Abasolo auzia

Indultuak zabaldutako zauriak

  • Paul Abasolo futbolaria espetxean sartzear zegoela, hark erasotako emakumeek irakurri zuten Oviedoko taldean jokatzen hasiko zela. Handik ia urtebetera, Zapateroren azken Ministroen Kontseiluak indultatu egin zuen. 1995eko Zigor Kodeari jarraiki epaitutako sexu erasotzaile bakarra indultatu du Espainiako Gobernuak: Paul Abasolo Amantegi.

Maria Gonzalez
2012ko apirilaren 01a
Bost eraso salaketetatik, hirugatik kondenatu zuten jokalaria, hiru urte eta hiru hilabeteko espetxealdira. Zapateroren Gobernuaren indultuari esker, kalean da. Real Oviedo taldean, 2. B mailan, jokatzen du egun (goiko irudian).
Bost eraso salaketetatik, hirugatik kondenatu zuten jokalaria, hiru urte eta hiru hilabeteko espetxealdira. Zapateroren Gobernuaren indultuari esker, kalean da. Real Oviedo taldean, 2. B mailan, jokatzen du egun (goiko irudian).

Ertzaintzak 2007ko abenduan atxilotu zuen Paul Abasolo (Durango, 1984), Irungo Real Union futbol taldeko jokalari zela. Abasolori bost delitu sexista leporatu zizkioten: lau sexu eraso eta bortxaketa bat. Handik bost hilera, 30.000 euroko fidantza ordainduta, espetxea utzi eta futbolera bueltatu zen, emakumeei eraso egitea bizitza pertsonaleko kontua bailitzan. Irungo taldean oraindik beste urte bi egin zituen; gero, Lemoan jokatzen hasi zen. Bilboko Athleticek eta Salamancak, hasiera batean haien taldeetan nahi bazuten ere, azkenean atzera egin eta ez zuten durangarra fitxatu.

Paul Abasolo 2010eko maiatzean Bizkaiko Auzitegian epaitu zuten eta hiru abusu larrirengatik zigortu zuten, hedabide gehienek bere izenik argitaratu ez zuten arren. Epaiak hiru urte eta hiru hileko espetxe-zigorra ekarri zion. Auzitegiak prozesuaren kostuak ordaintzera ere kondenatu zuen. Hala ere, emakume guztiei ez dizkie kalte-ordainak ordaindu beharko, akusazio partikularrik izan ez dutenen kasuan, fiskalak ez baitzuen haientzat kalte-ordainik eskatu. Futbolariak urruntze-agindu bakarra jaso zuen, berriro ere fiskalak ez zuelako horrelakorik galdegin. Salaketa jarri zuen emakumeetako bat ez zen epaiketa egunean agertu, baina ez zen ikertu zergatik. Are gehiago, Estatuak ez zuen bere salaketa faltsutzat jo eta, horregatik, ez zuen emakumea behartu eragindako gastuak ordaintzera. Eta beste emakumeetako batek ezin izan zuenez erasotzailea taxuz ezagutu, bortxaketa salaketa hori ere bertan behera geratu zen. Izan ere, legezko froga nahikorik ezean, Abasolo horren egiletzat hartzeko zalantzak agertu zituen Bizkaiko Auzitegiaren epaiak. Hala, hiru erasogatik zigortuta, hamabost urteko espetxealdia izateko arriskutik hiru urte eta hiru hilabetekoa izan zen azken emaitza.

Abasolok ez zuen espetxean 2007-2008 bitartean emandako bost hilengatik kalte-ordainik eskatu. Bost eraso leporatu zitzaizkion hasiera batean, Gernikan izandako bost erasoen egileak bere ezaugarriak zituela-eta, baina aipatu moduan, bost salaketatik hirugatik zigortu zuten. Horrenbestez, espetxealdi prebentiboaren proportzionaltasunik ez dagoela argudia dezake Abasolok. Ez du, baina, horrelakorik egin. Alderantziz, Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuen, baina horrek ere hiru urte eta hiru hileko espetxealdia betetzeko epaia berretsi zion. Orduan, Espainiako Gobernuari eskatu zion espetxe-zigorrik ez betetzea.

Oinarririk gabeko indultua

Ez zirudien Espainiako Gobernuari eskatutako indultua aurrera atera zitekeenik, 1995eko Zigor Kodeari jarraiki epaitutako sexu erasotzaile bakar bat ere ez zuelako ordura arte Gobernuak inoiz indultatu. Zigor Kode horrek eraso sexistak 1973koak baino gogorrago zigortzen ditu.

Lehenengo eta behin, 1870eko Indultu Legearen arabera, delitu erdi-publikoetan, erasoa jasan duten emakumeei “entzun” egin behar zaie, indultua eman aurretik. Sexu erasoak delitu erdi-publikoak dira, hau da, salaketarik ipini ezean, ikertzen ez diren lege-hausteak dira. Hala ere, Paul Abasolok erasotako emakumeei ez zien Gobernuak indultuaren berri eman. Azken batean, emakumeak lege-prozesutik kanpo daude: ez dute erasotzaileak zigorra beteko ote duen jakiteko biderik, ez eta indultuari helegitea aurkezteko ere. Horrenbestez, Abasolok erasotako emakumeek ez dute aukerarik ere haien eskubideak Espainiako Konstituzio Auzitegian babesteko. Horretarako, epaiketan akusazio partikular bezala aurkeztu behar izan zuten, horrek dakarren gastu ekonomiko handiari aurre eginez. Beraz, erasoa jasan ez ezik, gastu ekonomikoa ere euren gain hartzeko eskatzen du Justizia Administrazioak, buruzagi politikoek erasotzailea zigorrik gabe uzteko ahalmena duten bitartean.

Bigarrenik, indultua emateko betekizunen artean, beste lege-hausterik egin ez izana eskatzen diote zigortuari, eta hiru sexu eraso egin izana egiaztatu zuen Bizkaiko Auzitegiak. Hortaz, Abasolok ez zuen lege-hauste bakarra egin, hiru baizik, baina hiru erasoek epai bakarra izan zuten. Beste aldetik, adin txikikoek gauzatutako lege-hausteen aurrekaririk ez da geratzen. Horregatik, Paul Abasolok 18 urte bete aurretik beste emakume batzuei sexu erasoak egin izan balizkie, ez ziratekeen indultua emateko kontuan izango. Lege-ondorioetarako, inoiz eraso egin izan ez balie bezala jokatzen du Estatuak, gizartearen elkarbizitzaren aurkako delitu larriak badira ere.

Azkenik, Bizkaiko Auzitegiaren epaiak Abasolok gauzatutako sexu abusuen “arriskugarritasuna” azpimarratzen du. Gernikako lehen erasoa kalean gauzatu zuen Abasolok. Salatutako azken hiruak, berriz, egun berean egikaritu ziren, bi orduren buruan. Hiru eraso horien krudelkeria agerikoa da: lehen biak sexu abusuak izan ziren eta hirugarrena, ustezko bortxaketa. Bizkaiko Auzitegiak azken eraso horren egiletza Abasolori egozteko zalantzak ikusi zituen eta ez zuen futbolaria zigortu. Zalantza kasuetan presoaren alde egiteko eskatzen du legeak, nahiz eta Bizkaiko Auzitegiak “arraro” iritzi zion Gernikan ordu berean “Abasoloren antzeko ezaugarriak” zituen bigarren erasotzaile bat aritzeari. Dena den, indultuak ezin dezake erasoen larritasuna gutxietsi. Gainera, espetxealdi prebentiboaren eta Bilboko Auzitegiaren zigorraren arteko proportzionaltasunik eza ez du arbuiatu Abasolok.

Horregatik guztiagatik, eta indultua sinatu ostean Espainiako Gobernuak inolako argudiorik eman ez zuela aintzat hartuz, Paul Abasolori emandako indultua futbolariaren sendiaren botere ekonomikoarekin lotu du hainbat hedabidek. Amaren aldetik, Urkiolako Parke Natural ondoko harrobietako jabearen ondorengoa da Paul Abasolo Amantegi. Azken batean, indultua erabaki politikoa da eta ez judiziala; hau da, Estatuak gizon baten eraso sexistak egiaztatzeko zenbait eragileren parte-hartzea ordaindu eta gero (Ertzaintza, epaitegia, epaileak…), emakumeen eskubide horiei uko egin diete buruzagi politikoek. Kontuak kontu, erasoa jasan duen emakumearen eskubideak bakarrik ez, gizartearen elkarbizitza babestea ere bada epaien helburua.

Erasotzaile sexisten desmitifikazioa

Sexu erasoa ez da alde bakarreko sexu harremana, indarkeria baizik. Horregatik, lege-haustea da eta ez gaixotasuna. Javier Urra psikologoak egiaztatu moduan, emakumeak erasotzen dituzten gizon matxistak ez dira gaixoak: “Badakite zer egiten duten eta egiten dutena egin nahi dute”. Erasotzeko unea aukeratzen dute. Jokabide sexistak justifikatzeko, Abasolok eraso zituen emakumeak “bere neska-lagun ohia eta koadrilakoak” zirela zabaldu zen. Baina emakumeek ez zuten elkarren berri. Erasotzaile sexistek jokabide matxista agerian dutela azaldu du Urrak: “Autoestimu altua eta egozentrismo handia dituzte”. Egindako kaltea gutxiesten dute eta emakumeenganako enpatia falta dute. Paul Abasolok kezka handia azaldu zuen epaiketan, legezko prozesuak bere futbolari karreran zein eragin izango ote zuen.

Kasu honek erasotzaile matxistak desmitifikatzen ditu: euskalduna da, familia aberatsekoa eta neska-lagun formala duen gazte ederra da. Gainera, futbolaria da, ospe eta prestigiodun kiroleko jokalaria. Berresten da eraso sexistek ez dutela desio sexualik asebetetzen, helburua emakumeak umiliatzea dela. Horregatik, zenbait erasotzailek ez dituzte emakumeak haien zakilekin bortxatzen, botilekin eta atzamarrekin baizik. Abasolo zigortzeko froga nahikorik aurkitu ez zuen bortxaketa salaketa azken horietakoa izan zen, egun hartan Gernikan bi orduren buruan gertatu zen hirugarren sexu erasoa, hain zuzen.

Abasoloren indultuak futbolariak erasotako emakumeen eskubideak urratzen ditu. Egindako sexu abusuak gutxietsi dituzten politikariek eraso sexistak salatzeko hamaika kanpaina egingo dituzte. Zergatik babestu dute, orduan, Paul Abasolo zigorrik gabe uztea?


Azkenak
2018-06-24 | Jon Torner Zabala
Umorea eta botere harremanak
Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti...

Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena korapilatu daiteke nahi bezainbeste. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteez ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin irakatsi egin digute?

Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, goitik behera maiz. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen. Naziotasun-identitateari heldu diogu... [+]


2018-06-24 | Axier Lopez
Munduko Kopak badu irabazlea

Estadio, taberna eta albistegietako orroak futbola ez den gainerako guztia estaltzen hasi dira, baita nazioarteko futbolarekin lotutako negozio ilun eta ustelak ere. 2015eko AEBetako fiskal nagusiaren hitzak ahanzturaren zingiran urperatu dira jada: “Futbolaren kupuletan agerikoa, sistematikoa eta sakonki errotutakoa da ustelkeria”. Errusiako gizonezkoen munduko futbol txapelketari begira izango dira 3.400.000 lagun, FIFAren datuen arabera. Eta badakigu kiroletik baino negoziotik... [+]


Mugimendu feministaren beste garaipen bat

Maiatzean Irlandan egin bezala, Argentinan ere mugimendu feminista garaile atera da Eliza Katoliko atzerakoiaren presioen gainetik. Diputatuen ganbera abortu legearen alde agertu da, hamaika urtean sei aldiz baztertu ostean.


2018-06-24
Neymarren orrazkera Aginagako angulak promozionatzeko kanpaina bat da

Aginagako angulagileek baieztatu dutenez, Brasilgo futbol selekzioaren Munduko Txapelketako lehen partiduan Neymarrek buruan zeraman beraien produktu berria: angulak curryarekin.


2018-06-24
"Small pintxos, great ostia" kanpaina, turistak kontzientziatzeko

Bilbon aurkeztu dute kanpaina, The World’s 50 Best Restaurants ekitaldian. Bezperan sukaldari gonbidatuek afaldu zuten Atxondoko Etxebarri erretegian eta, noski, barraskilo-zukuarekin erregositako pinaburuz betetako abakondo uzkiari laguntzeko txakolina edan behar, eta ondoren txupito eta klonklonklon batzuk, ba ideiarik onena nork botako lehian hasi eta hala amaitu zuela kontuak: “Small pintxos, great ostia” kanpaina, Akira Mamigutxi txef japoniarrak proposatua.


William A. Douglass. Amerikarraren erroak Nafarroan
"Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna"

Euskal Herrian barrena ibili da oraindik orain William A. Douglass antropologoa. Inork uste ez duela etorri ohi da, eta han eta hemen ibili ondoren hegaldatzen da berriz. Hemen denean, konpromiso ofizialak bete eta, hutsik gabe, beti da ateak zabaldu zizkioten herri bietan, Etxalarren eta Aulestin. Bertan ditu amerikarrak euskal erroak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude