Barrikabaso, ustelkeriaren aurkako borrokarako eredu bat

  • Lehenbiziko aldiz, epaitegiek balio gabe utzi dute EAEko udal batek egindako lur birsailkapena, lur horren paisaia-balioa dela eta. Barrikan gertatu da, Bizkaiko Uribe Kosta eskualdean. Itxura osoz eraisketa izan behar zen ordurako eraikitako etxeen zoria, baina ekologisten ekimenak oso bestelako jokalekua eraiki du, eta bide batez eskandalu ederra utzi du agerian.
Gorliz
Gorlizko badia, Barrikatik ikusita. Artberri-CC By Sa
Hamaika urte igaro dira, baina azkenean epaitegiek arrazoia eman diote Uribe Kostako Txipio Bai talde ekologistari. Iazko uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak irmotzat jo zuen bost urte lehenago Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak (EAEAN) emandako epaia, zeinaren arabera legez kanpokotzat jotzen zen Barrikako Udalak 1998an egindako lur birsailkapena. Ez da birsailkapen bat legez kanpo uzten den lehen aldia, baina bai, EAEn behinik behin, horren arrazoia birsailkatutako lurzoruaren paisaia-balioa dela.

1998an, Bizkaiko Foru Aldundiak behin-betiko onartu zuen Lur Urbanizagarri kalifikazioa ematea Barrikabaso izeneko eremuaren zati bati, bere garaian Eusko Jaurlaritzak babestu beharreko gune izendatu zuen arren, daukan paisaia-balioagatik. Barrikako Udalak eta lurraren ugazaba den Lezama-Leguizamon familiak hamarkada bat lehenagotik eginda zeuzkaten planen arabera, 350 etxebizitza inguru egin behar zituzten bertan. Baina Txipio Baik, epaitegietara jotzea zer den ondo dakien talde ekologistak, helegitea ipini zuen erabakiaren aurka. Hirutan mintzatu dira epaileak, eta hirutan Txipio Bairen alde. Horretarako argudioa, sinplea, Iñaki Ortigosa elkarteko presidentearen ahotik jaso dugu: “Paisaia-balioa badu eremuak, zertan oinarritzen dira esateko orain ez duela? Ezin dira gutizi batengatik sailkapenak aldatu. Orain badago aurrekari bat, eta pozik gaude jurisprudentzia hori sortu dugulako”. Baina bitartean urteak igaro dira, eta Barrikabason txaletak eraiki gura zituztenen hasierako asmoak, bete-betean ez bada ere, gauzatu dira hein batean: hamalau txalet eraiki dituzte, aurreko orrialdeko argazkian ikus daitekeenez.

Ekologisten ezusteko proposamena

Epaia irmoa zela jakin zenean, “eraiste” berba hasi zen entzuten han-hemen. Barrikatik, egun argietan, ederto ikusten da Kantabriako kostaldea, eta hango oihartzunak ere erraz iritsi ziren Bizkaia aldera. Azken hamasei urteetan, legez kontra eraikitako hogeiren bat auzune eraisteko agindu dute kantabriar epaileek (ikus Argia 2.110), eta askok apustu egin zuten patu bera izango zutela Barrikabasoko txaletek. Lehenengo kasua izango zatekeen EAEn. Baina Txipio Baik oso bestelako bidea aukeratu du.

Hamalau txaletak zutik utzi, baina gainerakoa benetan babesteko berme sendoa ipini dadila. Horrela laburbildu daiteke talde ekologistaren proposamena. Barrikabasoren behin-betiko babeserako plana izena eman diote, eta hilabeteak eman dituzte alderdi politikoei aurkezten. Momentuz arrakastatsu, nahiz eta eskarietako bat inork ez duen aintzat hartu: bere garaian Barrikabaso birsailkatzearen alde bozkatu zuten zinegotziei –alkatea barne– kargu publikoak edukitzeko gaitasuna kentzea, eta haiek hartzea beren gain auzi honekiko sortzen diren erantzukizun ekonomikoak. Hori albo batera utzita, Txipio Bairen proposamenak zerbaiterako balio izan du: Udalak eremu osoa urbanizatzeko zeuzkan planak –iazko epaia sektore bati baino ez dagokio– bertan behera utzi ditu, eraiki gabe geratu ziren sailetan egindako azpiegiturak (errepideak, espaloiak, kaleargiak...) kendu egingo dira, inguruari eragiten dioten plan sektorialetan bereziki hartuko da kontuan eremuaren paisaia-balioa, eta Espainiako Kostalde Zuzendaritza Nagusiak onartu egin du babes eremua 200 metrora zabaltzea, lehengo 100en ordez. Zein da horretarako ordainduko den bidesaria? Eraikitako hamalau txaletak antolamendutik kanpo uztea. Bestela esanda, ez dira eraitsiko.

Dagoena salbatzea hobe

Lehentxeago aipatu dugun Kantabriari buruzko erreportajean –2007. urtea zen– Txipio Baiko kide batek zioen Barrikabasoko txaletak legez kanpokoak direla berresten zenean, eraitsi egin beharko zituztela. Baina azkenean, elkarteak berak egin dio uko bide horri. “Esperientziak diosku behin eraiki ondoren ez dela ezer botatzen”, azaldu digu Iñaki Ortigosak, “lehengoratze hitza oso polita da baina praktikan ez da ia inoiz gauzatzen”. Kantabriako adibideari berriz begiratzea besterik ez dago: urteak joan urteak etorri, eraitsi beharreko etxe guztiek zutik diraute, haiek botatzea agintzen duten epaiak bezain irmo.

Hori ikusita, eta Barrikabasori egindako kaltea izan zitekeen bezain handia ez dela kontuan izanda, oraindik salbatzeko dagoena –gehiena– salbatu nahiago izan du Txipio Baik. “Legea benetan zorroztasunez beteko balitz, askoz aukera errealistagoa izango zen eraistea eskatzea, baina gauden-gaudenean arriskua geneukan horretan indarrak xahutzen hamar urte eman eta gero, hamalau txalet hauek ez ezik, beste ehunka batzuk edukitzeko Barrikabason. Gure hautua, azkenean, zera izan da: eraisketaren alde ez borrokatzearen truke, babes eraginkorra eskatzea erakundeei”.

Arrisku bat eduki dezake Txipio Baik hartutako bideak. Kantabrian eraisketaren alde lan franko egin duen ARCA talde ekologistak aipatu zigun duela hiru urte, eta espainiar fiskalen bati ere entzun izan diogu antzeko adierazpenik: eraikitakoa onartzea, azken batean, legez kanpo eraikitzeko “gonbidapena” da. Lehenbizi triskantza egin, eta gero gerokoak. Nolanahi, horren aurka borrokatzeak, borrokatu izan den lekuetan, ez du emaitza onik ekarri.

Etxe-jabeak, errugabeak?

Aldiz, abantaila nabarmena dauka Txipio Bairen hautuak: biktimaren figurari indarra kentzen dio. Legez kanpoko etxeetan bizi den jendeaz ari gara noski. Kantabrian –berriz ere ispilu horretan begiratzea beste irtenbiderik ez baitaukagu– sekulako indarra hartu dute AMA elkartean bildutako etxe-jabeek. 1.000 familia inguru. Horrek barregarri uzten ditu Barrikako hamalauak, zer esanik ez. Baina gutxi edo asko, udal agintariak saiatu dira haiek erabiltzen ekologisten aurka, “xantaia modura”, Iñaki Ortigosaren berbetan.
Barrikabason bizi direnek, iazko uztaileko epaia ezagututakoan, berehala kontratatu zuten abokatu bat, eraisketa mehatxuaren beldurrez. Euren etxeak botako ez dituztela jakin dutenetik, ordea, ez dute zalaparta handirik sortu.

Txipio Baik Barrikabasorako babes-plana aurkeztu zuenean, iazko udazkenean, beren txaleta “fede onez” erosi zuten Barrikabasoko biztanleentzat zegozkien kalte-ordainak eskatu zituen. Fede onarena azpimarratu zuten, ordurako jakin baitzekiten auzokideetako batzuek, etxea erosi zutenean, bazutela Barrikabasoren birsailkapenaren kontrako helegitearen berri. Baina hara non ezusteko ederra hartu duten ekologistek. Izan ere, Txipio Bairen ustez, oso litekeena da hamalau jabeek hasieratik jakin izana Barrikabasoren birsailkapena epaitegietara eramana zela. Ekologistek helarazi digute hamalau etxe horien lizentziei buruz Udaletxeak –epez kanpo eta salaketa mehatxu baten ostean– eman dien informazioa; hor ikus daiteke, beste irregulartasun batzuen artean, Barrikabasoko hamalau familietatik bakarrak duela eskatuta derrigorrezko lehen erabilerako lizentzia, eta hark ere iazko uztailean eskatu zuela, Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu ostean.

Gurekin ez du hitz egin nahi izan, baina Juan Jose Ezpeletak, Barrikako alkateak, hamalau familia horiek babestu beharra aldarrikatu du hainbat hedabidetan. Haatik, Iñaki Ortigosaren ustez Udalak berak jarri ditu familia horiek dauden atakan, bertan bizi direnetik ez baitie bizigarritasun-zedularik eskatu, ez eta zergarik ordainarazi ere. “Linbo batean eduki dituzte, bazekitelako azkenean epaileek legez kanpo utziko zutela birsailkapena”.

Biktima, azkenean, ingurumena da. Barrikako epaia kasu bakana da, Txipio Bairen salaketa kasu bakana izan den bezala, baina Barrikabasoko eskandalua Euskal Herrian salbuespena dela uste duenak, bota dezala lehen harria. Harriz harri egiten baitira txaletak.
Uribe-Kosta-Butroe biotopo babestu izendatzeko eskatu dute
Maiatzaren 20an emandako prentsaurrekoan, bederatzi talde ekologistek, tartean Txipio Baik, Uribe-Kostako itsasertza, hala nola Butroe ibaiaren estuarioa, biotopo babestu izendatu ditzatela eskatu zuten, “inguruak presio demografikoagatik jasaten duen mehatxuari aurre egiteko”. Butroeren estuarioa, hain zuzen, ingurumen-kalitate berezikoa dela azpimarratu zuten, hainbat ikerketaren emaitzek erakusten duenez. “Txingudiko badiaren pareko balioa dauka, eta Euskal Herrian Urdaibai baino ez litzateke egongo haren gainetik”, adierazi zuten ekologistek. Gaineratu zutenez, Bizkaiko Foru Aldundiari eta balizko biotopoan lurrak dauzkaten bost udalei eskatuko diete proposamenarekin bat egitea. Izendapena, egitekotan, Eusko Jaurlaritzaren esku dago.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude