Errebelde ezezaguna

Errebelde ezezaguna
Errebelde ezezaguna
Pekin (Txina), 1989ko ekainaren 5a. Jeff Widener, Associated Presseko langilea, Beijing hoteleko seigarren solairuan zegoen. Kazetari grafikoa zen, eta Txinako hiriburura joana zen apirilaren 15ean hasitako Tiananmen plazako protestaldien berri ematera. Aurreko asteetan, hainbat gizarte taldeko kideek, intelektual, langile zein ikasleek bat egin zuten, batzuek gobernu komunistaren ustelkeria eta errepresioaren aurka egiteko, besteek herrialdea langabeziak eta inflazioak jota zegoela salatzeko. Bezperan, gobernuak armadaren tankeak eta infanteria bidali zituen Tiananmenera, protestaldia indarrez itzaltzera. CIAk 400-800 hildako izan zirela esan zuen;, Gurutze Gorriaren esanetan aldiz, 2.600 lagun inguru hil zituzten.

Biharamunean, argazkilariak, gelako leihotik, tanke ilara ikusi zuen 800 bat metrora, Tiananmen plazatik minutu eskasera, Betiereko Bakearen etorbidean gora. Eta bat-batean, gazte bat tanke ilararen aurrean paratu zen, bakar-bakarrik, poltsa bana eskutan, tankeei alde egiteko keinuak eginez. Ilarako lehen tankea gazteari iskin egiten saiatu zen. Baina gazteak bidea oztopatu zion. Tankeak geldiarazi, lehenengoaren gainera igo eta gidariarekin hizketan hasi zen.

Widenerrek urte hartako World Press Photo saria lortu zuen une hura argazkian eta bideoan jasotzeagatik. “Errebelde ezezaguna” edo “tankeen gizona” mito bihurtu zen. Haren izena, ordea, ez dakigu, ezta zer gertatu zitzaion ere.

Tanke gainetik jaitsi eta hainbat zibilek jende artera eraman zuten gaztea. Askoren ustez, uniformerik gabeko soldaduak edo poliziak ziren. Hortik aurrerakoak espekulazioak baino ez dira. The Sunday Express egunkari ingelesaren esanetan, Wang Weiling izeneko 19 urteko ikaslea zen, baina horren frogarik ez dago. 1999an Bruce Herschensohn AEBetako Nixon presidentearen aholkulari izandakoak handik aste gutxira hil zutela esan zuen. Beste iturri batzuek Tiananmeneko gertakariak amaitu eta hainbat hilabetera fusilatu zutela diote. Eta bada bizirik dagoela dioenik ere, eta Txina kontinentalean edo Taiwanen bizi dela. Jiang Zemin-ek, Alderdi Komunistaren orduko idazkari nagusiak, zera esan zuen: “Ez dut uste hil zutenik”. Baina 2005ean, lekuko zuzen batek, Charlie Cole argazkilariak, gaztea han bertan atxilotu zutela esan zuenean, bizirik topatzeko itxaropenak are gehiago itzali ziren.

1998ko apirilean, Time aldizkari estatubatuarrak XX. mendean eragin handiena izan zuten 100 pertsonen zerrenda argitaratu zuen. Eta hantxe zegoen txinatar gazte anonimoa.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude