Arriskatzea da bide bakarra

  • Kafea edo produktu ekologikoak dastatuz saiakera bat irakurri ahal izatea; arte galeria, web consulting-a, eta liburu aurkezpenak eta hitzaldiak egiteko espazio soziala; liburuak webgunearen bidez mailegatu edo trukatu ahal izatea… Gure ondorengo protagonistek garai berrietara egokituz euren liburu-dendetan eskaintzen dituzten aukeretako batzuk baino ez dira.

Liburuak eskulturekin bizi dira Zarauzko Garoa liburu-dendan. Espazioari beste hainbat erabilera ere eman nahi dizkiote.
Liburuak eskulturekin bizi dira Zarauzko Garoa liburu-dendan. Espazioari beste hainbat erabilera ere eman nahi dizkiote.Dani Blanco

“Gaur-gaurkoz bi aukera daude: panorama ikusita ikaratzea, makurtzea eta ezer egin gabe geratzea, edota erronkari aurre egitea, ausardiaz eta arriskatuz”. Imanol Agirre zarauztar gazteak gisa horretan ikusten du liburu-denden etorkizuna Garoa liburu-dendatik. Flor Illarramendi ama, Imanol Agirre aita eta Eneko eta Imanol semeak daude Garoaren atzean, familia eta historia oso bat. 1973. urtean ireki zituen ateak gaur egun Zarauzko liburu-denda bakarra den honek, eta azken urtean semeek hartu dute haren lema, errelebo naturalari bide eginez. Orain arteko negozioari bestelako norabidea eman diote Garoaren bi espora hauek.

Liburuak eskaintzeaz gain, bai baitauka Garoak ohiko liburu-dendatik desberdintzen duen bestelako ezaugarririk, esaterako, erakusgai dauden Jose Luis Lasa artistaren eskulturak. Liburuen artean eta beheko solairuan daude paratuta. “Inguruko, baina bereziki Zarauzko artistek zein idazleek Garoan euren espazioa izan dezaten nahi dugu, euren lanei zabalkundea emateaz gainera”.

Beheko solairua artearen txoko izendatu dute, betidanik izan duten ametsari bide emanez: liburuak eta galeria uztartzea. Horrez gain, Imanol semeak azaldu duenez, aurrera begira literatura eskola edota tailerra sortu nahi dute, ahal dela herriko jendearekin; eta besteak beste, argitaratu berri diren liburuen aurkezpenak egitea ere aurreikusten dute. Hitzaldiak, eztabaidak… denak dira ongietorriak Garoan. Imanolek azaldu du euren helburua globala dela, “baina ikuspegi lokalarekin egiten dugu lan”.

Imanol liburuekin dabilen bitartean, beheko solairuan aritzen da lanean Eneko, bertan ezarria duen web consulting-ean. Proiektu ugari egiten ditu prozesamenduarekin lotuta, dela Google bilatzailean lehen postuetan nola atera, dela webguneei zein ikuspegi eman. Horiek Garoari eta bestela dituen bezeroei aplikatuko dizkie. “Hemendik hamar edo hogei urte barru ez dakigu zer gertatuko den liburugintzaren esparruan, eta hortaz, zer gerta ere prest egon behar gara, ikasten joan eta etengabe berritasunak txertatu”. Nolanahi ere, oso argi dute liburuak joan behar duela jendearengana eta ez alderantziz, orain arte egin den moduan.

La Hormiga Atómica, gizarte eraldaketaren sustatzaile

Zarautzetik Iruñeko alde zaharrera egingo dugu jauzi La Hormiga Atómica ezagutzeko. Ez da liburu-denda zentzu hertsian, ez behintzat liburu-denda bakarrik. “Lokala da eta kolektiboa ere bai. Lokal gisara liburu-denda politikoaren eta zentro sozialaren artean gaude”, azaldu digute bertako kideek. Produktu ekologikoak eta bidezko merkataritzakoak biltzen dituen kafetegia, saiakera politikoan, mugimendu sozialetan eta narratiba hautatuan espezializatutako liburu-denda eta espazio soziala; hori dena aurki daiteke La Hormiga Atómica-n. Asanbladak egiten dituzte, atzerritarrentzat gaztelaniazko klaseak eman, liburuen aurkezpenak egin, baita hitzaldiak eta prentsaurrekoak ere. Finean, hiriko norbanakoei eta kolektiboei irekia dagoen espazioa da.

2008an sortu zen, “hirian politikoki esku-hartzeko asmoz eta egun bizi ditugun eztabaidak sendotzeko itxaropenez. Kolektibo gisara gure lanaren bidez honakoak jorratzen ditugu: migrazioaren inguruko gaiak, pertsona ororentzako eskubideen aldarrikapena, hiriko kultura, politika publikoak eta talde kulturalak, besteak beste”. Proiektuaren atzean izen eta aurpegi anitz, zenbatzeko ere zailak.

Saiakeraz beterik daude oro har, La Hormiga Atómicako apalak, eskaintzaren hiru laurdenak gisa horretako argitalpenak baitira. “Aldaketa erreminta gisa ulertzen dugu liburua, ez jakintzaren edukiontzi bezala”. Hortaz, liburu-dendak funtzio politikoa duela baieztatu digute, baina nortasun politiko edo ideologiko jakin bati lotuta egon gabe, proiektu irekia delako. Irekitasun horretan, alta, bada partekatzen duten interes bat: norbera hezteko, ezagutza jasotzeko, eta horrekin batera, gizartea eraldatzeko nahia.

Montag, Donostiako liburutegi askea

La Hormiga Atómica-ren antzera, argitaletxe alternatiboei eta herri mugimenduei leku egin nahian, Gipuzkoako hiriburuan egitasmo berria ernetzen ari da: Montag. Liburuen salmentatik etekin ekonomikoa ateratzeari muzin eginez, ezagutza kritikoak eta ekimenak garatzeko gune askea eratu nahi dute. Hasieran ekimen birtuala izango da, webgune baten bitartez abiaraziko dute proiektua, aurrera begira leku fisikoa izatea baztertu ez arren. Zazpi bat kide ari dira ekimena bultzatzen, alor desberdinetakoak denak: Donostian argitalpen alternatiboen esparruan dagoen gabeziaz jabetu eta irtenbideren bat bilatu nahi izateak elkartu ditu. Horrek eta euskaraz bizi diren pertsonak izateak, antikapitalistak, autonomoak eta asanblearioak.

Liburutegi baten gisa funtzionatuko du Montagek: Donostian –eta inguruan– interesatua dagoen jendearekin bazkide taldea osatuko dute eta mailegu bidez liburuak hartzeko aukera eskainiko dute, erosteko eta trukatzeko bidea zabalik utziz. Bestelako xede batzuk ere badituzte finkatuta, hala nola, argitalpen propioak bideratzea, gizarte mugimenduen bilgune izatea, edota ekimen kulturalei espazioa eskaintzea. Montag-ekoek adierazi dutenez, “epe luzerako helburua Donostia gizarte mugimendu eta pertsona kritikoen erreferentzia puntu bilakatzea da”.

Aukera berriak “desberdin”-entzat

Garaiak aldatuz doazela-eta lehen liburugintzaren esparruan ardurak oso banatuta eta zehaztuta bazeuden ere, egun muga horiek ez omen dira horren argiak Garoako arduradunen ustez. Alde baikorra ikusten diote horri: “Aukerak ematen ditu, esaterako, liburu-denda bat argitaletxe edo editore bilakatzeko”.

La Hormiga Atómica-koek liburu-denden etorkizun bateratuaz ezin dela hitz egin uste dute, panorama oso ezberdina delako liburu-denda espezializatuentzat, eskaintza orokorrentzat, liburu-denda kateentzat eta liburuak saltzen dituen saltoki handiarentzat. Euren kasuan, etorkizuna baikorra dela gaineratu dute, proiektuaren iraupen komertziala bigarren mailakoa baita. Beste alderdi baikor bat ere ikusten diote egoerari: “Aldaketa teknologiko eta kulturalen ondorioz, egun ekoizpena ez dago editore talde handien eskuetan zentralizatuta”. Diotenez, editorial txikien eztanda gertatzen ari da, duela urte batzuk inori argitaratzea bururatuko ez litzaiokeen liburuak ekoizten dituztenak. Hori nola baliatu argi daukate: “Ekoizpen horretan nabigatzen jakitea oso garrantzitsua da”.

Liburuen ekoizpenaz gainera, kultura bera ere demokratizatu dela azpimarratu dute, kulturara iristeko bitartekoak ugariagoak direlako. “Liburuek munduarekiko daukagun harremana sakontzen eta elikatzen dute, eta horietara iristeko bitartekoen demokratizazioa albiste ona da”. Hori dena kontuan izanda, La Hormiga Atómicakoen aburuz, liburu-denden eta editorialen biziraute ekonomikoari ez zaio beldurrez begiratu behar, itxaropenez baizik.

Liburu-denden etorkizuna ziurra ez den garai hauetan, arriskatzearen hautua egin dute Garoakoek eta La Hormiga Atómicako-ek, eta liburu-denda ixteko unea iristen bada, hala egingo omen dute. Baina bien bitartean esperimentatzen eta aukerak baliatzen jarraituko dute.
 


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude