Txomin Peillen, idazlea

"Inork ez zuela idazten esaten zigun Andimak, eta idazten hasi nintzen"

  • Hainbat liburu idatzia da 85 urte beteak dituen idazle paristar zuberotarra. Baionan bizi da, lasai, idazten, Andima Ibiñagabeitiak iragan mendearen erdi aldera emandako agindua betez oraindik: “Idatzi, idatzi!”.

Miel Anjel Elustondo
2017ko uztailaren 09a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Txomin Peillen Karrikaburu (Paris, 1932)

Parisen hazia, bertan egin zituen ikasketak. Biologia irakasle izan zen Parisen 1982an Pauera joan arte. 1993an Baionako unibertsitateko irakasle zen. Frantziako hiriburuan dira Txomin Peillenen oinarriak: Andima Ibiñagabeitia eta Jon Mirande ezagutu zituen. Lehenak eraginik da idazle. 1964an Txomin Agirre saria irabazi zuen Gauaz ibiltzen dana polizia nobela beltzarekin, eta beste bi aldiz ere irabaziko zuen sari bera. Hogeitaka libururen egile da, literarioak batzuk, ikerlanak, berriz, gehienak.

1932, Paris. Zein dituzu lehenbiziko oroitzapenak han?

Aitak bazuen ohitura, etxez etxe kanbiatzekoa. Ez zen sekula lasai egoten ahal leku batean. Ni Montmartren jaio nintzen. Bi urte egin nituen han. Gero, beste etxe batera kanbiatu ginen, eta beti horrela. Garai hartan baserri txipiak hainbeste ziren Parisen, eta gu haietan bizi izan ginen, beti alokairuan. Badut orduko banlieu eta arrabaletako oroitzapenak, baina oso toki trankilak ziren, baserri giroa zegoen, esneketariak zebiltzan etxez etxe esnea saltzen. Gerra etorri zenean, fite partitu ginen: bi urte pasatu genituen Zuberoan, 1939tik 41eraino. Horrek salbatu gintuen.

Zer esan nahi duzu, salbatu?

Jaten genuen. Zegoena. Ogirik ez zen, baina artoa. Artoa, artoa eta artoa. Garia eta irina Frantzia iparraldetik zetorren, eta hura alemanek hartua zuten. Gu Petain pean geunden, mariskalaren ohoretan kantatzen genuela oroitzen naiz. Ongi bizi zen Zuberoan. Baina Parisera itzuli behar zen, eta han ez zen jatekorik. Zuberoatik itzuli eta lehenbiziko sei hilabeteetan ongi bizi ginen, zeren eta txerri bat lortu genuen, eta hura hilda, txerrikiak pasatu ahal izan genituen, txorizo, tripot eta lukainka, Frantziako barneko mugan. Trenean ginen, eta halako batean, soldaduak. Ez ziren alemanak, austriarrak ziren. Jaitsi ginen trenetik, amak hanka hautsia, eta soldaduaren galdera: “Baduzue deus deklaratzekorik?”. Eta gure amak, hanka hautsi hura erakutsiz: “Hauxe!”. Eta berriz igoarazi gintuzten trenera, gure txerriki eta guziekin. Sei hilabete iraun genuen haiekin.

Gerla bukatu zen.

Baina goseak iraun zuen, zeren eta Frantziak ez zuen burua altxatzen. Marshall plana etorri zen, Frantzia laguntzera. Burdinbideak deseginak ziren. Tren geltokiak eta denak. Frantses erresistentziak eta aliatuek dena desegin zuten, alemanek ez zitezen Alemania defenditzera heldu. Garai tristea izan zen, nahiz eta haurrontzat oso menturosoa izan, emozioz betea. Kar, kar…

Frantziako erresistentziak badu loria.

Loriatik guti erresistentziak. 1943raino, jendeak zer pentsatzen zuen Frantzian? Petain! Petainek salbatuko zuela Frantzia. Stalingrad erori zenean hasi zen jendea bestela pentsatzen. Eta aliatuek Afrikan irabazten zutela, eta han frantsesak ere bazirela ikusi zutenean. Ordu arte, Petain. Etxe guzietan ere bazen haren erretratua, banatzen zen eta etxeetan eta saltegietan eta denetan ezartzen zen.

Gerla gorabehera, Parisen hazi zinen zu. Han egin zenituen ikasketak.

Gaizki abiatu nintzen ikasketetan. Sartzean, hamabost egun lizeoan eta, bat-batean, eritu nintzen eta hiru hilabete pasatu nituen ospitalean. Gosea eta beste gauza asko izan ziren. Gero, berriz abiatu nintzen ikasten, baina nekez abiatu, beti atzerapenekin nintzen. Hinki-hanka ibili nintzen. Gainera, Zuberoako azentu bitxia nuen frantsesez mintzatzen nintzenean, eta galdetzen zidatenean, “euskalduna naiz”, esaten nuen beti. Beti. Burges semeen eskola zen, gehienbat. Eta ez nuen paristar lagun bat ere izan, burgesak ez baitziren gurekin gurutzatzen. Lagunak egin ditut bretoiak, eta bat vietnamdarra.

Bretoiak zure bidean. Jon Mirandek ere lagun zituen bretoiak.

Bai. Bretoiak Montparnassetik iristen ziren Parisera. Nire lagun bretoi bat dantzazale eta kantuzalea zen. Esan zidan bazutela bretoi etxea, eta han bretoiera ikasten hasi nintzen. Egun batean esan zidaten euskaldunak joatekoak zirela bretoi etxera, dantzari eta kantariak. Joan nintzen, eta euskaraz hasi nintzen, pixka bat, ahantzia bainuen. Dena konprenitzen nuen, baina hitz egiteko oztopoak nituen. Galdetu nien euskaldun haiei nondik helduak ziren, eta Parisetik helduak zirela. Entzutea banuen abertzaleak bazirela Parisen, baina ez nekien non deabru ziren. Euskal gobernuaren delegazioaren etxean biltzen zirela esan zidaten.

Argazkia: Zaldi Ero.

Eusko Jaurlaritzak Marceau karrikan zuen ordezkaritzaz ari zara.

Euskalduna nintzelarik, euskaldunekin harremanetan sartu nahi nuela esan nien, eta esan zidaten zein egunetan biltzen ziren. Eta joan nintzen. Ostegunean biltzen zirela uste dut, arratsaldeko zazpietan, kanta probak egiteko. Okertu nintzen, eta ordu bat lehenago heldu nintzen. Sartu nintzen ordezkaritzara eta behean inor ez. Igo nintzen lehen solairura eta han gizon batek, zer ari nintzen. Nik, euskalduna nintzela, eta han biltzen zen euskaldunen taldekoa izan nahi nuela. “Zergatik?”, galdetu zidan berak, eta nik, euskalduna eta abertzalea nintzelako. “Bada, euskaraz ikasten duzunean ikusiko dugu abertzalea zaren!”. Hurrengo batean, berriz, horrela ekin zion: “Euskaraz ondo ikasten baduzu, eta Euskadi maite, abertzalea zara, baina ez nazionalista. Etxe honetan badira dena gaztelaniaz ari direnak, sekula ez dute hitz bat euskaraz egiten. Horiek nazionalista dira, ez abertzaleak!”.

Nor zenuen modu horretara leziatu zintuena?

Andima Ibiñagabeitia. Kar, kar… “Euskarazko mintegiak egiten ditugu, gramatika ikasteko, jadanik euskaraz badakien batekin. Hain xuxen, zuberotarra da”. Eta joan nintzen, baina ez zen erraz, batean kantuak egiten zituzten, bestean dantzan, hurrengoan euskarazko mintegi haiek. Baina joan nintzen eta hantxe ezagutu nuen, Jon Mirande. Hamasei urte nituen.

Andima Ibiñagabeitia, batetik. Jon Mirande, bestetik.

Adiskide handiak ziren. Jon Mirandek, adibidez, ez zuen konfiantzarik nirekin. Eskutitz batean idatzi zion Andimari: “Ez aipa holakorik Txomin eta haren anaiari”. Ez dakit zer zen ez aipatzeko hori, zeren eta Andimak eta Jon Mirandek beren sekretuak baitzituzten. Mirandek bazuen beste adiskide bat konfiantzazkoa, Jon Etxaide. Mirandek urtero astebete egiten zuen Jon Etxaideren etxean.

Argazkia: Zaldi Ero.

Urte askoan Jon Miranderen gainean mintzatu behar eta zuregana jo dute batzuek eta besteek.

Hori ere bai, baina besterik ez zegoelako. Andima hila zen. Orain, uste dut azkena naizela ezagutu zutenen artean. Nork ezagutu du, nork ikusi du Mirande bizirik? Haritxelarrek eta Xarritonek. Eta horiek ere hilak dira. Mirande bipolarra zen, bazituen depresio aldiak, pesimismoz beteak, eta beste aldi batzuk, baikorrak. Baikorra zenean hasten zen idazten, abertzaleekin nahiz erregezaleekin ibiltzen zen. Pesimismoak jota zebilenean, kasu! Hiru aldiz nahi izan du bere burua hil, eta hirugarrenean lortu.

Zerk bultzatu zintuen idazten hastera?

Andimak esan zidan: “Idatzi behar duzu, zeren eta ez baita idazle gazterik, alde batetik, eta bestetik, horrela ikasten baita hizkuntza. Idatziz ikasiko duzu”. Eta, hala ere, etxean aita eta ama euskaraz aritzen ziren, nik dena konprenitzen nuen, baina hitz egin… Urte baten buruan hasi nintzen euskaraz hitz egiten. Txipitan, omen, euskaraz hitz egiten nuen. Eskolara joan eta galdu nuen. Zuberoan izan nintzenean, berriz hartu nuen. Anaiak, berriz, beti jakin du.

Andima Ibiñagabeitia, bultzatzaile.

Berak bultzatu ninduen ni, bultzatu gintuen. Hilean behin, gutienik, elkartzen ginen eta elkarri azaltzen idatzitakoa. Andimak esaten zuen: “Gai guziak erabili behar dira, baita jendea eskandalizatzen bada ere”. Mirandek 1947an idatzi zuen lehenbiziko poema, eta zer idatzi zuen? Soneto bat, gipuzkera osotuan, erranez behar duela bere burua hil.

Harremanik bazenuten Euskal Herriarekin?

Iparraldearekin, zero. Harremanak, Hegoaldearekin. Bazen etxe bat Baionan, Beyrisen. [Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza. Villa Izarra]. Hegoaldera joan behar ginenean, handik pasatzen ginen. “Pakete hau eramango duzu?”, esaten ziguten. Beyrisetik Donostiara. Paperak generamatzan, e!, ez zen zartagailurik!

Norekin zineten harremanetan Hegoaldean?

Donostian ikusten genituen Juan San Martin, Imanol Laspiur, Serafin Basauri, Koldo Mitxelena, Aingeru Irigarai, Gotzon Egaña, Telefunken [J.J. Azurtza]… Horiek animo ematen zuten. Bestalde, bazen Egan aldizkaria ere, eta ez zen sobera gaizki egina. Akuilatzen gintuen. Ez genuen besterik. Andima [Ibiñagabeitia] han zegoen bitartean, 1953 arte, bera genuen bultzatzaile: “Idatzi, idatzi!” esaten zigun. Eta Jon Mirandek orduan idatzi zuen gehiena. Hasteko, poema gehienak, 1947tik 53ra idatzi baitzituen.

Diktadurapean Hego Euskal Herria.

Idazten genuen, baina irakurleak? Hegoaldean bai, baziren irakurle batzuk, eta laguntzaileak: [Teodoro] Hernandorena bazen, hark berotzen gintuen. Iparraldean, oro kontra. Abadeak, hasteko. Hemen, abade batzuek esan zuten eskatuko zutela Vatikanoaren indexean ipiniak izan zitezen Miranderen idazki guziak. Uste dut [Piarres] Lafitte jarri zela harremanetan Justo Mokoroarekin Bilbon, joan zedin gotzainaren ikusterat, eta esan zion: “Bada gure gazteentzat oso kaltegarria izango den idazle bat, Jon Mirande. Haren idazki guziak debeka litezke?”. Eta gotzainak erantzun zion: “Debekatzen baditugu, hobeki salduko dira”. Horretan bukatu zen Mokoroarena. Mokoroa, Xabier Kintanaren idoloetako bat, baina esaten diot: “Zure idoloak, nire etsaiak, gehienak. Ez ditut maite”.

Idazten hasi zinen, Andimak agindurik…

Inork ez zuela idazten esaten zigun Andimak, eta idazten hasi nintzen, eta jarraiki behar ukan dut. Non daude besteak? Hasieran hiru ginen, gero 30, orain ez dakit zenbat garen.

Hogeitaka liburu publikatu dituzu. Inoiz esan izan duzu asko idatzi duzula, “beharbada, gehiegi”.

Bai, gehiegi. Mirandek eta biok ez genuen berdin erreakzionatzen. Mirande haserretzen zen ikusten zuenean euskaldunen kultura gabezia. Ni, aldiz, ez nintzen haserretzen, idazten nuen, sortzen nituen Gatu beltza, Aintza txerriari eta holako gauza arinak, zeren eta ikusten nituen jendeak euskal literatura serioa egiten, gauza aspergarriak. Umore pixka bat ez bada, ez da ezer. Azkenean, denek ulertu dute, uste dut. Gabriel Arestik bai, ulertu zuen behar zela umorea. Baita [Bernardo] Atxagak ere. Zorionez.

Gehiegi idatzia, gutxiegi irakurria Txomin Peillen?

Frantses literaturan galdetzen duzu duela 35 urteko idazle baten izena, eta gazteek ez dakite. Eta besteek ere, ez asko. Ahaztea normala da. Uste dut ez dugula aski egin gure lanak denek irakurtzeko moduan ipintzeko, interneten. Zeren eta, azkenean, ez baitugu irabazten. Idazleok ez gara aberasten. Dena interneten sartu, eta libre.

Andimak Parisen idatz zenezan akuilatu zintuenetik hona aldatu da gure egoera.

Gauza bat bakarrik esango dizut: hain guti ginen, ez genuen elkar jaten. Ez genuen elkar ausikitzen. Orain badira ausikizaleak. Badira morroi batzuk onenak direla sinisten dutenak, eta hori frogatzeko, behar dituzte beste guziak beheratu. Lehen ez zen horrelakorik, nahiz eta batzuetan hori pentsatu jendeek. Arestik Miranderen lana publikatu zuen, Aresti komunista zen, Mirande ez. [Antonio] Arrue frankista zen, karlista, baina Egan aldizkaria eta euskarazko beste lan asko lagundu zituen. Orduan ez zen orain bezala…

Euskal etxea

“Parisen bazen euskal etxea, baina bi kategoria baziren han: euskaldun peto-petoak, batetik, jende sinpleak, eskola gutikoak, euskaraz ongi zekiten. Joaten ziren euskal etxera ardoa edatera eta musean aritzera; urtean behin, bertsolari jaia ere bazen. Bestalde, baziren hitzaldiak, non euskotar abertzaleak agertzen baitziren; erdaldunak, gehienak”.

Mirande, Le Pen

“Egun batean, bazen sari bat, bretoi hizkuntzaren saria. Han joan zen Mirande. Jean-Marie Le Pen ere joan zen, bretoiak lagun baitzituen, eta han ezagutu zuten elkar biek. Le Penek esan zion Miranderi mitin bat zuela laster, eta gomitatu zuen. Eta Mirande joan. Mirandek berak kontatu zidan, azkeneraino egon zela mitinean, baina ez zuela maite izan: ‘Txepelak dituk! Eta, gainera, jakobinoak!”.

Azken hitza: El escritorzuelo de Montmartre

“(…) Berrogeita hamar bat
Liburu eginik
Ez hintzela idazle
Onartu huen hik.

Zuzentzaile bazuten
Euskadi aldean
Hire euskara txarra
Zuzentze lanean.

Euskaraz bost idazle
Baizik ez zenean:
Hire asto boneta
Irabazi huan;

Euskaltzaindi handian
Sartu hintzenean
Boneta birestali
Txapelaren pean.

Orain aldiz Baionan
Marraka gainean
Katu bazkatzen habil
Horik pentsamenduan”.

(Txomin Peillen, bere buruaz.
Maiatz aldizkaria, 2016ko larrazkena)

Kanal hauetan artxibatua: Txomin Peillen  |  Baiona  |  Paris

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude