Esklabo zoriontsuak

Gizaki guztiak, jaiotzez, berdinak garela esaten badizuet, begi-bistakoa dela erantzungo didazue. Halere, egun hauetan, Espainiako Errege eta ingurukoei buruz esandakoak ikusi eta irakurtzean, pentsatu dut, auzi honek baduela zeresanik.

Iruditzen zait, jendeak ez duela gehiegi sinesten gizakien benetako berdintasunean. Sakonean, zera uste izaten dugu: batzuek besteak baino baliotsuagoak direla, eta horiek badutela hobeto bizitzeko eskubidea.

Bi ideia hauek adierazten dute noraino dauzkagun barneratuta liberalismoaren oinarrian dauden mitoak. Sinestarazten digute, jendartean bi talde daudela: aberastasuna sortzen dutenak, eta besteak, agintari izateko egokiak, eta lanerako eginak; gurtuak izatea merezi dutenak, eta arruntak. Sinestarazten digute, gainera, “baliotsuek” ordainez ondasunen bat jaso behar dutela, egindakoaren truke. Betiko merkatuaren legea, dimentsio bakarreko jendartean.

Atenasko demokrazia aipatzen dugu, sarri, berdintasunari buruz ari garenean, baina ahaztu egiten zaigu “hiritar” haiek, gehienbat, bertako eliteak zirela, eta hortik kanpo esklabotza eta menpekotasuna besterik ez zegoela. Jendarte modernoaren hasieran, ilustratuek Egalité aldarrikatu zuten, baina, aurrekoen antzera, berdintasuna zergak ordaintzen zituzten elite burgesari bakarrik zegokion.

Hogeigarren mendean, sufragio unibertsalarekin, pentsarazi digute denok garela hiritar, baina elite horiek sistema burokratikoaren muturrean, agintzen jarraitzen dute. Geuk uzten diegulako.

Espainian ez zen inoiz iraultzarik egin, eta elite burgesak elite feudalarekin bat egin du. Bikoiztu egin zaigu, zoritxarrez arazoa. Jendartearen laurdenak langabezian dirauen artean, ikusi behar, sistemaren eskaileratan, zenbat lausengatzaile, zurikatzaile dagoen; ikusi behar, zenbat ustezko hiritar dagoen morroi, jopu eta mendeko izateko irrikan.

Harrigarria zenbat jende “ilustratu” dagoen, Erdi Aroko hondakin baten aurrean burua makurtzeko prest, zerbaiten eske belaunikatzeko prest, boterearen bueltan mesederen bat jasotzeko desioan, besterik ezean, leialtasun instituzionala aitzaki.

Esango didazue, orain, euskal jendartea ez dela horrelakoa, gu “desberdinak” garela... Ziur? Nire herriko jaietan, udal agintariek (ordezkari behar luketenak), dotore-dotore jantzita, elizatik udaletxera desfilatzen dutenean, dantzarien agurra jaso eta gero, udal banda entzutera joaten dira. Abesti ezaguna dago errepertorioan, Esklabo zoriontsuak deritzona.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


2024-04-28 | Edu Zelaieta Anta
Duda-muda

Ramadana bukatzear zela sortu zen zalantza irakasleen artean: familia musulmana duten ikasle batzuek adierazia zuten, ramadanaren amaieraren ospakizuna zela eta, ez zirela egun horretan joanen gelara. Ekintza horren bidez –aipatu zuen irakasle batek– argi gelditzen... [+]


Eguneraketa berriak daude