"Etorkinen erregularizazio juridikoak gehiegikeria asko desagerraraziko lituzke"

  • Arriaga herria, Txiapas. Mexiko iparraldera doan trenaren zain, Erdialdeko Amerikatik heldu ehunka lagun biltzen dira egunero bidegurutze ezagun honetan. Bidean bahituak, atxilotuak eta bortxatuak izaten dira maiz. Heyman Vázquez erretoreak kudeatzen duen Casa del Migrante-k bestelako harrera eskaintzen die AEBetara lan bila doazen gizon eta emazte hauei; legediak ez ditu benetan babesten.

Egunean 50 pertsona inguru aterpetzen dituzte etorkinen etxean. "Lur eremu bat erosi, etxea eraiki eta arropa, osasun artatzeak, informazioa, ohea eta laguntza morala ematen dizkiegu".

Klima tropikala da lurralde honetan nagusi, sargoria eta hezetasuna urte osoan. 2002an etorri zen Heyman Vázquez bertara, apaiz. Errepideetan migrazio poliziak dituen kontrolen ekiditeko, Guatemalatik, oinez, etorkinak elizara etengabe heltzen zitzaizkion, aterpe eta janari eske. Errealitate horren aurrean, Vázquezek etorkinen etxea altxatzea erabaki zuen, ate joka zeudenei baldintza duinetan ostatu emateko.

2004an ireki zenuten aterpetxea. Nola doa geroztik proiektua?

Ez da aztia izan behar migrazioa egunez egun gorantz doala ohartzeko. Guk behar bati erantzun nahi genion, besterik gabe. Lur eremu bat erosi, etxea eraiki eta arropa, osasun artatzeak, informazioa, ohea eta laguntza morala ematen dizkiegu hona datozenei, bidean aurkitzen dituzten arriskuak murrizteko. Nahi badute, hiru egun geldi daitezke hemen. Mexikon halako 52 etxe daude orotara, gehienak ipar eta hego mugetatik hurbil. Denak elizaren laguntzari esker bizi dira.

Nor dator zehazki zuen etxera?

Gehienak Hondurasetik datoz, baita Erdialdeko Amerikako beste herrietatik ere, Nikaragua, Salvador edo Guatemalatik. Egunean 50 pertsona inguru aterpetzen ditugu. Datozenen batez besteko adina 20 eta 30 urte artekoa da, eta hamarretik bederatzi gizonak dira, nahiz eta estatistikek bestelakorik erran, etorkinen erdia emazteak direla alegia. Ez dakigu zenbatek lortzen duten AEBetara heltzea, asko Mexikon geratzen dira bidean dauden arazoengatik edo AEBetan lan eskasa dagoelako. Badira ere adin txikiko etorkinak, bakarrik etortzen direnak. Haur oso trebeak dira, narko-entzako biktima potentzial bikainak. 8 urteko mutil koxkor bat gerturatu zitzaigun behin. Ahalegin guztiak egin genituen berriz sorterrira eramateko. Narkoek halako jendeak bilatzen dituzte, bahitu, hezi eta haiekin lanean ezar arazteko.

Diru gehiago dutenak herriko hoteletan geratzen dira, eta coyote-ek ere [diruaren truke etorkin ilegalak Mexiko eta AEBen arteko muga zeharkatzen laguntzen dituztenak] badituzte beraien harrera etxeak. Arriagatik merkantzia trena astean bi aldiz pasatzen da, Ixtepec aldera. Harrigarria da astero zenbat jende dagoen trenaren zain. Batzuetan egunak pasatzen dituzte trenbide ertzean, euripean. Gero, bidaia oso nekagarria egiten zaie, batzuetan trenetik erortzen dira, bestetan extorsioak pairatzen dituzte.

Mexikon etorkinen alde bozkatu legeek zerbait hobetu al dute egoera?

Pixkanaka kontzientzia pizten ari da. Txiapas, duela gutxi arte, Mexikoko estatu arriskutsuena zen etorkinentzat. Ia denak lapurtuak ziren, emazteak sexualki bortxatuak, zauritu asko zegoen. Poliziak basaki jotzen zituen. Erietxeetan axolagabekeria handia zegoen, gaixoek ez zuten artarik jasotzen, eta egoera juridikoen hobetzeko edozein desmartxa administratibo egitea ezinezkoa zen. Jendarte osoa ari zen etorkinekin tratu txarretan. Legedi berriek ez dute errotik deus konpondu, baina orain arte ikusezina zen fenomenoa begi-bistako bihurtu dute azkenean. Noski, autoritateetako kideek berek ez dute askotan legeek diotena betetzen, baina teorian, gaur egun, etorkinak eskubideak ditu, hala nola segurtasun eta osasun eskubideak, baita justiziara jotzeko aukera ere.

Arriskuak lekuz aldatu dira? Mexiko iparraldetik berri latzak datoz sarritan.

AEBetako mugekin bat egiten duten estatuetan, polizia, gobernua eta lapurren arteko harremana estua da. Etorkinak diru sarrera erraza dira, 2.000 eta 4.000 dolar artean irabaz daiteke bahiketa bakoitzarekin. Coahuila estatuan, esate baterako, hango Casa del Migrantearen inguruetan kokatzen dira Zetas erakundeko sikarioak, ehizaren zain. Denek dakite hori baina inork ez du ezer egiten. Dendari, bankari eta abeltzain sare batek polizia eta lekuko botereak infiltratu ditu, enpresa-lapurreta moduko zerbait martxan daukate. Poliziak hogeita lau orduz etorkinen etxearen aitzinean egon behar luke zainketa lanetan, baina inoiz ez dira ageri.

“Arrisku mapa” bat ematen diozue etorkin bakoitzari. Zer dakar?

Arrisku natural eta humanoen gida bat da. Mexiko zeharkatuko dutelarik leku “beroak” non dauden jakin dezaten, eta etorkinen etxe guztien helbideak ere ukan ditzaten. 1996tik hona, adibidez, Arizonako mugan 1.200 hildako zenbatu dira, nahiz eta seguruenez askoz gehiago egon. Tucson hirira heltzeko lau eguneko ibilbidea egin behar dute basamortuan, eta hipotermia, deshidratazioa eta piztien erasoak jasaten dituzte. Gutxieneko ardura batzuen hartzeko gomendioa egiten zaie mapa horretan. Arrisku natural horiek paratzeaz gain, estortsioak, droga kartelak, detekzio sistema elektronikoak eta muga patruilak non kokatuak diren agertzen da.

Migrazioa. Hainbeste jende pasatzen ikusita, zer datorkizu gogora?

Lekualdatze bortxatua da. Ez da borondatez egiten, pobreziak du eragiten. Herri askotan ez dago duin bizitzeko aukerarik ustelkeriak eta egoera sozialak direla medio. Erdialdeko Amerikako familien diru-iturri garrantzitsuena AEBetatik lan egiten duten etorkinek bidaltzen dieten sorta da. Gehienek paperik gabe lan egiten dutenez, ohikoak dira AEBetan etorkinen kontrako sarekadak. Kartzeletan dauden hirugarren giza talde handiena dira. Visarik ez ukatea ala zaharkitua edukitzea, osasun inspekziorik gabe lan egitea delitu direnez, segurtasun nazionalaren izenean presondegiratzen dituzte, eta gehienak deportatzen. Gertatzen da mexikar batzuk Erdialdeko Amerikako beste leku batzuetara deportatzea: dokumenturik ez dutenez, autoritateek erabakitzen dute zein den beraien “sorterria”.

Zer falta da honen guztiaren normalizatzeko?

Erregularizazio juridikoa. Mexikon sartzeko, visa eskatzen zaie Erdialdeko Amerikako biztanleei, eta gehienek ez dute paper horien egiteko aukerarik. Ezkuturik, agiririk gabe zeharkatzen dute herria, horrek ditu hain ahul egiten. Errepresioak are gehiago indartzen du defentsa eskasia hori. Visa sistematikoki emanez gero, gehiegikeria asko desagertuko lirateke.


ASTEKARIA
2012ko urtarrilaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude