Tintazko irribarrea

  • Kaputxinoek prentsa euskarara edo euskara prentsara ekartzea erabaki zutenean, testuei lotuta umore grafikoa ekarri zuten, hasieran irribarrea baino, hausnarketa espirituala eragin arren. Ordutik hona, euskal marrazkilari askok larrutu du gure errealitatea astekarian.
Lauzpabost orrialde aurrerago, astekari honetan bertan, Asisko Urmenetaren “Gora Pro Nobis” saileko emaitzarik berriena ikusiko du irakurleak. Ataleko tituluaren hitz jokoak kutsu erllijiosoa izan arren, Asiskoren umoreak zerikusi gutxi dauka 90 urte lehenago Zeruko Argian azaldu ziren lehen komikiekin. Aldizkariko lehen komikiak “Ikasi!... Ikasi!...” izenburu mehatxugarria zeukan –alboan, 1928ko apirilean argitaratutako komikiaren zati bat–. Marrazkien bidez kristau ikasbidea zuzen ibiltzen zutenak sarituak izango zirela irakasten zuten. Baina, bide okerra aukeratzen zutenek jasaten zituzten desgraziak ere gordin deskribatzen zituen. Gerra aurreko Argia laikoan, aldiz, Jon Zabalo “Txiki”ren marrazkiak argitaratzen ziren tarteka, eta 1928ko egutegian marrazkigile ezagunaren txiste sorta bildu zuten.
 
Zeruko Argia biziberrituan, 60ko hamarkadan, Lerro sinatzen zuen marrazkilariak garaiko kontuak, hala nola yeyeen txima luzeak edo musika estilo berriak, zituen hizpide. Baina euskal marrazkilari eta ilustratzaileen lehen belaunaldi oparoa oraindik iristear zela, astekariak kanpoko lanak euskaratu behar izan zituen umore grafikoaren tartea betetzeko eta, hala, besteak beste, Antonio Madrigal umorista grafiko espainiarraren lanak itzulita argitaratu zituzten.
 
1972an Antton Olariagaren lehen marrazkia argitaratu zen; 1975ean astekariak bi komiki gehigarri kaleratu zituen; 1976an Jon Zabaletak “Ipuin bat Olentzerotaz” komikia egin zuen, Olentzerori opari berezia eskatzeko: amnistia. Urtebete geroago, 1977an, Zabaletak eta Olariagak besteak beste, Ipurbeltz aldizkaria sortu zuten, eta hamarkada amaitu baino lehen irudia eta hitza uztartzen zituen “Euskadi Sioux” mitikoa sortu zen.
 
Irudigile eta umorista grafikoen loraldia 80ko hamarkadan gauzatu zen, eta Argian ederki islatu zen hori. Sail eta pertsonaia finkoak sortu ziren, esaterako, Ramon Agirreren “Zapasto”; Olariagaren “Izan ere”, “Hormasprayko” eta “Mozorrozko”; “Hots” izenburuko atala eta abar. Joxemi Zumalabek, beste hainbat lanez gain, ilustrazioak ere egiten zituen, baita karikaturaren bat ere –adibidez, orduan astekariko kolaboratzailea zen Karlos Argiñanorena–. Josemari Alemanek ere karikaturak egiten zituen, asmakizun modura. Eta Zut delakok “Erretrato politikoak” atalean bertako nahiz kanpoko politikarien karikaturak egiten zituen. 1986an TXT komiki gehigarria argitaratzen hasi zen astekariaren barruan. Bertan, besteak beste, Hugo Pratt-en “Corto Maltese”k eta Winsor McCay-ren “Nemo Txikia”k euskaraz ikasi zuten.
 
Umore grafikoak bere tokia egina zuen Argian, gaurdaino beti bete den tokia, batzuetan irribarre zabalagoa, besteetan gordinagoa eraginez.
Antton Olariaga, kazetaritza marrazkitan
Testuliburuetan, literatura-lanetan, “Ipurbeltz”en eta, batez ere, prentsan, maiz ikusi ditugu Antton Olariagaren marrazkiak, hitzari lotuak beti, besteen hitzei balio erantsia eskainiz edo, zergatik ez, hitz berriak asmatuz. Valentzian Arte Ederrak ikasten ari zela hasi zen prentsan kolaboratzen, Las Provincias egunkarian hain zuzen. Publizitate munduan zebilela, marrazki batzuk Zeruko Argiara bidaltzea bururatu zitzaion. Astekarikoei gustatu eta, berehala, 1972. urte hasieran Olariagaren marra bereizgarria argitaratu zen oraindik egunkari itxura zuen astekari hartan.
 
Hasieran marrazki solteak ziren. Gero, 80ko hamarkadan, asteroko atal eta pertsonaia finko bihurtu ziren: “Izan ere”, “Hormasprayko” eta “Mozorrozko”.
 
Baina ez zuen soilik Zeruko Argian kolaboratzen. Anaitasuna aldizkarian ere argitaratu zituen marrazkiak eta Zakilixut pertsonaiarekin eskutik eguneroko prentsara salto egin zuen –Eginen hasieran, eta Berrian gaur egun–. Argiarekiko lotura, dena den, ez du eten; horren lekuko, berriki Argiaren 2.000 ale borobilaren azala berak egin izana.
 
Olariagaren lanek txiste grafikoen muga gainditzen dute; umore alesez gain, hausnarketak, iruzkinak, dira. Bere “txistegintza komentariogintza da gehiago” irudigilearen beraren hitzetan.
 
Duela aste batzuk zera esan zion Sustrai Colinari astekari honetan bertan: “Ez zait pitorik gustatzen atzera begiratzea”. Guri bai, ordea, atzean ikusten duguna Olariagaren trazoa baldin bada.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude