Haien atzaparretan gaudenez, bankuak nazionalizatu

  • XXI. mendeko krisi handia etapak errez doa, 1929koaren antza gero eta handiagoa dauka. Amerikako bankuak eta ondoren Europakoak kiebratik salbatu ondoren, orain salbatzaileak -estatuak- dira salbatu behar porrotetik. Azkenean denok galtzaile eta bankuak irabazle bakar?
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2010ko maiatzaren 30a
Irudia Munduko Sindikatuen Federazioak (World Federation of Trade Unions, WFTU) erakusten du bere webgunean: maiatzaren 4an Greziako Langile Guzien Fronte Militanteko kideek Atenasko Finantz Ministerioa okupatu zuten. Bertan bilduei WFTUko idazkari nagusiorde Valentin Pacho "“argazkian eskubitan"“ mintzatu zitzaien. Mendebaldeko iritzi publikoari sinetsarazi egin zaio "etxeko lanak ondo egin ez dituen" Grezia salbatzeko mobilizatu direla azken asteotako neurri guztiak, Europako herritarrek Grezia salbatu behar dutelakoan. Baina atzean dagoen egia da bankuei bigarren salbamendua oparitu zaiela: lehen fasean zorretan zeuden beste bankuek sortutako arazoetan ito ez zitezen, oraingoan Estatuak bankuei zor dizkienak kobratu ahal izateko. Greziaren zor publikoaren %43 bankuek utzia da, %22 mutualitateen funtsek, %15 pentsio funtsek...

Bankuen nazionalizazioa ez  zuen inork aipatzen aspaldi honetan, ez bada ezker muturreko talde eta militanteek. Demodé, komunisten zaharkeria. 2007an lehertu zenetik XXI. mendeko krisitzarra, gero eta analisi gehiago iristen da puntu horretara. Askok banku pribatuak publiko bihurtzea aldarrikatzen du arrazoi etiko edo justiziazkoengatik: denon diruekin salbatu baldin badira leizean amiltzetik, denontzako bitez haien mozkinak. Baina ez dira gutxi neurri hori, bankuen nazionalizazioa, beharrezkotzat jotzen dutenak efikazia ekonomikoan, are derrigortasun praktikoan, oinarrituta.

Le Monde Diplomatiquen blog interesgarria egiten du Frédéric Lordon ekonomialariak, Pompe à Phynance (Finantza ponpa). Parisko CNRS erakunde publikoko ikasketa buru den Lordonek 2008ko apirilean ekin zion blogari, hasieratik aitortuz Pierre Rimbert antzerkigilearen Ubu erregea obrari zor ziola asko.

Hainbestetan taularatua izan den Ubuk pasarte batean dio: “Beste behin ere aberastu egin behar dut, ez dut sos bakar bat lagako”. Baina gaurko Ubu modernoa ez errege bat edo estatu bat, finantza sistema dela ziur dago Lordon. “Zein da gaur gizartea, egindako lan guztia zurrupatuta, odolik gabe utzi eta erabat menderatzen duen indar despotikoa? Ez Estatua, hori ziur (...) aitzitik, bankuen eta akziodunen sistema da lapurreta guzti horren emaitza eskuetan daukana”.

2008tik minbiziak jota dagoen ekonomia kapitalistari jarraipen argia egiten dio Lordonek. Orain arteko hiru sarrerak, frantses hiztuna ez denarentzako barrokogi idatzitakoetan, egia, irakurtzekoak dira: Crise, la croisée des chemins (Crisia, bidegurutzea), Sauver les banques jusqu’à quand? eta En route vers la Grand Depression?

“Egoera harrigarria dirudi, baina ez da –idatzi du Lordonek–. Zeren eta, finantza pribatuen krisia finantza publikoen krisi bihurtzen ikusi zen bezala, ondoren gertatu behar zuen metamorfosia, moneta krisi eta krisi politikoa barne, guzti hori 2007 amaieran aurreikusten baitzen”. Bistan dena, oker ari ziren, nahita edo nahi gabe, “txarrena gainditu dugu” gutxienez hirutan esan dutenak.

Nahasmenaren erdian puntuz puntu hari logiko bat nabarmendu nahi du Lordonek. Puntuak gure kabuz laburtuta, 2007a baino lehen Europan ez zegoen zor publiko arazorik. Azken bi hamarkadetako krisiak beti finantzen arloko shocken ondorioz sortu dira, handik kutsatuz ekonomia erreala kredituaren mekanismoetan. Errezesio egoeretan defizit publikoak handiagotzea derrigorrezkoa da. Estatuek defizita arindu beharrak dakar zergak igo eta zerbitzu publikoak gutxitu beharra.

Puntu horretan gaude, hain zuzen. Eskubiak eskatzen du edozer egitea merkatuak lasaitzeko –Estatuak zor publiko gehiago saldu ahal izan dezan, aurreko zorren konpromisoak betetzeko–. Ezkerrak aldarrikatzen du herritarrak ez sobera kaltetzea. Tirabira horretan gabiltza orain. Baina datu latz hau erantsita: finantzen arloak urteotan ezagutu duen araugabetzearen ondorioz, inork, ez politikoek eta ez beste agintariek, ez du aurkitzen tresnarik egunetik egunera sekulako aldaketak nozitzen dituen bilakaerari aurre egiteko.

Matxinada edo manipulazioa

Europar Batasunak onartu berri du egonkortze plan bat 750.000 milioi eurokoa, bere baitako edozein estatu larrialditik ateratzeko. Horietatik 60.000 direla EBk dirutan jar ditzakeenak, 250.000 Nazioarteko Diru Funtsak, eta gainerako 440.000ak Europako estatuen bermeei lotuta daudela. Zorretan estu dabiltzan estatuak berak dira berme!

Jokaldiarekin Grezia salbatu nahi da hondoa jotzetik, esaten da. Baina kobratuko dutenak, ostera ere, bankuak, inbertsio funtsak eta gisa bereko beste hartzekodunak izanen dira. Haien esku da zor publikoa.

Greziak ordainketak etengo balitu edozein enpresak egiten duen gisan, hartzekodun guztiekin negoziatu beharko luke, zorraren parte bat kitatzeko posibilitatea baztertu gabe. Baina oraingoa bezalako salbamendu operazio batekin bankuak eta inbertsio funtsak izango dira onuradunak; aldiz, estatuaren zerbitzuak gutxituko zaizkien herritarrek nozituko kalteak. Hauek ere bankuak bezain hartzekodunak izan arren. Horra finantza ponpa lanean.

Zer dela eta ezin ditu Greziak ordainketak eten? New York hiriak egin zuen, Kalifornia antzeko egoera batean bizi da, izan dira aurrekari gehiago. Zorrak berrantolatzea edo ordainketak eteteak ez du esan nahi hartzekodunek diru guztia galduko dutenik baizik eta ordainketak atzeratuko direla... tartean zorren zati bat kitatutzat emanez, ingelesez haircut (ile mozketa) esaten zaiona.

Kontua da azken hamar urteotan zor publikoaren osaketa erabat aldatu dela, finantzen merkatuan urtu direlako zorrok, produktu batetik bestera pasatuz. Erakunde batek aurrean hartzekodun gutxi eta ezagunak dauzkanean zorra berriro negoziatu eta ordainketak atzeratzeko modua badauka, baina nola egin merkatuen liberalizazioarekin nork-noren-zer daukan ez dakienean?

Ororen buru, banku, inbertsio funts eta bestelako finantza egituren eskuetan daude gaur estatuak. “Herritarrok bankuen atzaparretan harrapatuta gaude?”, galdetzen du Lordonek, berak erantzuteko: “Bai”. Orduan, gizartearen bizimodua, biziraupena bera, hain neurri handian mugatzen duen tresna ezin da esku pribatuetan egon. Nazionalizatu beharra dago.

Lordonen hitzetan, Europak martxan jarri duen oraingo salbamendu plana ondo aterako balitz, eta ez da segurua, bankuek herritarren gehiengoaren sakrifizioen bizkar urrats berria emana izango lukete herritarren ondasunak beren altxorretara eramateko. Horregatik, finantza erakundeek indar handiegia hartu dutelako, alternatiba dagoenekoz ezin da izan haiei arau berriak ezartzea, zerga berriak. Tobin tasa famatua bera ere hutsaren hurrengoa litzateke finantzek herritarren eta erakundeen bizitzan hartu duten garrantziari egokitzeko.

Bitartean,  aginte publikoek  banka jabe pribatuei eskuetatik kentzea aurreikusita ez dagoenez, ondorengo hilabeteetako bi eszenatoki posible aurreikusi ditu Frédéric Lordonek. Bata, jendearen oldartzea, matxinada. Esan liteke Grezian herritar asko horretan dabiltzala: besterik da zer lortu lezaketen.

Bigarren aukera da finantzek estatuen bihotzei zuzenean erasotzea: jendea mobilizatzeko partez, merkatua astindu, finantza krisia  larriagotu eta gobernuak behartu are neurri gogorragoak hartzera, herritarren bizkarretik.

Zer dio jendeak? Lasai dirudi, menturaz krisiak ez dio nahiko min egin... Laster igarriko dio.


Azkenak
2017-04-23 | Mikel Asurmendi
Bigarren itzulia jokatzeke eta jada Macron presidente?

Bi aste behar dira bigarren itzulirako eta Macron ageri da Frantziako presidente. Fillon, Hamon, Valls, Juppé, Cazeneve lehen ministroak deitu dute jada Le Peni “baraje” egitera.


2017-04-21 | Axier Lopez
Tafallako brindiseko hirurak absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak

Gorka Labat, Oier Araiz eta Fernando Sota absolbitu ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak. Iazko udan Tafallako festetan presoen alde egindako ohiko brindisean parte hartzeagatik terrorismoa goratzea leporatzen zieten.


2017-04-21
Arrikrutz, uraren taupada
MULTIMEDIA - dokumentala

Arrikrutz koba Aizkorri-Aratz parke naturalean dago. Bideo honek urteko lau urtaroak ardatz hartuta sistemaren sorrera eta garapena azaltzen ditu. Esploratzeko gela arriskutsuenak eta formazio berezienak ikusgai daude bertan.

Gidoia eta produkzioa: Kepa Aranburu eta Imanol Biain
Idudia, soinua eta zuzendaritza: Kepa Aranburu
Montajea: Kepa Aranburu eta Irene Coll


Europako kazetariak autozentsuratzen dira beldurraren ondorioz

Europako Kontseiluak egindako inkesta batek erakutsi du lanean jasotzen dituzten mehatxuen ondorioz autozentsuratzen direla Europako kazetariak. Inkestan parte hartu duten kazetarien herenak eraso fisikoak jaso ditu eta %69k psikologikoak.


Astelehenetik Elika21 biltzarra Gasteizen, elikaduraren etorkizuna eta nekazaritzaren erronkez

Astelehenetik (24) asteazkenera bitartean Gasteizen burutuko dira, "Elikadura21: Elikaduraren Etorkizuna Eta Nekazaritzaren Erronkak XXI Menderako" titulua daramaten elkarrizketak Hagako ISS Institute for Social Studies instituluak sustatzen dituen nazioarteko jardunaldien baitan, EHNE Bizkaia sindikatuarekin eta Etxalde mugimenduarekin elkarlanean. Mundu osoko aditu, unibertsitateko ikerlari eta herri mugimenduetako militanteak bilduko dira bi egun eta erdiko jardunaldiotan... [+]


Frantziako presidente hautagaiek ez dute hizkuntza aniztasuna babesteko grinarik adierazi

ELEN Europako Hizkuntzen Berdintasun Sareak egindako analisiaren arabera, hauteskunde kanpainan kultur aniztasunaren aurka egiten duen nazionalismoa bultzatzen ari dira hautagai nagusiak.


2017-04-21 | ARGIA
Kirmen Uriberen 'Elkarrekin esnatzeko ordua'-k irabazi du 111 Akademiaren saria

Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua nobela saritu dute 111 Akademiako kideek. Ostiral honetan jakinarazi dutenez, maiatzaren 11n jasoko du saria Ondarroako idazleak.


OPUSeko unibertsitateko ikasleei beka gehiago emanen dizkie Nafarroako Gobernuak, errekurtsoak onartuta

Aurtengo ikasturteko beka deialdiari aurkeztutako errekurtsoetako batzuk onartu ditu Hezkuntza Sailak eta 700.000 euro gehiago esleituko dizkio beken diru sailari; guztira, 4.334.104 euro.


2017-04-21 | Axier Lopez
Turismoaren olatu berria Gipuzkoan: Donostian 20 hotel eraikitzera doaz

2019rako Donostian 20 hotel berri martxan izango dira eta 2.000 turista gehiagorentzako lekua eskainiko dute. Obra batzuk hasita daude jada.


Picassoren 'Guernica' Gernikara lekualdatzeko eskatu du EH Bilduk Espainiako Kongresuan

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkideak legez besteko proposamena aurkeztu du Espainiako Kongresuan, Pablo Picassoren artelan adierazgarriak Gernikan egon behar duela argudiatuta. Datorren asteazkenean 80 urte beteko dira Kondor Legioak Gernika bonbardatu zuenetik.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude