Shanghaiko lezioa

Dani Blanco
Sukaldariak eramango zituztenik ez nuen zalantza egiten. Txalapartariekin ez nintzen harritu. Eta dantzariak ere izango zirela aurreikusten nuen. Baina aizue, sorpresa hartu nuen zein dantzari eraman dituzten ikusitakoan. Baita poztu ere.

Joan da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Shanghaiko Erakusketa Unibertsalera, eta Arzak, Berasategi, Aduriz eta Subijana eraman ditu sukaldari lanetara. Bale, hori aurreikuspenetan sartzen zen. Dantzariak ere ohiko apaingarria izaten dira erritual instituzionaletan, eta Shanghaira ere eraman dituzte. Dantzari tradizionalak gainera, txapela eta gerrikoa janzten dituzten horietakoak. Baina dantzariek ez dute Loiutik abiatutako hegazkin berean bidaiatu. Idahotik, Ameriketako Estatu Batuetatik joan baitira Shanghaira euskal dantzak eskaini dituzten dantzariak, Boiseko Oinkari dantza taldekoak.

Ez daukat ideiarik ere zein arrazoik eraman duen lehendakaria Shanghairako dantza taldea AEBetan fitxatzera. Pentsatu nahi dut uztailean Boiseko Jaialdian ikusi zituela eta haien maila bikainak txundituta hautatu zituztela. Izan liteke, noski, hemengo dantza taldeak abertzaletasunarekin lotuta ikusten dituztela eta horri ihesi egin nahi izan diotela. Arrazoia dena delakoa izanda ere, ni poztu egin naiz.

Jakina da diasporan dantzak paper berezia jokatzen duela identitatearen formazioan eta komunitatea trinkotzeko lanean. Eta urteak dira Boisen, Chinon, San Frantziskon, Montevideon edo Buenos Airesen Euskal Herrian bertan baino maitasun, indar eta zaletasun handiagoarekin dantzatzen direla euskal dantzak. Baina, itsasoaz bestaldeko dantzariak Europako dantzari begira bizi dira. Diasporaren konplexuak kateatuta ditu, eta menpekotasunez bizi dute harremana. Euskal dantzariek zer egingo duten zain, han ispilua egiten saiatzeko.

Txinan euskal ordezkaritzaren irudia Boiseko Oinkari dantza taldekoei eskaintzea errekonozimendutzat hartu behar dute Amerika osoko dantzariek. Aspaldi erakutsia zuten Euskal Herriko beste edozein talde bezain irudi duina –hemengoek baino txukunagoa, askotan–, eskaintzen dutela. Euskal dantzetan aditu eta espezialistak dituzte, dantzari bikainak ere bai, eta urte askotako –Oinkarik 50 urte, esate baterako– ibilbidea. Espero dut, Shanghaiko lezioak dantzari nortasun euskal-amerikarra sendotu eta ibilbide propioa egitera animatuko dituela

ASTEKARIA
2010ko azaroaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude