Jaiotzeagatik dagokigun soldata

  • Oinarrizko Errenta Sareak bederatzigarren sinposiuma egingo du Bilbon, hilaren 19tik 21era. Hiritartasun Oinarrizko Errentari (HOE) buruz eztabaidatuko dute; hedabideetan eta iritzi publikoan apenas eraginik duen eztabaida da, eta berau zabaltzeko estrategiak izango dira sinposiumaren ardatzetako bat, ez bakarra. Galdera handi bi egin litezke HOEz: batetik, bidezkoa da? Bestetik, bideragarria da? Baina agian hobe litzateke beste honi erantzutea lehenik eta behin: zer da?

Otjivero herriko haurrak
Otjivero herriko haurrakServaas Van Den Bosch / IPS

Euskal Herrian hasi ziren, eta Euskal Herrira datoz berriro. Espainiako Estatuan diharduen Oinarrizko Errenta Sareak 2001ean eman zituen lehen urratsak, Gasteizen egindako sinposiumarekin, eta Bilbo aukeratu du bederatzigarrena antolatzeko, EHUko Soziologia Sailarekin lankidetzan. Haren webgunea (www.redrentabasica.org) zabaldu bezain laster oinarrizko errentaren definizio bat ikusiko duzu, oinarrizkoa hori ere: “Estatuak jendarteko kide guztiei ordaintzen dien diru-sarrera bat da, hiritartasun eskubide gisa, baita ordainpeko lanik egin nahi ez dutenei ere, aberats edo pobre diren kontuan izan gabe, edo bestela esanda, haien bestelako balizko diru-sarrerak kontuan izan gabe, ezta norekin bizi diren ere”.

Proposamen horri buruz askoz gutxiago eztabaidatzen da Oinarrizko Errenta Sareko kideek nahi luketena baino. Ez du gehiegi laguntzen terminologiarekin sortu den nahas-mahasak: besteak beste, oinarrizko errenta esaten zaio, halaber, EAEn azken urteetan indarrean dagoen gizarteratze-errentari, baina oso desberdinak dira biak. Bata jasotzeko ez legoke hiritartasuna frogatzea beste baldintzarik; EAEn ematen dena, berriz, beste faktore batzuei lotuta dago, enpleguarekin zerikusia daukatenak batez ere. Biak argiro bereizteko, HOE (Hiritartasun Oinarrizko Errenta) siglak erabiliko ditugu aurreko paragrafoan definitu dugunaz jarduteko.

Izen horrekin ez bada ere, HOE ezartzeko lehenengo proposamenek badituzte mende batzuk. Maximilien Robespierre frantziar iraultzailearen esaldi hau nabarmendu nahi genuke, HOEren filosofiaren muina ederto adierazten duelakoan: “Eskubide guztietan, existitzekoa da lehena. Beraz, jendartearen lehen legea da bere kide guztiei existitzeko bitartekoak segurtatzea; gainerako lege guztiak horren menpekoak dira”. Hots, herritar izate hutsak bitarteko materialak edukitzeko eskubidea ematen digu, eta estatuak du hori betearazteko erantzukizuna. Robespierrenaren ildoko iritziak gutxienez XVIII. mendetik dira ezagun, baina HOEren aldeko haizeek joan den mendeko 70eko hamarkadan hartu zuten gaur duten indarra. Ongizate estatuaren krisia hastearekin batera, hain zuzen.


Sistemak hutsune gehiegi

Ongizate estatuaren eta HOEren arteko harremanaz liburua idatzi zuen 2007an Gorka Moreno EHUko soziologo eta Oinarrizko Errenta Sareko kideak: Crisis y reconstrucción del Estado del Bienestar. Las posibilidades de la Renta Básica de Ciudadanía (Ongizate Estatuaren krisia eta berreraikitzea. Hiritartasun Oinarrizko Errentaren aukera). Honela mintzatu zaigu Moreno gaiaz: “Sistema kapitalistak sekulako desberdintasunak eta arazo sozialak sortzen ditu, eta ongizate estatuaren helburua da arazo sozial horiek baretzea, gutxieneko duintasunarekin bizi ahal izateko denok”. Osasungintza eta irakaskuntza doakoak ezarriz, esaterako. Bigarren Mundu Gerraren osteko lehen hamarkadetan sistemak ondo funtzionatu ei zuen, baina azkenik pitzadurak agertu zitzaizkion.

1973ko petrolioaren krisia jo ohi da mugarritzat mundu osoan, gurean beranduago kokatzen du Morenok, 80ko hamarkadaren hasieran. Kasu bietan prozesua bera da; ahalik eta modurik sinpleenean esplikatuta, ordura arte enplegua zen hiritar gehienentzat gizarte-txertaketa lortzeko bermea, baina horrek huts egin zuen. “Gaur egungo ongizate estatuak –dio Morenok– arazoak ditu talde batzuk kanpoan geratzen ari direlako, hiritartasun estatusetik kanpo. Gero eta jende gehiagok, enpleguaren behin-behinekotasuna dela-eta, arazoak ditu gizartean parte hartzeko. Integraziotik kanpo gelditzen ari dira. Ez dut esango bazterkerian daudenik, baina bai erdibidean”.

Ez da oraingo krisiaz ari, sistemaren erroan dagoen askoz gaitz sakonago batez baizik. Sistema horrek erakutsi du, gainera, ekonomia-hazkunde garaietan ere ez dela gauza pobrezia desagerrarazteko. Marraztu dugun egoera horri aurre egiteko alternatiba baliagarria izan daiteke HOE, beraren defendatzaileek diotenez. Are gehiago gauden-gaudenean, gora doan langabeziak jende gehiago bultzatuko baitu bazterkeriara edo, behintzat, Morenok aipatutako “erdibide” horretara. Horregatik uste du EHUko irakasleak “une interesgarrian gaudela HOEari buruzko eztabaida suspertzeko”.
 

Lana, zer da lana?

HOEren proposamena gizarteratzeko zailtasunek, hein batean, enpleguarekin daukate zerikusia. Ohartu zaitezte “enplegu” hitza erabili dugula orain arte, “lana” saihestuz. Oro har, ordainpeko lana –hau da, enplegua– baizik ez da kontuan hartzen “lan” esaten dugunean, baina HOEren sustatzaileek beste lan mota batzuk badaudela gogorarazten dute, sozialki hainbesteko garrantzia ematen ez bazaie ere.

Daniel Raventós bartzelonarra da Oinarrizko Errenta Sarearen presidentea. 2007an argitaratu zuen Las condiciones materiales de la libertad (Askatasunaren baldintza materialak) liburua, HOEren aldeko aldarri ozena. Bertan, lanaren sailkapen bat proposatzen du egileak: batetik, ordainpeko lana; bestetik, lan boluntarioa; eta hirugarrenik, etxeko lana. Raventósek dioenez, HOE bat jasotzeak aukera emango liguke gure denbora askatasun handiagoz banatzeko hiru lan horien artean. Gaur egun oso zaila da hori, enpleguaren menpe baikaude herritar gehienok, bizitzeko behar ditugun gutxieneko bitartekoak lortuko baditugu.

Enpleguari dagokionez ere, askatasun handiagoa edukiko genuke aukeratzeko zertan, zenbat orduz, nola... lan egin nahi dugun. Gaur egun derrigorrez onartu beharreko lan-kontratu mota batzuei uko egiteko moduan egongo ginateke. Raventósek uste du, azken batean, HOEak indartu egongo lukeela langileen posizioa enpresa-jabeen aurrean. Horrek badu buelta, ordea: HOEren kritiko askoren iritziz, langileak diru-sarrera batzuk ziurtatuta edukitzeak eragin dezake enpresariek soldatak jaistea, langileak ez lukeelako horrenbesteko diru premiarik. Batzuen zein besteen hipotesiak argudio sendoetan daude oinarrituta. Baina Raventósek bere liburuan adierazi bezala, oso zaila da HOEren tamainako neurri batek edukiko lituzkeen ondorio guztiak aurreikustea, ez baitago aintzat hartzeko moduko aurrekaririk.

Erreportajearen hasieran eman dugun definizioaren barruko esaldi batek eragozten du, hein handi batean, jendarteak bere egitea HOE. “Baita ordainpeko lanik egin nahi ez dutenei ere”. Inork ez du lanik egingo, alferren soldata ordainduko dugu... ziplo datozen erreakzioak dira. Sinplistegiak, eta HOEren sakoneko azterketa egin ez izana salatzen dutenak, bai Daniel Raventósen bai Gorka Morenoren ustetan. “Enpleguarekikoak dira HOEk izan dituen lehenbiziko kritikak, proposamena ezagutarazi eta segundo milioiren batera seguruenik”, diosku umore puntu batez Raventósek, “baina uste dut azken 30 urte hauetan argi geratu dela aurreiritzi hutsak baino ez direla”.

30 urte baino askoz denbora gutxiago igaro da, nolanahi ere, HOE ezartzeko proposamena –IUk eta ERCk egina– eztabaidatu zela Madrilgo Parlamentuan, eta zenbaitzuen argudioak ez ziren askoz harago joan. 2007. urtea zen. “Zer ote da hau? Lanik ez egiteko eskubidea aldarrikatzea, lan egiten dutenek subentzionatuta?”, bota zuen EAJko Emilio Olabarriak. El País egunkariaren kronika ere ez zen bereziki sakona izan. “Eskalearen eta banku-jabearen soldata”, ipini zioten goiburua, eta antzerako topikoz bete zuten ondorengoa. Gorka Moreno ez da bereziki harritzen horrelako erreakzioen aurrean, antzeko argudioak entzun baitaitezke, batez ere eskubiko ahotsetatik, berme sozialeko edozein neurri abian jartzen denean. Badu beste adar bat, kritikak: enplegua utzi ez baina gustuko lanetan baizik ez jarduteko bidea zabaltzen bada HOErekin, nork egingo ditu honezkero inork gutxik onartzen dituen lan desatseginak? Horri erantzuteko, Daniel Raventósek dio aurreikus daitekeela soldaten fluktuazio bat. Lan atseginena jaitsiko litzateke, eta desatseginena handitu. Beste bide bat ere aipatzen du bartzelonarrak: zenbait lan egiteko behargin faltak azkartu egingo lituzke lan horiek mekanizatzeko ikerketak.

Raventósen ildo beretik, HOEk lan-merkatua kolokan jarriko lukeela esatea funtsik gabeko kritikatzat du Morenok. “Inork uste al du benetan, jendarte kontsumista eta kapitalista honetan, jendeak enpleguari uko egingo liokeenik, HOE batekin konformatzeko? Inongo azterketa sakonik egin gabe, logikak kontrakoa adierazten du: jendea ordu estrak egiten dabil, eta ez lan gutxiago egiteko modua bilatzen”. Kontua da azterketak egin direla, ez sakon-sakonak baina azterketak bederen. Interesgarrienetako bat Belgikan egin zuten, sariketa batean bizitza osorako soldata irabazi zuten hainbat lagunen jokabidea aztertuz. Ia inork ez zuen enplegua utzi, eta gehienez ere lan-baldintza hobeak, edo besterik gabe enplegu hobeak bilatzeko balio izan zien diru-sarrera berriak. HOEren bidez jasoko luketena baino sano kopuru handiagoa, bide batez esateko.

Momentu egokia izan daiteke hau HOEren zenbatekoaz berba egiteko, norbaitek pentsatu baino lehen gaur egungo soldata arrunt baten pareko kopuruez ari garela. Zenbateko zehatz bat aipatzea ezinezkoa da, baina ontzat ematen da HOEk premiazko beharrizanak asetzeko nahikoa izan behar lukeela. Oinarrizko Errenta Sarean izen-abizenak ipini dizkiote horri: pobreziaren ataria. Alta, herrialdetik herrialdera asko aldatzen da atari hori; Europan, oro har, per capita errenta medianaren %60an jarri da langa hori, eta gauza jakina da zer nolako aldeak dauden estatu batetik bestera, errentaz den bezainbatean. Argitu dezagun garai batean batez besteko errenta hartzen zela oinarri, baina azken urteetan adituek nahiago dutela mediana erabiltzea. Hots, balio bat non biztanleen erdia horren gainetik dagoen eta beste erdia azpitik.

Balio hori, Europako herrialde batzuetan, hurbil dago benetako pobreziaren ataritik, baina beste batzuetan zeharo urrun, Luis Sanzo soziologoak azaldu digunez. Herrialde bakoitzaren barruan ere, diferentziak egon daitezke populazioaren sektore batetik bestera. EAEn, berbarako, per capita errenta mediana 2.500 euro ingurukoa da familiako. Horren %60arekin, gazteek nola egin aurre etxebizitza gastuei?

Maila teorikoan, nolanahi, Pernandoren egia dirudien zerbait defendatzen du Daniel Raventósek: herritar guztiei emanez gero pobreziaren mugaren adinako diru-kopurua, pobrezia desagertu egiten da definizioz. Pobrezia, ez gizarte-bazterkeria, baina hori beste eztabaida bat da. Gorka Morenok, aldiz, ez du uste HOE pobrezia ezabatzeko nahikoa izango litzatekeenik, “sistema kapitalistaren definizioan bertan dagoelako pobreak existitzea”. Ongizate estatua indartzeko neurria litzateke HOE, Morenoren arabera, baina ahaztu gabe pobreenei egokitzen zaien ongizate kuota oso txikia izaten dela.

Bilboko sinposiumean HOEren bideragarritasun sozialaz eta politikoaz hitz egingo dute. Badauka, bideragarritasunaren eztabaida honek, hirugarren erpin bat: ekonomikoa. Finantzatzeko modukoa da HOE? Ezetz diote haren aurka dauden guztiek, eta baita begi onez ikusiko luketen batzuek ere. Oinarrizko Errenta Sareko kideek ez dute ukatzen gai konplexua dela, baina bideragarritzat jotzen dute edonola, beti ere fiskalitatea bide hartuta. Daniel Raventósek 2003an Katalunian egindako saiakera ekarri du gogora: 100.000 lagun baino gehiagoren errenta-aitorpenak aztertuta, ondorio honetara iritsi ziren: PFEZn aldaketa batzuk eginez, posible zen urtean 5.500 euro inguruko errenta ematea 18 urtetik gorako herritar guztiei, eta horren erdia adinez beherakoei. Kopuru hori bat zetorren garai hartako lanbide arteko gutxieneko soldatarekin (LGS): 451 euro hileko, baina hamabi ordainalditan. Kontuan izatekoa da LGSa oso baxua dela Espainiako Estatuan. Iaz 624 eurokoa zen hileko, eta Frantziako Estatuan 1.321ekoa.

Adibidearen ikerketan egin ziren proiekzioen arabera, biztanleriaren %70ak hobetu egingo luke bere orduko egoera, eta %15a baizik ez zen galtzaile aterako. Aberatsenak, noski. Aberats segituko lukete, hala ere. “Besteak beste, HOE finantzatzeko behar ditugu”, esan zigun Raventósek orain hiru urte gai honi buruz kaleratu genuen erreportajean (Argia, 2.044. zbkia.). Denen askatasuna finantzatzea, esatea legoke Oinarrizko Errenta Sareko presidentearen tesiak geureganatuz. Lana aukeratzeko bakarrik ez, oinarrizko beharrizanak asetzeko moduko dirua jasotzeak bestelako erabakietarako ere askeago egingo gintuzke, hark dioenez. Hala nola, besteekiko harremanei dagozkien erabakiak. Esaiezu tratu txarrak jasotzen dituzten milaka emakumeei.

Munduan eredu bila: Alaska eta Namibia
Nekez aurkitzen dira munduan Hiritartasun Oinarrizko Errentaren adibideak. Beti aipatu ohi dena, eta ia bakarra, Alaskakoa da. 1982tik, bertan gutxienez sei hilabete daraman edonork –legearen barruan, beti ere– urtez urte aldatuz doan diru kopurua jasotzen du urtero. Inoizko handiena 2.000 dolar ingurukoa izan da, eta beraz nahiko urrun dago pobreziaren mugatik, batez ere Alaskakotik. Horregatik, zaila da eredutzat hartzea: hain gutxi banatuta, nekez atera daiteke ondorio garbirik Oinarrizko Errentaren bideragarritasunari buruzko eztabaidarako. Are gehiago kontuan hartzen badugu dolar horien iturria urre beltza dela, eta ez fiskalitatean ezarritako aldaketak.

Jay Hammond-ek, zortzi urtez (1974-1982) Alaskako gobernadorea izan zenak, funts bat sortu zuen, Prudhoe badiako petrolioaren etekinen zati bat gorde eta hala sortutako irabaziak herritar guztien artean banatzeko. Oinarrizko Errentaren aldeko zenbait egilek azpimarratzen dutenez, hamarkada hauetan Alaska izan da, AEBetako estatuetan, pobre eta aberatsen arteko desberdintasun gutxien eduki duena.

Aipatu berri dugun adibidea ia bakarra dela esan dugu; oraindik orain abian jarritako ekimen bati zor zaio “ia” hori. Namibiara jo behar dugu haren peskizan, Alaskatik zeharo urrun beraz, eta ez bien artean dauden kilometroengatik bakarrik. Han, Namibian esan nahi dugu, erregea da urtean 2.000 dolar pilatzeko gauza dena. Momentuz, hilero hamar dolar jasotzen ari dira, aurtengo urtarriletik, Otjivero herriko 1.000 biztanleak; ez da gutxi beraientzat, eta dagoeneko esan daiteke jan, behintzat, askoz hobeto jan dutela 2009an aurreko urteetan baino. Otjivero laborategia da: dena ondo joango balitz, eta abenduan erabakiko dute hala izan den ala ez, Namibiako lurralde osora zabaldu nahi lukete neurria. Momentuz, zenbait gizabanakok eta elkartek beren borondatez emandako sosekin finantzatzen ari dira egitasmoa. Oinarrizko Errenta Namibia osora zabaltzekotan, klase ertain-altuen zergak igoko lituzkete behar den dirua lortzeko, herrialdearen BPGaren %4 guztira.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude