Emakumeak Hollywooden, fikzio hutsaren hurrengoa

  • New Yorkeko Film Akademiak generoaren ikuspuntutik aztertu berri du Hollywoodeko zinemagintza. Eta ikerlanak ez du estereotipo zaharkituak hautsiko dituen emaitza harrigarririk eman. Hollywoodeko industrian genero berdintasunik ez dagoela bagenekien, baina orain zenbakiek baieztatu dute.

Jennifer Lawrence The Hunger Games: Catching Fire filmeko protagonistaren rolean.
Jennifer Lawrence The Hunger Games: Catching Fire filmeko protagonistaren rolean.

Gravity azken urteko filmik arrakastatsuenetakoan Sandra Bullock aktorea bizirauteko gogor borrokatzen den rolean aritu da, normalean testosteronaz gainezka egiten duen generoan. The Hunger Games: Cathching Fire akzioko filmak ere dirutza bildu du takilletan. Bertan, Jennifer Lawrencek bigarrenez Katniss Everdeen arkulari estoiko eta erabakiaren rola jokatu du, etorkizun duinagoa bere eskuetan duen borrokalariaren rola. Generoaren ikuspuntutik, AEBetan ekoizten diren filmak, munduan gehien ikusten direnak eta, beraz, publikoan eragin handiena dutenak, genero berdintasunetik hurbilago dauden ilusioa sor dezakete bi adibide hauek. Baina Hollywood espezialista da ilusioa sortzen, itxurakerian, ondo errotutako kontserbazionismoaren gainetik progresismo faltsuzko berniz geruza fin baina distiratsua ematen.

New Yorkeko Film Akademiak Genero Berdintasunik eza zineman izenburuko txostenean ez ditu filmen edukiak aztertu, Hollywoodeko film industrian, kameraren aurrean nahiz atzean, lanean ari direnen datuak bildu ditu, pantailan islatzen den desberdintasuna zenbakitan emateko. Hain zuzen, The Hunger Games: Catching Fire filmak estreinaldian izan zuen arrakastak bultzatu zituen erakunde horretako arduradunak emakumeak AEBetako zinemagintzan aurrera egiten ari ote diren ikertzera.

Emakumezko rolak aztertzen ditu lehenik txostenak, 2007tik 2012ra bitartean diru gehien bildu duten Hollywoodeko 500 filmetan oinarrituta. Testua duten rol guztien %30,8 besterik ez dira emakumeentzat. Oso gutxi dira gizon eta emakume portzentaje berdintsua edo emakumezko rol gehiago duten filmak, hamarretik bat baino ez. Emakumeak zuzendari lanetan daudenean emakumezko rolen datua gutxi igotzen da (%10,6), are gutxiago emakumeek gidoia idazten dutenean (%8,7). Baina pantailan gutxiago agertu arren, emakumeek gehiago “erakusten” dute; emakumezko aktoreen %26,2 “partzialki biluzik” agertzen dira txostenaren arabera, eta soilik gizonen %9,4 biluzten dira gidoiak eskatuta. Ikerketaren lehen atala biribiltzeko, New Yorkeko Film Akademiak emakumeak eta gizonak zine aretoetara berdin joaten direla gogorarazten du. Ekoizpen horiek erdibana ordaintzen dituztela, alegia.

Begirada kameren beste aldera eramanda, datuek okerrera egiten dute. Oro har, AEBetako film industrian jarduten duten sei langiletik bakarra da emakumezkoa. Daturik “positiboena” dokumentalen zuzendariena da; %34,5 emakumeak dira. Baina 2012an etekin handienak izan zituzten 250 filmen zuzendari gehienak (%91) gizonezkoak izan ziren, eta, larriagoa dena, portzentajea ez da aldatu 1998tik. Emakumezko gidoilarien kopurua bi puntutan igo da azken 16 urtean, %13tik %15era. Ekoizle exekutiboenak, aldiz, puntu bat egin du behera eta %17an geratu da. Ekoizleen eta editoreen portzentajeek ez dute aldaketarik izan (%25 eta %20, hurrenez hurren).

Desberdin sarituak

Industriako ordainsari altuenak, Hollywoodeko aktore izarrenak, hartu dituzte aintzat soldatetan dagoen aldea azaltzeko. 2013an diru gehien bildu zuen emakumezko aktoreak, Angelina Joliek, 33 milioi dolar irabazi zituen; Robert Downey Jr. gizonezko aktoreak 75 milioi dolarreko dirutza egin zuen. Jolie gehien ordaindutako aktoreen zerrendan 9. postuan dago, Denzel Washingtonekin berdinduta. Orotara, gizonezko 10 aktore garestienek 465 milioi dolar jaso zituzten, eta 10 emakumezkoek 181 milioi, Forbes zerrendaren arabera. Lan bakarrarengatik jasotako 16 txeke potoloenen zerrendan ez da emakumerik ageri.

Soldata puztuez gain, aktoreek eta zinemagintzako bestelako langileek, hainbat sari jasotzeko aukera dute. Txosten honek Oscar sariak hartu ditu oinarri. Akademiako sarien 86. ediziotan soilik lau emakumezko zuzendari izendatu zituzten saridungai. Zerrenda 1976an ireki zuen Lina Wertmüller italiarrak, Seven Beauties filmarekin. 1994an Jane Campion zuzendariak jaso zuen nominazioa The Piano filmarengatik, eta 10 urte geroago Sofia Coppolak Lost in Translation filmarengatik. Azken nominatua eta zuzendari onenaren saria jaso duen emakume bakarra Kathryn Bigelow da; The Hurt Locker pelikulari esker jaso zuen oscarra 2010ean eta, filma zuzentzeaz gain, ekoizle lanetan ere aritu zen. Urte horietan guztietan zazpi izan dira ekoizpen onenaren saria jaso duten emakumeak, baina zazpiak koprodukzioan, hau da, saria gizonezko lankideekin partekatuta.

Iaz, Oscarren 85. edizioan, 140 gizonezko nominatu zituzten 19 kategoriatan. Emakume nominatuak, aldiz, 35 izan ziren. Eta kontuan hartu behar da horietatik 10 ezinbestean izendatu zituztela saridungai, emakumezko aktore nagusi onenari eta bigarren mailako emakumezko aktore onenari dagozkien ataletan.

Emakumezko aktoreentzat adin jakin batetik aurrera rolik ez dagoela dioen topikoa hausten ari den itxaropena piztuko zaio inori aurtengo sarietan nominatuak eta sarituak izan direnen zerrendari erreparatuta. Hor daude Meryl Streep (64 urte), Emma Thompson (54), Sandra Bullock (49), Julia Roberts (46) edo Cate Blanchett (44). Baina, batetik, aktore horien argazkiei erreparatuta, batez beste 20 bat urte gutxiago dituztela ematen du. Eta, bestetik, berriro ere, datuak subjektibotasunari gailentzen zaizkio: 2000. urtetik aurrera oscarra jaso duten gizonezko aktoreen batez besteko adina 44 urtekoa da; emakumeena, 36 urtekoa. Aldea are nabarmenagoa da gehien ordaindutako aktoreen zerrenda aintzat hartuz gero: diru gehien irabazten duten 10 gizonezkoen batez besteko adina 46,5 urtekoa da; emakumeena, 34,8 urtekoa.

Azaleko protagonismoa

Aurtengo Hollywoodeko zinema sari banaketa ekitaldi nagusietan, industria kontserbatzaileak atarian aipatutako berniz geruza ematen asmatu du, datuek erakusten duten errealitate gordinaren gainetik. Urrezko Globoak Tina Feyk eta Amy Poehlerrek aurkeztu dituzte. Oscarrak aurkezteko, berriz, Ellen Degeneres aukeratu dute bigarrenez, iazko ekitaldian Seth McFarlane aurkezleak botatako txiste misoginoak estali nahian-edo. Hiruak emakumeak, eta hiruak 40 urtez gorakoak. Degeneres lesbiana da gainera eta, hala, bi kupo harri bakarraz bota ditzakete (lastima aurkezle ezagunaren ezaugarri kaukasiarrak oso nabarmenak direla).

Baina emakumeak sari banaketen aurretik izan ohi dira benetako protagonistak. Alfonbra gorrian maniki hutsen rola jokatzen dute. Duela aste batzuk, AEBetako aktoreen sindikatuak banatzen dituen SAG sarien aurretik, azken urtean sari gehien jaso dituen Cate Blanchett elkarrizketatu zuten alfonbra gorrian. Gainerako emakumezko aktoreekin egin bezala, kamera lotsagabea haren gorputzaren plano labur mantsoa egiten hasi zen oinetatik gora, inoizko antzerki eta zinema aktore bikainenetakoak elkarrizketatzailearen galdera hutsalei erantzuten zien bitartean: “Nork diseinatu du soinekoa? Norenak dira zapatak? Eta osagarriak?”. Orduan, aktore australiarra kameraren ibilbideaz jabetu eta makurtu egin zen, gailuaren begiarekin erdibidean topo eginez. “Gizonei gauza bera egiten al diezue?”, galdetu zuen. Elkarrizketatzaileak irri urduriz erantzun zion.

New Yorkeko Film Akademiaren arabera, “datuak aztertu ondoren, argi dago Hollywood trabatuta dagoela genero kontuetan”. Egungo film industria komertzial nagusian baikor izateko motiborik ez dagoenez, Hollywoodetik kanpo eta etorkizunean dute itxaropena. Batetik, 2013ko Sundanceko Zine Jaialdian aurkeztu ziren lanen zuzendarien zerrenda oasia da gizonen basamortuan: lehenengoz emakumezko zuzendarien portzentajeak %50eko muga gainditu du. Baina jaialdi horretan AEBetako film independenteak eta atzerriko lanak eman ohi dituzte, gero zabalkunde eskasa izaten dutenak. Bestetik, etorkizunean industria horretan zer esan handia eman dezaketen emakumeak aipatzen dira txostenean: Lake Bell, In a World filmeko aktore, ekoizle, zuzendari eta gidoigilea; Dee Rees, Pariah filmeko gidoigile eta zuzendaria; Sarah Polley, Go filmeko aktorea eta Stories We Tell filmeko gidoigile eta zuzendaria; Jill Soloway, Six Feet Under telesail bikainaren ekoizle eta gidoigilea...


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude