Bizikletaren eguna

LSD-a
Basilea (Suitza), 1938. Azaroaren 16an, Albert Hofmann suitzar kimikari kontserbadoreak azido lisergiko dietilamida sintetizatzea lortu zuen lehenengoz, Sandoz laborategietan.

Zekale-ainoaren ergolina taldeko alkaloideak sendagai moduan erabili ote zitezkeen ikertzen ari zen. Berak sintetizatutako azido lisergikoaren 25. eratorria zenez LSD-25 izena ipini zion. Analeptiko gisa eta zirkulazio eta arnas sistemen estimulatzaile gisa erabil zitekeela uste zuen. Baina animaliekin egindako frogek ez zuten emaitza positiborik izan eta lan ildo hori baztertzea erabaki zuen.

1943an, bere esanetan “bihozkada bitxi” batek jota, konposatuarekin berriro lanean hastea erabaki zuen. LSD-25 berriro sintetizatzen ari zela, ondoezik sentitu eta etxera joan zen. “Ezinegona eta zorabioa” sentitu zituen. Gero, ohean, “mozkorraldi modukoa, atsegina, irudimenaren estimulazio ikaragarria”. Irudi fantastikoak ikusi zituen, ezohiko formak, kolore bizi eta kaleidoskopikoz beteak. LSDa Hofmannen eskuetako azalarekin kontaktuan egotearen efektuak ziren.

Hiru egun geroago, dosi handiagoa hartzea erabaki zuen, efektuak hobeto aztertzeko. 1943ko apirilaren 19an izan zen; gerora “bizikletaren eguna” esango zioten data horri.

Hofmann doktoreak 250 mikrogramoko dosia hartu zuen, alkaloide ergotikoen ohiko dosia baitzen. Baina kantitate izugarria zen, eta kimikaria berehala jabetu zen horretaz: garai hartan ezagutzen zen ia edozein substantzia baino askoz indartsuagoa zen. Ezin zuen atzera egin ordea.

Gerra garaiko murrizketak zirela eta, ez zuen autorik eskura eta bizikletaz joan zen etxera. Dena distortsionatuta ikusten zuen eta, pedalei eraginda ere, mugitzen ez zela uste zuen. Etxera iristean ikara bizia sentitu zuen, deabrua barnean zuela uste zuen, bizilaguna sorgina zela, eta etxeko altzariek mehatxatzen zutela. Ohera sartu eta panikoa plazer bilakatu zen. Koloreen eta forma eztanda etengabea ikusi zuen, eta soinuak ere irudi bilakatu ziren haren baitan. Azkenik, loak hartu zuen. Biharamunean, burua argi zuela eta indarberrituta esnatu zen.

Huraxe izan zen lehen LSD “bidaia”. Gero esperimentu zientifikoak egin ziren; 60ko hamarkadan laborategietatik San Franciscoko kaleetara iritsi zen; Haight Ashburytik mundu osora zabaldu zen aurrerago, eta hippyen droga kuttun bihurtu zen; debekua, zigorrak eta osasunarentzako guztiz kaltegarria zela zioten azterketak etorri ziren azkenik, eta LSDaren urrezko aroa amaitu zen.

Albert Hofmann duela hilabete gutxi hil zen, 2008ko apirilaren 29an, 102 urte zituela.

ASTEKARIA
2008ko abenduaren 21a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude