Nafarroaren defentsa? Ongi

Duela aste batzuk, lagun baten etxean, bazkalondoan erausian ari ginelarik, inkesta bat egiteko deitu zuten telefonoz. Erantzuleak Nafarroako egoera politikoaz zer zekien eta zer iritzi zuen zen jorratu beharreko gaia, belarria lagunaren ihardespenetara zuzenduta ondorioztatu ahal izan nuenez (gainerako gonbidatuekin solasean segitzeko planta egiten nuen bitartean). Noizean behin, karguak botatzen zituen nire lagunak –hori Hezkuntza kontseilaria da, bertze hori Ekonomia kontseilaria; a, ez, azken hori ez dakit nor den–, eta bertze zenbaitetan, zenbakiak –hirutik seira bitarte, gehienak–, politikari jakin batzuei nota jarri beharrez. Ez dut aipatu, baina nire laguna eta biok ez gatoz bat kontu politiko gehienetan: PSNren jarraitzaile da bera, betidanik. Horregatik, esku bat –edo, tira, ezkerreko eskuko behatz bat– emanen nukeen nire ustez altuegi ziren sei horiek nori edo zeri ematen ari zitzaizkion jakite aldera. Memento batean, ni adi-adi nengoela, erantzuna eman baino lehen, inkestatzaileak egin galdera ere errepikatu egin du. Hona nire lagunaren hitzak, euskarara ekarriak: “Nafarroaren defentsa? Ongi”.

Daitort: ezin politagoa iduritu zitzaidan Nafarroaren defentsaz galdegite hori. Lehenik eta behin, argi erakusten duelako, inkesta batean, ideologiaren zama maiz galderaren gainean doala, erantzuna edozein delarik ere. Ez nekien erasopean ginenik, zirikatu nuen laguna. Baina, batez ere, argi frogatzen duelako noraino ditugun sartuak, Nafarroan behinik behin, pentsamolde jakin baten kodeak. “Nafarroaren defentsa” aditu, eta nire lagunak ez zuen zalantzarik batere izan (ezta nik ere), galdetzaileak ez zuen gehiago zehaztu beharrik izan. Berehala ulertu genuen ez zuela Nafarroaren defentsa murrizketen aitzinean erran nahi, edo UPSNko gobernuaren zitalkeriaren aurka. Ez.
Bere motzean, galdera ezin zehatzagoa zen, eta guk bederen ezin esanahi zehatzago eman genion: abertzaletasunetik Nafarroaren nortasunaren kontra heldu diren erasoen aurkako defentsa zen bi hitz xalo horien azpian zegoen mezua. Eta, erran bezala, guk ulertu.

Esaldi konplexu, luze eta ideologikoki izugarri zamatu hori natural-natural bi hitz itxuraz neutrotan biltzea lortu izana da navarrismoaren garaipen handiena. Kode bat asmatu, eta gizartean hedatu dute, arruntean banalizatu den arte. Nafarroa ulertzeko modu bat defendatzea, politika jakin bat aitzinat eramatea, arerio politikoa baztertu eta (batzuetan) kriminalizatzea, eguneroko hizkuntzan Nafarroaren defentsarekin berdindu dute. Eta horretarako, ideologiarik ez dutenek ere erosten duten egunkaria izan dute lagun. Eskelen estakuruan, pentsamolde navarrista zoko guzietaraino ailegatu da, atzemangaitz bihurtzeraino. Nazionalismo banala deitzen zaion horri: inkestako galdera motz horren azpiko egitura ikusezin horri. Eta, hain zuzen ere, ikusezina delako da hain eraginkorra. Inolako azalpenik gabe ere, abian paratzen ditu gure barneko mekanismoak: Nafarroaren defentsa? Ongi.

Sozialista da nire laguna. Azken bolada honetan, PSNz galdeginez gero, politikari guziak berdinak direla da haren arrapostua. Etsita dabil. Baina etsipen militantea da harena, ez baitio utzi PSN bozkatzeari. Politikari guziak berdinak dira, baina, aukeran, segi dezatela betikoek, bertzenaz abertzaleak ailegatuko baitira boterera. Susmoa dut nire lagunaren jarrera PSNko hautesle anitzena ere badela: espainolista sutsuak izan gabe, barneratu egin dute abertzaleak indar arrotza direla Nafarroan, eta zilegitasuna soilik PP, UPN eta PSN (eta, beharbada, IU) alderdien artean banatzen dela. Nazionalismo banalaren emaitzak. Horra agerian utzi eta kritikatu beharreko diskurtsoa, Nafarroaren defentsaren inguruko galdera xelebre eta ulergaitz bihurtzen den arte.


ASTEKARIA
2012ko ekainaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude