Cedric Herrouk ez daki iheslariak abandonatzen mugako mendietan

  • Frantzia eta Italia arteko mugan, Ventimiglia eta Metonen goiko aldeko Roya ibarreko herrietan bizi diren jendeak, gune minbera batean kokatu dituzte geografiak eta gobernuek migrazioak oztopatzeko erabakitako neurriek: autopistaz edo trenez ezinda, milaka errefuxiatu afrikar paperik gabeko barneratzen dira paraje menditsuotan Parisera arin iristeko ametsez. Antzina kontrabandoa ezagutuko zuten haran honetan orain asko dira mugalari humanitarioak. Hona baten historia.

‘The Guardian’ egunkariaren ‘The Valley Rebels’ dokumentaletik hartutako irudian, Cedric Herrou Breil-sur-Royako plazan agur esaten bere etxaldean aterpetuta eduki duen iheslari eritrear bati, Roya Citoyenne elkarteak agintariekin errefuxiatu multzo baten
‘The Guardian’ egunkariaren ‘The Valley Rebels’ dokumentaletik hartutako irudian, Cedric Herrou Breil-sur-Royako plazan agur esaten bere etxaldean aterpetuta eduki duen iheslari eritrear bati, Roya Citoyenne elkarteak agintariekin errefuxiatu multzo baten egoera nola edo hala moldatzeko bermea lortu ondoren. Iheslariak, lehenago, kameraren aurrean laburbildu ditu sorterritik mendiotara iritsi arteko ibilaldi latzaren xehetasunak.

Maiatzak 24, asteazken goiza Breil-sur-Roya (Frantzia, Italiako mugan) herriko tren geltokian. Sudan, Txad edo Somaliatik iritsiak dira, gerra, miseria eta diktaduretatik ihesi. Nice Matin egunkariko Benoit Guglielmik sarean jarritako bideoan aurpegi irribarretsua ikusten zaie.

Gehienak Cedric Herrou baserritar gaztearen etxaldean daude aterpeturik, Roya haranean. Bezperan dei egina zien agintariei, ia ziento bat lagun joango zirela agintarien esku beren buruak jartzera. Berak eta Roya Citoyenne elkarteko boluntarioek lagunduko diete bidaian, ordubete trenez Nizaraino.

Nizan etorkin ilegalekin batera prentsaurrekoa emango dute boluntario eta abokatuek, iheslariontzako soluzio global eta efikazak eskatuz. Ondoren, etorkin eta laguntzaile, Estienne-D’Orves natur parkera doaz, pic-nic txiki bat jan, janzkiak banatu eta legezko paper kontuak egiten elkarrekin hasteko. Frantsesez, ingelesez, beste hainbat hizkuntzatan interprete inprobisatuekin… funtzionarioengana joan aurretik lanak aurreratuta eramateko.

Front Nationalek indar handia du Itsas Alpeen departamenduan. Eskuinak salatu du boluntariook beren laguntzarekin etorkin ilegal gehiago erakartzen dutela Frantziara. “Hori pitokeria da –dio Herrouk– ondo begiratzen baduzu guk agintariei  laguntzen diegu nolabaiteko kontrol bat edukitzen Frantziara iristen diren etorkinez”. Poliziak parketik kanporatuta, nonbait pasa beharko dute hurrengo gaua: prefetaren egoitzaren aurreko plazan egon beharko dute. Paper eskariak aurkeztuta, erantzuna jaso arte onik irauteko boluntarioen laguntza beharko dute.

Cedric Herrouk ez du jokabidea aldatu joan den urtarrilean bertan auzitegiek 3.000 euroko isuna eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten arren. “Ezer ez egiteak gizakion aurkako krimenaren konplize bihurtuko ninduke”, esan zion jujeari epaiketan, gutxienez 200 etorkin ilegal pasatzen lagundu zuela aurpegiratu ziotenean. 1979an Nizan sortua, neorrurala da, kaletik mendira etorritako baserritar berria. Olibak eta oiloen arrautzak merkatuetan saltzetik bizi da. The Guardianek apirilean aurkeztu du Herrouk eta bere lagunek egiten duten mugalari lana Haraneko errebeldeak (The Valey Rebels) dokumentalean.

Hasten da jarraituz auto txiki baten ibilera gauez Italiako muga aldeko errepide bihurrietan. Telefonoz deitu diote Herrouri. Leku jakin batera iritsitakoan, sei iheslari afrikar azalduko dira ilunpetik eta kotxean sartu. Horrela izaten da gau askotan muga alde honetan.

Urtarrilean espetxe zigorra –bete beharrik gabekoa, berriz okerrik ez egitekotan– jaso zuenean, kazetariek galdetu zioten ea jarraituko zuen: “Arazoak segitzen baldin badu, nik berdin jarraituko dut. Jendea daukat etxean eta zaindu behar ditut. Ez dagokit bereiztea zuriak eta beltzak, legezkoak eta ilegalak. Ez da nire lana, ni baserritarra naiz, nire lana da jendea elikatzea”.

Herrouk Roya haranean dauka etxaldea, eta poliziak mugak itxi dituenetik hortik pasatzen dira Frantziara Italiako azken geltokiraino, Ventimigliaraino, iritsitako etorkin gehienak. Lehenbizikoz atxilotu zuten zenbait andre eta ume eritrear Ventimiglian hartuta etxeraino eramateagatik, polizia italiarrek frantsesei jakinarazita. Orduko hartan prokuradoreak erabaki zuen ekintza humanitarioa egin zuela.

60 iheslari kanpin humanitarioan

Geroztik Herrouk Roya Citoyenne  elkartearen babesean laguntzen du. Laster, jendea iritsi eta iritsi, 60 baino gehiago baserri txiki baten inguruetan ahal bezala aterpeturik, elkartea hasi zen etorkinak sartzen SNCF tren konpainiaren instalazio abandonatu batzuetan. Bigarren atxiloketa orduan, okupazio ilegalagatik eta etorkinak Frantzian legearen kontra sartzeagatik.

“Hiru eritrear adin txikiko zeuden karabana honetan bideo bat ikusten, heldu ziren poliziak eta taka! eraman zituzten. Etorkinak erabiltzen dituzte kartoizko kaxak bailiran, traban baldin badaude hartu hemendik eta eraman horra. Baina gizakiak dira! Jendeak, beren iragan eta desioekin, familiak zain dauzkatenak, gizon bat edo emakume bat elkar maite dutenak, beren haurrak eta gurasoak maite dituztenak, Italian geratu edo bidean hil zaizkien gurasoengatik negar egiten dutenak. Ez dira kartoizko kaxa puta batzuk!”. Baina traba egiten dute.

Libian milioi bat migratzaile daude zain, bakoitzari lau edo bost mila euro kobratuta Saharaz beheko herrialdeetatik kontrabandistek ekarrita. Handik Mediterraneoa zeharkatuz Lampedusa uharte italiarrera. Hemendik Italiako lehorrera, penintsula behetik goraino zeharkatuta Frantziako mugara iristeko.

Ventimiglia eta Menton arteko tren eta autopistak oso kontrolatuta daudenez, etorkin asko saiatzen dira Roya haranetik, Italiako lurretan itsasoratu baina Frantzian sortzen den ibaiaren arroan gora: Breil-sur-Roya, Saorge, Tende, Sospel… Errepideak bezain traketsa da hemen muga.

Bailarako herritarrek ehunka etorkini eman diote babesa. Nathalie eta Raphaël antzerki munduan dabiltza eta etxera bidean gauez aurkitu dituzte sarri, berdin elurretan galduta. “Lehenbizikoz norbait hartu nuenean, bazkalondoko 14:30ak ziren, ni haur txikiarekin nindoan eta bidean ikusi nuen norbait oinez sekulako ekaitzaren erdian. Hiru ziren, oso gazteak. Hartu beharra neuzkan. Gau osoa oinez emana zuten, trenbidean zehar. Nora zihoazen galdetuta ‘Parisera’ esan zidaten, baina kontrako norabidean zihoazen, ‘ez zoazte Pariserantz, berriro Ventimigliara zoazte’ eta hori entzundakoan lehertu egin ziren”.

Errefuxiatu bakoitzak dakar historia bat kontatzeko, sarritan irrifarrea erabat galdu gabe gertakizunik latzenak azaltzeko, gerrak, kanporatzeak, kartzela aldiak, torturak, itsasoaren zeharkatze dramatikoa, urpean lagatako lagunak… Asko adin txikikoak dira.

The Guardianeko kazetariak filmatzen ari direla, Herrouk Breileko plazan arrautzak saltzen dituen bitartean, jendarmeak etorri zaizkio. Kortesiazko bostekoa. Elkarrizketa surrealista. Elkarlan derrigortuan ari dira mugalari boluntario susmagarria eta beren buruek urrun agindutakoak lekuan aplikatu behar dituzten poliziak. Ageri da elkar errespetatzen dutela. Diote poliziek autobus bat datorrela adin txikiko errefuxiatuak aterpetxe batera eramatera, non daude, ez daukat mobila deika hasteko, ekarri behar dira gaztetxoak, nola ez duzue aurretik jakinarazi, deitu adin txikikoak aterpetuta dauzkaten guztiei… Poliziak zerrendak osatzen, autobusak zain, mutikoen besarkadak boluntarioei, eta badoaz. Baina etorkin asko da Europarako bidean, uholde hau ez da agortuko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Eguneraketa berriak daude