Mobilizatzeak ez duela ezertarako balio?

  • Joan den asteko lorpena da: Madrilgo osasungintza pribatizatzeko inoiz diseinatu den planik bortitzena bertan behera geratu da, urte eta hiru hilabete iraun duen mugimendu herritarrari esker. Hona eraginkor suertatu den estrategia ereduaren hainbat gako.


2014ko otsailaren 09an

Helburua oso zehatza izatea. Madrilgo erkidegoan 2008an inauguratutako sei ospitale publikoren gestioa enpresa pribatuen esku uzteko plana geldiaraztea. Etsaia ere, ondorioz, oso zehatza izan da: plana sustatu eta aurrera eraman nahi zuen Madrilgo Gobernua –Ignacio González popularraren agindupean–. Proiektuak 5.000 bat langilerengan eta 1.200.000 biztanleren osasun-zerbitzuetan zuen eragina.

Proiektuaren argudioak desmuntatzea. Ez da zaila izan, inongo datu fidagarri eta zehatzik eman gabe “argudiatu” baitzuen Lasquetty Osasun kontseilariak –LOMCEren oinarriak ere diseinatu zituen Faes Fundazio neoliberaleko kideak– ospitaleen kudeaketa pribatizatzeko “beharra”. Sektoreko profesionalek landutako dokumentuetan frogatu dute gezurra dela pribatizatzea eraginkorragoa eta ekonomikoki bideragarriagoa denik eta nahiko argi geratu da interes ideologikoak eta pastela lagunen artean banatzeko nahia zeudela atzean.

Langileetatik harago, herritarrak konbentzitzea. Mediku, erizain eta ospitaleetako langileek lortu dute Marea Zuria izeneko mugimendua herritarrengana iristea, ulerraraztea osasun publikoa ez dela soilik langileen kontua, herritar guztiok defendatu beharreko eskubidea baizik. Atez ateko lana ere egin dute, osasun zentroetan.

Kaleak hartzea, presio egitea, zerbitzurik gabe uztea… Bost aste iraun zituen erkidegoko medikuen greba mugagabeak 50.000 kontsulta bertan behera utzi eta 6.500 ebakuntza atzeratu zituen, besteak beste. Erabateko sei geldialdi-egun antolatu zituzten eta manifestazioak eta elkarretaratzeak ugariak eta jendetsuak izan dira Madrilgo kaleetan. 2012ko abenduan, 118 osasun zentroko zuzendaritza taldeek dimititu egin zuten, pribatizazioen aurkako neurri gisa.

Antolatzea. Koordinatuta, plan orokor bat jarraitu dute: diru-bilketa, adituen iritzi eta txostenak, egutegi bat, sinadura bilketa, estrategia mediatikoa (sare sozialak barne)…

Oihartzuna lortzea. Aurretik aipaturiko ekintza eta neurri guztien ondorio izan da hedabideetan izandako oihartzuna.

Bide judiziala. AFEM medikuen elkarteak eskatuta, txosten legala burutu zen 2013an, plana Espainiako Konstituzioaren aurkakoa zela baieztatzen zuena. Auzitara jo zuten ondoren eta Madrilgo Epaitegi Gorenak arrazoia eman die: “zuhurtziaz indargabe” utzi du PPren pribatizazio plana.

Desgaste politikoa. Auzitegiak prozesua eten duen arren, eta ez ilegalizatu, amore eman du Madrilgo presidenteak eta dimititu egin du Osasun kontseilariak: bertan behera utzi dute pribatizazio plana. Politikoki oztopo eta zama bihurtzea izan da lorpenaren funtsa. Azken finean, politikoki –datozen hauteskundeak ere buruan– desgaste izugarria izango litzateke proiektuarekin tematzea. Horretarako, aurreko puntu guztiak izan dira beharrezkoak.

Haserre daude herritarrak, kalea denona dela aldarrikatzeko gogoz, eta Euskal Herrian ere ugari dira adibideak. Azken lorpena gurean, mugimendu herritarren presiotik abiatuta erraustegia eraikitzeko proiektua bertan behera uztea –Madrilgo eredutik desberdintzen den bidea egin duena–. Abortuaren erreforma, etxe-kaleratzeen legea, LOMCE, Falloux Legea, AHT... Erronkak ez dira gutxi eta komeni da eraginkorrak izan diren estrategia batzuk eta besteak aztertzea, herritarren boterea baliagarria izan dadin.


ASTEKARIA
2014ko otsailaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude