen hondakinak kentzean sortzen den materiala, ondo gauza aberatsa da. Jeneralean bazterrean pilatu eta bertan usteltzen uzten da; lur ustela sortuko da. Luar pilari ere eman dakioke. Ongarri izango da hurrengo uztetarako.

Kaltegarri ere izan daiteke. Argazkiko tomate zarbak edo mastrak gorrinak jo duenaren zantzu garbiak ditu. Saldiasen... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude