Etxebarrieta, Pardines, Oteiza eta Egiguren

Jesus Egigurenek bere azken liburuan, Arantzazuri buruz ari dela, hauxe dio: “Zirrara eragin zidan han esan zidatenak, hots, –Oteizak– bere maisulan ezagunena, Jesus lurrean gorpu eta halakorik gertatzen uzteagatik Ama Birjina Jainkoa madarikatzen ari denekoa, ETAk lehenengo hilketa –Pardines guardia zibilarena– egin zuen egun berean amaitu zuela, eta Oteizak esan zuela: ‘Eskultura hau Pardinesi eskaintzen diot, bera da lurrean datzan Jesus, eta Ama Birjina Pardinesen ama da, halako bidegabekeriagatik Jainkoari errieta egiten ari dena’” (Ven y Cuéntalo. El oasis vasco).

Niri harridura Egigurenen adierazpenak eragin zidan, hain justu ere beti kontrakoa entzun izan dudalako, hau da, Arantzazun hamalau apostoluen gainean dagoen Pietatea Txabi Etxebarrietari eskaini ziola Oteizak 1968an.  Ez dut uste honetaz zalantza handirik dagoenik (ikus Pelay Orozco: Oteiza. Su vida, su obra, su pensamiento, su palabra, 516. or.). Beraz, nola liteke egitate berari buruz hain bertsio kontrajarriak sortzea gure artean? Nondik atera du Egigurenek bertsio hori? Ez dut uste bera gezurretan edo asmakerietan dabilenik. Arantzazun esan diotela? Ba, ez da Arantzazun normalean ematen den azalpena. Orduan? Niri bi gogoeta sortzen dizkit istorio nahasi honek:

1. ETAren sorreratik gaur arte gertatuaren kontakizun objektibo samar bat egiteko dauden zailtasunak. Izan ere, batzuek azken urteotako ikuspegitik nahi lukete irakurri ETAren historia osoa eta konplexua; eta beste batzuk erosoago daude pentsatuz hasierako ETA hura berbera izan dela azkeneraino iritsi zaiguna.

2. Baina agian profetiko edo metaforiko samarra da Oteizak Arantzazun utzi zuen eskulturari buruzko nahasmen hau. Beharbada, Arantzazuko ama hori bien ama izango da, bai Etxebarrietarena eta bai Pardinesena, eta ez batena ala bestearena, biek (biktima guztiek) izan dituztelako ama sufritzaileak, eta guztien amak aritu direlako, ez dakit Jainkoari, baina bai politikari, agintari, eragile eta gainerako herritarroi agiraka, hemen hainbeste urtetan gertatu dena lehenago ez konpontzeagatik! Hau ulertzea lagungarri izan liteke adiskidetzeko bidean. Azkenean ez ote zuen horixe adierazi nahi izan Oteizak berak geroago 90eko hamarkadan biei, Txabiri eta Pardinesi, Tolosaldean oroigarri bana eskaini zienean?

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude