Zergatik eskatu etorkinari euskara ikasteko?

  • Carolina Melok (Rezife, Brasil, 1971) Canelle Bokatategia du Gasteizko Lakua auzoan; karta bi hizkuntzetan. Senarra eta seme-alabak euskaldunak ditu eta bera ere hortxe nonbait moldatzen da. Bankuek bezeroa bezala, euskaltegiek etorkina erakarri behar dutela dio.
Kanpotarrak

2005eko hasieran 50.000 ziren etorkinak Nafarroan, populazioaren %9,5. EAEn 98.524 ei dira immigranteak, populazioaren %4,6; banaketa irregularra du kopuru honek, haietarik %51 Bizkaian bizi baitira, %29 Gipuzkoan, eta %20 Araban. Datuok esanahi handikoak litezke, kontuan harturik hamar urtean kopuruak izan duen hazkunde azkarra: 2000. urtean 20.000 atzerritar zeuden erroldatuta EAEn. Nafarroan, 1996an, %0,6koa zen kopurua…

Eta behin harako Peru Abarka eta Maisu Juan bezala, bi lagunen albisteak bildu ditugu orriotara. Amelia Barquín dugu bata, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateko irakaslea. Jakin aldizkarian (165. zbk. martxoa-apirila) idatzirik utzi dituen gogoetak hartuko dizkiogu maileguan. Bestea, Carolina Melo da, sortzezko brasildarra, duela dozena erdi bat urte Euskal Herrira etorria, senarra eta bi seme-alabak euskaldunak dituena. Canelle Bokatategia irekia du Gasteizko Lakua auzoan, eta elebitan jarriak ditu establezimenduaren kanpoko iragarkia eta karta. Leihotik leihora jarri ditugu bataren teoria eta bestearen praktika… paper erre honetan badarik ere.

Immigrantearen euskara

Eta immigrazioa eta euskara aztertzera jota, dio irakasle Barquínek: “Etorkin helduek ez dute euskaraz ikasten. Arrazoi nagusia ezaguna da: euskara normalizatu gabe dago eta horrek ondorioak dauzka. Eta garrantzitsuena da leku askotan ez dela erabiltzen; begi-bistakoa da etorkinentzat autoktonoek ez dutela erabiltzen”. Irakaslearen puntuari, immigratuaren kontrapuntua: “Etorkinek ez dute euskaraz ikasten. Gaitasuna badute, baina ez dira ikasten saiatzen. Hego Amerikatik datozenek, adibidez, gaztelaniaz hitz egiten dute, hemen hitz egiten den hizkuntza. Askok ez dute hemengo jendearekin loturarik egiten; alderantziz, beren familiak ekartzeari ekiten diote poliki-poliki… Horrela, nola, bada, ikasi euskaraz, kalean ere ez dute entzuten eta!”.

Gaztelaniaz dakiten etorkinek Hegoaldean ofizial den hizkuntza dakite, hizkuntzarik zabalduena. Gehienek nahikoa dute harekin. Badute beste lanik… Carolina Meloren iritziz, “brasildarra naiz eta portugesez hitz egiten dut, baina ez da gaztelaniaren oso bestelakoa. Hego Amerikako gainerako herrialdeetan, berriz, gaztelaniaz hitz egiten dute. Bestela da afrikarren kasuan”. Herri txikietan gertatzen diren immigranteak ezik, hiriburuan kokatzen diren afrikar, asiar eta europar gaztelaniaz ez dakitenek espainola ikasteko beharra sumatuko dute…

Zertan ikasi?

Etorkinek ez ei dute euskaraz ikasten. Bertako askok ere ez. Ikasten duten autoktonoek lan arrazoiak eta arrazoi ideologikoak (kulturalak), dituzte. Zertan ikasi euskaraz lanean gure hizkuntzaren beharrik ez duenak? Amelia Barquín irakaslearen arabera, etorkinen lanetan –etxeak garbitzen, haurrak eta adinekoak zaintzen, eraikuntzan, kaleko salmentan…–, ez da euskararen exijentziarik. Bestalde, zertan ikasiko digu euskaraz “bere” kultur altxor ez duenak? Eta Barquínek, berriz: “Baliteke etorkinen batek [euskaraz ikasteko] behar hori sentitzea denbora dezente pasatu eta gero, baina ez da orokorra izango”. Bada, salbuespen da Carolina Melo: “Hemengo hizkuntza da, eta ikasi nahiko nuke. Hemen bizi naiz. Familia ere oso kontuan dut: senarra, euskalduna; seme-alabak, euskaldunak... euskaldunak eta brasildarrak, jakina… Kar, kar, kar. Nik euskaraz hainbestean ulertzen dut –euskaltegian ere ibili nintzen haurrak jaio baino lehen–, baina kosta egiten zait hitz egitea. Gure umeek, berriz, euskara, portugesa eta gaztelania ikasi dituzte, edo ikasten ari dira. Nik haiekin portugesez hitz egiten dut. Senarrarekin euskaraz mintzatzen dira… Etxean euskaraz da giroa, baina kalera irten eta gaztelania! Bertakoek ikasten ez badute, zertan ikasiko du kanpotik datorrenak?”.

Carolina Melok, dena den, ikasteari ekin zion, etorri orduko. Badu iritzia ere. “Immigranteok euskaltegiek bereganatu behar gaituzten jendea gara. Bankuek bezala egin: banketxeek, adibidez, immigranteentzako produktu espezifikoak eskaintzen dituzte. Bada, berdin egin beharko lukete hizkuntz eskolek, gaztelaniazko ikastaroak ez ezik, euskarazkoak ere eratu beharko lituzkete immigranteentzat. Eta diskriminazio positibo hori baliatu, eskolan edo behar den toki guztietan”. Eta ba ote dago presiorik, etorkinak euskaraz ikas dezan? “Ezetz esango nuke. Nire kasuan, nik neuk estutzen dut nire burua, ez beste inork. Ni hemen bizi naiz, eta ikasi egin nahi dut euskaraz”.

Zer eskatu etorkinari?

Eta nola eskatu atzerrikoari euskaraz ikas dezan, bertakoak muzin egiten badio? Amelia Barquínek ba ei daki zer eskatu: errespetua. “Aurrera eramaten ari garen prozesuarekin errespetua”. Irakaslearen iritziko, euskal gizartearen zati handi batek erabat sinesten du hizkuntzaren iraupena ardatz duen proiektuan. “Etorkinek prozesu hori ulertzeko informazioa behar dute. Ondo azaldu behar zaie hizkuntzaren normalizazio prozesua, euskarak zein bide egin duen eta zein egin behar duen”.

Etorkina bera sendoago ageri da bere uste eta sinesteetan: “Zertan ari dira Katalunian, ikastera derrigortzen ez bada? Zertan dira Finlandian? Atzerritarrek gutxienez sei hilabete igaro behar dute hizkuntza ikasten, eskolan ohiko ikasketak egiten hasi baino lehen… Eta Finlandia puntako herrialdea omen da hezkuntza gaietan. Egokitzeko modua da hizkuntza ikastea. Beti izango dira kontuak: jendea derrigortzen duzula, diskriminatzen duzula… Beti izango dira aitzakiak, baina murgiltze modu bat ez legoke gaizki. Egia da beti ari garela esaten ez dagoela inor ezertara behartzerik eta hau eta hura… Polemikak! Baina balego lege bat agintzen duena hemen bizitzeko halako hizkuntza ikasi behar dela dioena… Hemen, euskaraz ez ikasteak ez du ondoriorik”.
Bokatategia
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ez dakar, Xuxenek gorriz markatuko dizu, baina Gasteizko Lakuan Canelle Bokatategia ikusi eta arnasa hartzen du euskarak, gaztelaniak itotako inguruan. Ogitartekoa aukeratzen hasi eta hantxe janari-edarien karta, euskaraz eta gaztelaniaz. “Automatikoki egin genuen. Hemengo bi hizkuntzak dira, ezta? Ez ginen pentsatzen ibili, euskaraz jarri ez jarri, ez, berez asmatu genuen: euskaraz eta gaztelaniaz. Nuria Arroiabe koinatak itzuli zuen. Behin edo behin, etorri da itzultzaileren bat eta esan digu: ‘Goitik behera aztertu dut karta, eta ez da oker bat ere ageri!’ Pozten naiz”.

Carolina Melok euskalduna du senarra, Leintz-Gatzagakoa (Gipuzkoa) familiaz. “Euskaldun petoak dira, euskaraz hitz egiten dute eta, esaterako, euskaltzaleak. Nik bat egin dut horrekin. Euskara nire senarraren hizkuntza ez ezik, nire seme-alabena ere bada, eta niri ondoeza egiten zait batzuetan, euskaraz gehiago ez jakiteagatik”.

ASTEKARIA
2008ko abenduaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude