Ana Malagon, idazlea

"Errazago identifikatzen gara miseriarekin istorio alai-alaiekin baino"

  • Ana Malagonek bi profil ditu Twitterren, baina, beraren esanetan, ez dira bi pertsona ezberdin, hizkuntza dute irizpide. Batean, ingelesez eta gaztelaniaz idazten du, euskaraz bestean: “Gauza globaltzat jotzen dugu internet, baina badirudi euskal txiosfera eta Madrilgoa aparteko mundutan bizi direla”. Gaiarekin ere badu zerikusirik: oro har, erdaretan gehiago idazten du lanaz; literatura, ordea, euskaraz egiten du. Ana Malagonen alderdi bi horiei (eta beste hainbati) erreparatu diegu elkarrizketa honetan.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2017ko maiatzaren 21a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Ana Malagon Zaldua (1978, Donostia)

Ikus-entzunezko ikasketak egin zituen, eta gaur egun zerbitzu eta proiektu digitalak diseinatzen ditu La Personnalité etxean, Goio Telletxea bazkidearekin. Gaztetatik izan du gustuko idaztea. Samuraitasuna blogean saiatutako mikro-ipuinak argitaratu zituen lehenik Lasai ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014) liburuan. Gelditu zaitezte gurekin (Elkar, 2017) lanean, berriz, tempo luzeagoko narrazioak bildu ditu.

Gelditu zaitezte gurekin liburuaren kontra-azaleko biografiak dio ikus-entzunezko ikasketak egin zenituela eta proiektu eta zerbitzu digitalak diseinatzea duzula ogibide. Noiz eta nola hasi zinen horretan?

Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen, berez, gidoilaria izan nahi nuelako. Madrilera joan nintzen gidoigintza ikastera, eta gero Donostiara bueltatu nintzenean saiatu nintzen mundu horretan sartzen, baina ez zuen funtzionatu, eta publizitate-agentzia batean hasi nintzen erredaktore. Blogen kontua sortu zenean, katxarreatzen hasi nintzen, gustuko ditudalako ordenagailuak-eta. Lanean, eskatu nuen off line publizitatetik sareko publizitatera pasatzeko, eta han ezagutu nuen nire lankide eta bazkide den Goio Telletxea.

Hain zuzen ere horrexeri buruz galdetu nahi nizun orain. 2008an sortu zenuten La Personnalité, proiektu eta zerbitzu digitalak diseinatzen dituen etxea. Zerk hauspotu zintuzten?

Ikusi genuen aplikazioak-eta halakoak sortzen ari zirela eta mundu hori esploratu nahi genuen. Bazegoen merkatua eta bazegoen beharra diseinuaren aldetik. Nahi genituen egin interesatzen zitzaizkigun proiektuak, ez webgune korporatiboak, baizik eta zerbaitetarako balio dutenak edo pertsonei laguntzen dietenak. Jendearen esperientziak hobetu nahi genituen diseinuaren bidez.

Zer egiten duzue zehazki?

Programa bat erabiltzen duzunean, posta elektronikoa edo Twitter bera, norbaitek pentsatu behar ditu horiek denak. Tradizionalki, ingeniarien eta programatzaileen mundua izan da, baina orain geroz eta balio handiagoa dauka erabiltzaileen esperientziak. Adibidez, gure apustua izan da industriako softwareak jorratzea, lantegietako operarioek-eta erabiltzen dituztenak, zeren horiek diseinu bat behar dute, langileen bizitza hobea izan dadin eta gauzak azkarrago eta modu erosoan egin daitezen. Demagun aplikazio batek balio duela makina bat konfiguratzeko. Bada guk pentsatzen eta diseinatzen dugu nola izan daitekeen aplikazio hori ahalik eta sinpleena eta erabilgarriena.

Hauxe da zuen lema: “Proiektu eta zerbitzu digitalak diseinatzen ditugu, kariño eta printzipioekin”. Printzipio falta handia al dago alor profesional horretan?

