Goxotasuna eta irudimena

  • Iñaki Zubeldia (Irudiak: Estibalitz Jalón) ::Katalina kontalari

    Pamiela / Faktoria K

    orrialdeak ::26

    prezioa ::14€

Iñaki Zubeldiak idatzi eta Estibalitz Jalónek ilustratutako lan honetan txitxarra kontalari baten istorioak agertzen zaizkigu: “Aspaldi hartan, mendiko belaze batean, txitxarra zahar bat bizi zen. Katalina zuen izena eta oso berritsua zen”. Berritsua ez ezik txitxarra ipuin kontalari aparta dugu eta horrela bi ipuin kontatuko dizkigu, lehena amona mantangorrien inguruan eta bigarrena tximeletarena. Baina bai batean bai bestean Matxin hankaluzek hankaluzeen ipuina eskatu arren Katalinak ez dio kasurik egingo. Testuinguru horretan hankaluzeak nola bilakatu ziren matxinsalto azalduko zaigu, eta baita Katalinak gertakari hori nola hartu zuen bere istorioen bilduman hankaluzeari barkamena eskatu ondoren.

Irakurleak, beraz, hiru istorio ezberdin jasoko ditu baten barruan. Animalienak –mantangorriak, tximeletak, matxinsaltoak– baina guztiak zomorro txikien entretenigarri, guztiak ezberdinak baina aldi berean parekoak. Irudimena eta goxotasuna erabili dira istorioak sortzeko eta irudimena eta bizitasuna irudiak egiteko.

Liburu honetako testuak autonomia baldin badu ere, eta bera bakarrik irakurriz istorioa ulertu eta gozatzeko aukera eman arren, askoz aberatsagoa da irudien interpretazioarekin eginiko irakurketa. Estibalitz Jalónek zomorro horiei gizatasuna eman die, pertsonen antza zomorro izaera galdu gabe; horrela Katalinek amona baten itxura izango du, baina hankaluzeak gazte dotore batena, tximeletak neska lotsati (?) bat dirudi, eta mantangorriak ume bihurria. Eta horrela, zomorroen munduan egonik –eta horretarako naturaren presentzia nabarmena eta etengabea da belar, hosto, adar eta loreen bidez– batek oso hurbileko sentitzen du mundu hori.

Jalónen lana, alde horretatik, goraipatu beharrekoa dugu. Azken urteotan euskal haur eta gazte literaturan berrikuntzak ageri baldin badira hori emakumezko ilustratzaileen aldetik etorri da gehien bat. Badira zenbait ilustratzaile –nik esango nuke ia denak emakumezko– oso lan berritzailea eta interesgarria egiten ari direnak euskal letretan, eta liburu hau dugu horren adibide. Baina, era berean, ez dugu ahaztu behar Etxepare saria irabazi zuen lan honen aurreko eta ondorengo sarietan –Zirkua amets, eta datorren udazkenean argitaratuko den lan berria– emakumezkoak direla ilustratzaileak.

Katalin kontalari liburu honek tradiziotik du –alegien tradiziotik, istorio baten barruan beste hainbat kateatzeko tradiziotik, fantasiatik…– baina baita modernitatetik ere; baina, batez ere, goxotasun eta irudimenetik; entzuleari kontatzeko eta irakurleak gozatzeko liburua; begiekin eta belarriekin disfrutatzeko lana.

Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude