Bidouze, barnealdeko portua


2009ko uztailaren 12an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Ahuzki peko harpe misteriotsuaren ilunetik ilki eta Gixunen Aturrira aurtikitzen den juntaraino, euskaraz Erreitia izena daraman –baina nehork ez dit horrelakorik segurtatu– Biduze ibaiaren oinez segitzea ukigarria da. Bizitza baten sortzea, garapena eta azkentzea irudikatzen du, harri lehorretan, eiherraz azpildu haranetan eta hirietan barna. Ostibarre eta Amikuze zoratzen dabil, Larzabale, Izura, Jatsu, Donapaule, Aiziritze, Gabadi, Labetze, Ilarre, Bizkai, Erriberri eta Aranku zeharkatzen ditu, Akamarren jada erreka irekia bihurtzen dela. Bidaxune eta Gixuneko portuak dauzka lehia hurbil.

Akamarreko portua ikusgarria da. Elizaren maldako bidetik jaisten da eta hor dago lehen, marea goraz balia, Baionatik zetozen gabarren arrima lekua. Ardoa eta bihiak garraiatzen ziren denboran, egurrez eta Amikuzeko oihanetan haziriko urde oparoen haragiz kargaturik itzultzen ziren gero lapurdum ohiraino. Euskal Herri barnealdearekiko komertzio aberatsa imajina dezakegu oraindik Port Bidouze deituaren kaien hegitik ameslari gabiltzanean. Antzinako denboretan euskal hiztunak baziren Akamarren, halaber Portugaletik etorri judutar leinu osoak, Bidaxuneko israeldar hilerrian ikus daitekeenez.

Akamarretik Gixunerainoko arto landen erdian sugetzen doa Biduze handia, borobilka, nagitasunez hantua, txoriek hegaletan itsas usaina dakarkigutela.

Port Bidouze abandonatuak ezagutua izatea merezi du.

Beste ihesaldi batzuk:



Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.