Batzuek oso modu erreaktiboan egiten dute lan, irizpiderik eta norabiderik gabe: hau eskatu didate, ba hau egingo dut. Adabakiak ipiniz bezala. Guk lema horrekin oro har adierazi nahi dugu diseinuaren printzipio batzuk dauzkagula, eta ez dugula, adibidez, botoi bat besterik gabe ipintzen, eskura datorkigulako soilik.

Zeintzuk dira zuen irizpideak?

Norantza bat behar duzu eta ulertu behar duzu zer ari zaren diseinatzen. Horretarako ikasi behar izaten dugu, adibidez, nola konfiguratzen den tren bat edo nola funtzionatzen duen biltegi batek, eta lan exigentea da, baina guk ezin dugu diseinatu ulertzen ez dugun zerbait. Batzuek hala egiten dute, jakina. Diseinua ez da gauzak polit jartzea, ez da txapa eta pintura, diseinua da forma eta funtzioa. Diseinua ez da ingeniariek pentsatu dutenari kolorea jartzea eta apaintzea; pentsamenduaren prozesu guztian egon behar duzu, bestela ez dakizu zertan ari zaren.

Eta maitasuna?

Maitasuna da dena ematen dugulako. Xehetasunak zaintzea oso inportantea da, azken batean, xehetasunetan nabaritzen da aldea. Ikusten duzu zerbait hasiera batean oso itxura ona daukana baina gero, aix! Halakok edo halakok ez du funtzionatzen. Detaile guztiak zaindu ezean, nonbait aterako dira itoginak.

Argazkia: Dani Blanco.

Bezeroekin tratuan ere nabaritzen al da maitasun hori?

Bai, zintzotasunean. Bezeroei ezin diezu esan zerbaitekin ados zaudela benetan ados ez bazaude. Hori da beste printzipio bat. Gero, ondo azaldu behar diezu zergatik ez zauden ados, noski, eta bezeroek estimatzen dute. Pertsona jakin batzuek jendea kontratatzen dute amen esan diezaien, baina gehienek egia esan diezaietela nahi dute. Ez duzu dirua gastatzen jada badakizun hori inork baieztatzeko, baizik eta zure ikuspegia osatuko duen begirada lortzeko.

Ana Malagon idazleaz hitz egin nahi nuke orain. Orain dela hiru urte argitaratu zenuen Lasai, ez da ezer gertatzen mikro-ipuin liburua eta orain dela hilabete eskas, berriz, Gelditu zaitezte gurekin ipuin-liburua. Ez dakit esan ote dizuten jada, baina, bi izenburuak segidan ipinita, esaldiak zentzua dauka: Lasai, ez da ezer gertatzen; gelditu zaitezte gurekin.

Egia da. Oso apelatiboak dira biak, eta antzekoak izan daitezke. Ez dut nahita egin, baina biak dira asko entzuten ditugun esaldiak: lehenengoa guk esaten dugu asko, nik bai behintzat, eta bestea askotan entzun dugu telebistan. Akaso horixe da: esaldi oso-oso ohiko bat hartu eta izenburu gisa jarri.

Zer gertatu zen Lasai, ez da ezer gertatzen argitaratu zenean?

Aspalditik idatzi nahi nuen liburu bat, eta hainbat arrazoirengatik ez nuen lehenago egin. Behin egiten duzunean lasaitua hartzen duzu, eta listo. Egia esan, ez zen ezer gertatu. Jendeak zoriontzen zaitu liburua idazteagatik eta ematen du kristorena egin duzula, baina gero oso gauza xumea da, ez du inoren bizitza aldatuko, ezta zurea ere. Liburuak idazteari jartzen diogu halako epika bat edo erromantizismo puntu bat, eta ez da hala. Tokatu zitzaidan pare bat irakurle taldera joatea, elkarrizketa batzuk egitea, nire burua azaldu behar izatea eta gauza batzuen inguruan teorizatu behar izatea horien atzean teoriarik egon ez arren, baina nire bizitza dira nire lana eta nire ingurua, eta horiek ez ziren aldatu. Beste gauza batzuk ekarri zizkidan, noski, batez ere, ikusi nuen kapaz nintzela liburu bat idazteko, baina egunerokoan ez zuen ezer jarri hankaz gora. Nire bizitza ez da literatura, nire bizitza beste gauza batzuk dira.

Nola hasten zara istorio bat idazten?

Ez naiz barneak husteko idazten duen horietakoa. Ni idazteak behartzen nau pentsatzera, nire buruari galdetzen diot ea zer pentsatzen dudan halakori edo halakori buruz, eta horrela hasten naiz idazten. Gero oso modu ezberdinean islatzen da, edo pentsatzen dudanaren aurkakoa ateratzen da, baina hain azkar bizi garenez eta pentsatzeko hain denbora gutxi daukagunez, idaztea bada modu bat tarte bat erreserbatzeko honi edo beste horri buruz pentsatzeko. Gero, hainbat iturri daude, adibidez, irratian entzun dudan istorio bat, edo irakurri dudan zerbait…

Gai bati buruz pentsatzen hastea da abiapuntua, ados, baina nola bilakatzen da hausnarketa ipuin?

Egoerak pentsatzen ditut, ea zer egingo lukeen ni ez den norbaitek edo halako ezaugarri hauek dituen norbaitek egoera horretan.

Irakurle-talde batean esan omen zizuten oso tristeak zirela zure mikro-ipuinak eta hurrengoan egiteko mesedez istorio alaiagoak. Ez duzu hala egin. Sarri aipatu didate gai hau, literatura “tristearena”; zergatik ematen du bazka gehiago?

Ez daukat erantzunik, tristeak diren istorioek ez daukate balio gehiago berez. Kontua da, akaso, nire ikuspegia nahiko pesimista dela, eta nahiz eta ipuinetan nire iritzia ez agertu, badagoela egoerei begiratzeko modu jakin bat. Baina mundua nahiko kaka da, ezta? Nire inguruan, adibidez, ez dago istorio alai asko, nahiz eta istorio bereziki tristeak ere ez izan. Benetan pentsarazten edo mugitzen zaituzten istorio gehienak ez dira alaiak izaten… Erakargarriagoa da miseria. Gehiago identifikatzen gara miseriarekin istorio super-txatxiekin baino. Oso mesfidatiak gara, eta gipuzkoarrak are gehiago.

Bigarren liburu honetan hiltzaileago zaudela esango nuke: 14 ipuinetik 5ean hiltzen da jendea, eta denetatik dago: istripuak, suizidioak, erailketak, heriotza “naturalak”…

Niretzat, bizitzaren parte inportanteena da heriotza. Gertatzen zaigun gauzarik esanguratsuena da. Zahartzen ari naizenez, gainera, geroz eta garrantzi handiagoa dauka. Egunerokoan ez gara horretaz konturatzen, baina hortxe dago heriotza, edo heriotza ez, baizik eta hilkortasuna, hilkorrak garela eta une hori iritsiko dela, eta nola markatzen gaituen horrek gure arteko harremanetan eta tira-biretan. Niretzat gai garrantzitsua da. Sarri saihesten dugu, eta gainera, geroz eta gehiago jo da heriotza ezkutatzera. Gure aurrekoek harreman naturalagoa zeukaten horrekin, guk ez hainbeste: guk tanatorioak ditugu lehen etxean genituen hildakoak gurean ez egoteko. Heriotzatik geroz eta gehiago aldentzen saiatzen ari gara, salbatuko garelakoan, baina ez gara salbatuko, oraingoz ez behintzat.

Argazkia: Dani Blanco.

Leialtasunari buruz idatzi nahi omen zenuen eta amaitu duzu zaintzaz idazten. Zergatik nahi zenuen landu leialtasuna?

Gaur egungo auzietako bat hori da, fideltasun falta. Gauzak geroz eta aldakorragoak dira, geroz eta arazo handiagoak ditugu garenari edo besteari eusteko, baina badaukagu barne-gatazka horrekin: alde batetik libre izan nahi dugu, baina beste alde batetik beldurra diogu bakardadeari. Fidel izan nahi dugu gure buruarekin, baina kontraesanak ditugu, eta aldi berean nahi ditugu kontraesan horiek libreki eduki; aukera guztiak nahi ditugu zabalik. Gai horiek neuzkan buruan bueltaka eta jorratu nahi nituen hainbat modutara.

Zer lotura dago zaintzaren eta leialtasunaren artean?

Ez nuke esango sinonimoak direnik, baina fideltasunak badauka zaintzaren parte handi bat. Bizitzan hainbat fase pasatzen ditugu: lehenengo zaindu egiten gaituzte, gero zaintza hori hautsi nahi dugu, eta lagunak zaindu, gero gure burua zaindu nahi dugu, gero bikoteak daude edo ez daude… Nik uste dut fideltasuna mantentzeko edo hausteko, pertsona edo ideia edo gu garen hori zaintzen dugula, edo zaintzeari uzten. Azken batean, fideltasuna ureztatu egin behar da eta zaintzaren bidez ureztatzen dugu besteak beste.

Gelditu zaitezte gurekin liburuko pertsonaiak, askotan, egin behar edo egin nahi luketenaren ataritan geratzen dira. Bidegurutze batean daude, eta gauzak aldatu nahi lituzkete, baina ez dute egiten.

Presio-eltze batean daude, eta ematen du eztanda egingo dutela, baina azkenean ez dute egiten. Oso gutxitan lehertzen gara. Badaude pertsona konbustibleak, baina denok pentsatu dugu noizean behin pikutara bidali nahi genukeela dena, eta azkenean ez dugu egin eta geunden tokian gelditu gara fideltasunaren ondorioz. Beldurra diogu aldaketari. Eta fideltasunak badu zerikusirik beldur horrekin. Zenbatek ez du bikotekidea edo lana edo gauza asko uzten etorriko denaren beldurragatik? Etorriko dena okerragoa izango al da, ala hobea? Gure buruari galdetzen diogu hori, baina ez daukagu erantzuna entzuteko behar den borondatea.

Presio-eltzeak beti eutsi diezaioke gehiago?

Hori pentsatzen dugu, bai. Gero, presioa askatzen da zirrikitu batetik, ez da eztanda handi bat baina bada ihesbide bat gutxienez, eta horrela jarraitzen dugu aurrera. Eztanda handirik egin duenik, jende gutxi ezagutzen dut, nik neuk ere ez dut egin.

Pop kultura

“Liburuan oso presente dago, asko gustatzen zait. Irakurketa ironikoa egin behar duzu, jakina, bestela ez dauka graziarik. Herri honetan tematuago gaude esate baterako telebistaren irakurketa kritiko serioak egiten, baina ironiaz landuko bagenu, GIFak [animazio laburrak] eta eginez, gauza sakonagoak ere azal genitzake, eta bestelako emaitzak lortuko genituzke; besteak beste barre gehiago egingo genuke”.
 

Familia

“Familia asko agertzen da liburuan, zeren, harreman inposatu bat denez, askorako ematen du. Behartuta gaude ia-ia biologikoki horri eustera baina bakoitza den modukoa da eta beti ez da hain erraza hor irautea. Familiak asko ematen du, baina asko kentzen du, uste dut orokorrean esan daitekeela hori; gizartearen ikuspegitik onargarrienak diren familietan ere badaude zauriak, barkatu beharrekoak, barkatzen ez direnak…”.
 

Donostia

“Beti izan gara udatiarren hiri bat, baina su-etenaren ondoren bihurtu gara gauza askoz ere erakargarriago bat eta asko bultzatzen ari dira turismoa kolore politiko guztiak. Baina turismoaren ondorioz izugarri igo dira alokairuak, ostalaritzak enplegu prekarioak dakartza… Bartzelona hartu dugu eredu, baina ez dut uste ezeren eredu denik, eredugarriagoa iruditzen zait Brighton adibidez. Kezkaz bizi dut hiria, iruditzen zait azkenean bota egingo gaituztela”.

Kanal hauetan artxibatua: Ana Malagon  |  Heriotza

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude