Aldarrikapenaren erretratu linguistikoa

  • Tamalez, kaleak langileen aldarriz, pankartaz eta hizki handiz idatzitako mezuz mukuru dira. Lanik gabe geratu diren edo soldatarik kobratu ez dutenen elkarretaratzeei erreparatu diegu, protestan darabiltzaten karteletako hizkuntza aztertu asmoz.
     

Gauza bat da sindikatuek zein hizkuntza irizpide dituzten eta beste bat kalean zer ikusten den.
Gauza bat da sindikatuek zein hizkuntza irizpide dituzten eta beste bat kalean zer ikusten den.

“Murrizketarik ez. Respetad los acuerdos”; “No a los recortes sociales. Gizarte eskubideen alde!”; “Prego kanpora. Prego dimisión”; “Personal de Cocinas en lucha. Pribatizaziorik ez”.

Noiznahi eta nonahi ari gara irakurtzen horrelakoak. Gutxi batzuetan baino ez dira euskara hutsean;  euskaraz eta gaztelaniaz ageri ohi dira kartelak Hego Euskal Herriko kaleetan; eta sarri gaztelaniaz. Lelo horiek, kartelok, paisaia linguistikoa osatzera datoz. Eta nola prestatzen dituzte mezu horiek? Nola zehazten da grebetako eta lan uzteetako aldarriak zein hizkuntzatan egingo diren?

Hainbat sindikatutan jo dugu atea. Ondorio nagusi bat atera dugu: gauza bat da sindikatuak kanpora begira ezarria duen hizkuntza politika, eta beste bat, Gipuzkoako Urola Kostan edo Arabako lautadan enpresaren batean hautsak harrotzen direnean, praktikan alegia, pankartan mezua nola idazten den.

ELAk eta CCOOk argi adierazi digute ideia hori. CCOO sindikatuak esan digunez, asmoa dena ele bitan egitea da eta hori transmititzen diete sindikatuko langile, ordezkari eta atal sindikalei. Lan gatazkatan, eta bestela ere bai, enpresako ordezkari sindikalak beren kabuz moldatzen dira eta sindikatuko Euskara Sailak ez du parte hartzen. Izatekotan ere, itzulpenen bat egiteko laguntza eskatzen diote sindikatuaren Euskara Sailari. CCOOk paisaia linguistikoa ele bitan egiteko oztopo handienetakoa afiliatuen hizkuntza gaitasuna da. Askok ez dakite euskaraz, eta beraz, bi hizkuntzetan aritzeko arazoak dituzte. Sindikatuaren hitzetan, “horrelakoetan Euskara Sailera edo lankideengana jotzen dute”.

Leire Txakartegi ELAko euskara arduraduna da eta sindikatuaren hizkuntza irizpidea argitu digu: “Hego Euskal Herrian gaztelania hutsez ez da inoiz egin behar”. Bi aukera daude, beraz: edo euskaraz eta gaztelaniaz, edo euskara hutsean. Badakite ez dela gauza bera Nafarroako Erriberan aritzea edo Bizkaiko Arratian, baina irizpidea bera da. Beste kontu bat da, lehen adierazi dugun moduan, irizpidea betetzea: “Batzuetan lortzen dugu eta besteetan ez. Atal sindikal bakoitzak bizitza propioa dauka eta batzuetan ihes egiten digute”. Bestalde, Txakartegik azpimarratu du begiratu behar dela enpresa batzordeetan sindikatu bakoitzak duen lekua, “sindikatuak ez baitu paisaia linguistikoan eragiteko ahalmen bera bederatzitik bateko ordezkaritza badauka edo alderantziz”.

Paisaia bai... eta euskara plana?

Edurne Larrañaga LABeko euskara idazkaria da. Hizkuntza paisaia zaindu behar den zalantzarik ez du, baina gehiago kezkatzen du enpresek euskara planik ez izateak, zuzendaritzak eta langileek osatutako euskara batzorderik ez egoteak. Barne mailan, LABek komunikazio eta lan hizkuntza euskara dela adostua dauka, beti ere errealitate soziolinguistikoak kontuan hartuz. Politika horretara iristeko, kanpotik barrurako bidea egin dela dio, alegia, lan mundutik (lantegietan diren ordezkari euskaldun eta euskaltzaleengandik) egiturara.

Sabino Zugazaga Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako LABeko ordezkaria da Euskotrenen. Euskara planik gabe dagoen enpresa publikoa da garraio erakundea; PSOEren agintaldian eten egin zen EAJren garaian indarrean zegoen plana. Zugazagak, Larrañagak bezala, garrantzi handia ematen dio euskara plana izateari. Paisaia linguistikoari dagokionez, eta berdin aldarrikapen garaia iristen denean, Euskotrenen LABek irizpidea garbi du: lehenengo eta nabarmenduta euskaraz, eta ondoren gaztelaniaz. Zugazagak azpimarratu du, halako egoeratan hizkuntza irizpidea betetzeko egitekoa atzeratu behar badute atzeratu egiten dutela. Enpresa batzordean ez dago horrelako konturik; ELA, LAB, CCOO, UGT, CGT, ESK eta Lankide daude, eta behin baino ez du gogoan bilera euskaraz egin zutenekoa, nahiz eta hamabi ordezkaritatik sei ELAkoak eta LABekoak izan.


ASTEKARIA
2013ko otsailaren 03a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Mingainak astindu ditu Iruñeak

Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.


Milaka lagun batuko dira Nafarroaren Egunaren kari Baigorrin igandean

Egitarau aberatsa muntatu du beste behin Basaizea elkarteak: bertsolariak, dantzariak, gaiteroak, txarangak, herri bazkaria, merkatua eta kontzertuak. "Folklorismotik haratago", euskararen zilegitasuna aldarrikatuko dute Baigorritik apirilaren 28an.


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Eguneraketa berriak daude