"Emakumezkoei itzuli diet pornografiaren generoa"

  • Zientzia Politiko, Feminismo eta Sexualitate ikasketak egin zituen Lundeko Unibertsitatean Erika Lustek (1977, Stockholm). Pornografia konbentzionala gizonezkoentzat egina zegoela ikusirik, helduentzako zinemagintza alternatiboaren aldeko apustua egin du Bartzelona bizitoki duen zinema zuzendari suediarrak.

“Internetek errotik aldatu du baina, era berean, ez du pornografia jabez aldatu. Gizonezkoen fantasiak ekoizten dituzten gizonezkoek menderatuta jarraitzen du”. (Arg.: Erika Lust Films)
“Internetek errotik aldatu du baina, era berean, ez du pornografia jabez aldatu. Gizonezkoen fantasiak ekoizten dituzten gizonezkoek menderatuta jarraitzen du”. (Arg.: Erika Lust Films)

Stockholmen jaio zinen baina Bartzelonan bizi zara. Nolatan iritsi zinen Kataluniara?

Erasmusek Madrilera eraman ninduen 22 urte bete nituenean. Ondoren Bartzelonara lan bila etorri nintzen, eta nola ez, itsasoa maite dudalako. Hasieratik argi izan nuen hemen geldituko nintzela.

Pornografia oro har gizonezkoentzat dago egina. Eboluziorik egon al da sektorean?

Gaur egungo pornografiak ez du zerikusirik 70eko edo 80ko hamarkadetakoarekin. Nik punish fucking gisa definitzen dut. Sexua ez da agertzen pertsonek egiten duten zerbait bezala, baizik eta emakumezkoak gizonezkoari egiten dion hori bezala. Gogoeta kritikoa egiten duen edonor konturatuko da sarean dagoen pornografia osoaren %99k emakumea irudikatzen duela gizonezkoei
plazerra emateko lanabes gisa. Pornografiaren industria gizonezkoaren begiradan oinarrituta dago. Nik emakumezkoari itzuli diot pornografiaren generoa: emakumeok ere bagara izaki sexualak.

Badago uste duenik pornografia konbentzionala gure gizartearen erakusleiho dela. Ados zaude?

Internetek errotik aldatu du baina, era berean, ez du pornografia jabez aldatu. Gizonezkoen fantasiak ekoizten dituzten gizonezkoek menderatuta jarraitzen du. Artista, sortzaile eta intelektual gutxi dago sektorean. Gaur egungo pornografia McDonald’s-aren gisakoa da, merkea, eta oro har ez osasungarria. Une batez asetzen zaitu, baina irentsi ondoren gaizki sentiarazten zaitu, emakumea agertzen den moduarengatik.

Erreferentziarik izan duzu?

Uste dut pornografiaren urrezko aroko filmak interesgarriak direla. Gidoiak eta pertsonaia interesgarriak zituzten eta zinema kameren bitartez grabatzen ziren. Hala ere, genero honek sekulako potentziala du eta uste dut inork ez duela jakin hori ustiatzen. Nire erreferenteak beraz artean, argazkilaritzan eta zinema konbentzionaletan daude gehiago.

Nolakoak izan behar dute zure filmetan parte hartuko duten aktoreek?

Nire balore eta ikuspegiekin bat datozen pertsonekin lan egitea gustatzen zait. Bi baldintza ditut. Bata gorputz naturalak
izatea, operatu gabeak. Bigarrena, eta oso garrantzitsua, 21 urtetik gorakoak izatea. Uste dut esperientzia sexuala izatea
eta helduentzako zinema egin nahi dutela argi izatea garrantzitsua dela.

"Gogoeta kritikoa egiten duen edonor konturatuko da sarean dagoen pornografia osoaren %99k emakumea irudikatzen duela gizonezkoei plazerra emateko lanabes gisa". (Arg.: Erika Lust films)

Noizbait erran izan duzu gizartea pornifikatuta dagoela. Zergatik?

Pornografia konbentzionala hedabideetan sartu da, dagoeneko ez dago ezkutatuta, hedapena du. Begiratu Pornhuben iragarkiak, denek dituzte milioika ikustaratze… Pornhubek eduki propiorik ere ez du, ekoiztetxeetatik ebatsitako edukiak erabiltzen ditu, erabiltzaileek igotzen duten edukiari erreparatu gabe. Eta ez dut inoiz ikusi, emakumea nola erabiltzen den zalantzan jarri duen gizonik. Kontrakoa, jendeak txalotu egiten ditu. Hain ohituta daude normaltzat ikusten baita.

2014an XConfessions.com egin zenuen. Zer zen zehazki?

Webgune bat da, erabiltzaileek euren fantasia sexualak edota historia intimoak idazteko pentsatua. Nahi den hizkuntzan idatzi daitezke. Nik ikusten ditut eta hilabeteko bi aitormen aukeratzen ditut webgunean bertan publikatzen ditugun film laburrak grabatzeko.

Hiru urte beteko ditu egitasmoak aurten. Nola joan da?

Oso ongi! Enpresa izugarri handitu da. Irailean 10. bolumena publikatuko dugu eta dagoeneko 100 film labur egin ditugu. Mezu asko jasotzen ditut, gizonezkoena eta emakumezkoena, halako espazio bat sortzeagatik zoriontzen nautenak.

Baikorra zara? Uste duzu pornografia konbentzionalak egingo duela emakumezkoen aldeko begiradara biraketa?

Pornografia konbentzionala ez da desagertuko. Tira, ez dago zentsuratu beharrik. Bakoitzak ikus dezala nahi duena. Baina gaur egun badago helduentzako zinema alternatibo baten eskakizuna. Egin behar dena da ekoizpenaren kontzientzia sustatu. Industrian parte hartzen dugun agente guztiek haren inguruko eztabaida sustatzeko ordua da. Eta bide batez, gure seme-alabekin hitz egin behar dugu pornografiaz. Edozein momentutan egingo dute horrekin topo eta arazo horri aurre egin behar diogu. Horretarako sortu dut, Pablo Dobner nire senarrarekin batera, thepornconversation.org, irabazi asmorik gabeko egitasmoa.

Pentsaerak eraldatu

“Suedian jaio nintzen eta heziketa sexual bikaina jaso nuen, irekia, munduko beste hainbat tokitan tabua diren gauzak jorratuz; pornotik hasita feminismora bitarte. Hala ere, pornografiaren industriarekiko interes erreala beranduago piztu zitzaidan. Aurki ikusi nuen porno konbentzionala gizonezkoentzat egina zegoela gehienbat, eta ez hori bakarrik, baizik eta gainera garbiki sexista zela. Zientzia Politiko ikasketak egin nituen bitartean Linda Williamsen liburu bat iritsi zitzaidan esku artera; bera izan zen pornoa kontakizun propioa zuen genero gisa landu zuen lehen idazlea, eta hari esker hasi nintzen kontakizun horren parte izateko irrika sentitzen”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pornografia
2023-12-03 | Diana Franco
Teknologia
Pornografiaz

Aurreko egunean, 10 urteko haur batek esan zidan bere eskolako helbide elektronikoaren pasahitza aldatu behar zuela, gurasoek bazekitelako, eta bere pribatutasuna zelatatu ahal zutelako. Ulertzen nuela esan nion, baina ohartarazi nion, eskolako arduradunek ere, naiz eta eurekin... [+]


2023-11-24 | June Fernández
Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?

Emakundek Azaroaren 25erako zabaldutako kanpainaren arabera, pornografia bihurtu da haur eta gazteen sexu indarkeria eskola. Egitasmoa kontrastatu dugu aditu zein arituekin, eta EAEko instituzioen koherentzia falta kritikatu dute: sexu-heziketaren premia aldarrikatzen duten... [+]


2023-11-10 | ARGIA
Pornografiak gazteen sexu-heziketan duen eraginaz ohartarazi du Emakundek

Emakundek Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da leloa aukeratu du azaroaren 25erako, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguneko kanpainarako. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun sailburuak adierazi du nagusiki kontsumitzen den pornoa emakumeen... [+]


Eguneraketa berriak daude