Txagostarrek etxera nahi dute baina han kaserna dago

  • Londresko auzitegiek azkenean erabaki dute 1965 arte britainiarren kolonia izandako Txagos artxipelagoko biztanleek etxera itzultzeko eskubidea daukatela. Egunen batean lortzen badute herriratzea, umetan kopra palmondoz betetako uhartea militarrez, hormigoiz eta atzerritarrez beteta aurkituko dute.
Txagostar erbesteratu bat
Txagostar erbesteratu bat
Txagos artxipelagoa Ozeano Indikoaren erdian dago galduta. Mapan aurkitzekotan, ipini atzamarra Indiaren beheko erpinean eta hortik 1.000 milia edo 1.600 kilometro jo hegoaldera. Edo jarri Afrikan Kenyako kostaldean eta hortik ekialdera zuzen 3.000 kilometroz nabigatu. Itsaso zabalaren erdian barreiatuta dauden 55 uharte txikik osatzen dute Txagos artxipelagoa. Hiru uhartetan baizik ez dira bizi izan gizakiak, eta horietan Diego García da irla nagusia.

XVI. mendean Vasco de Gama portugaldarrak aurkitu zituen lurrok, ordura arte gizakiek ukitu gabeak. Beranduago frantsesek berenganatu zituzten, Maurizio izeneko koloniaren barruan ipiniz. Gero 1810ean Britainia Handiak kendu zizkien frantsesei, eta orduan hasi zen Diego García, Solomon Island eta Pero Banho uharteen benetako kolonizazioa, ordura arte esklabo bakan batzuk ez zituzten-eta ekarriak. Gaurko txagostarrak Madagaskar, Mozanbike, Maurizio eta India hegoaldetik iritsitako nekazarien askazikoak dira.

150 urteren buruan txagostarrak 3.000 izatera iritsi ziren, eta arrantzan aritzeaz gain nagusiki kopra zen haien bizimoduaren funtsa, oliotarako esportatzen zuten kokoa. Baina 1971n Txagosetako jende guztiak kanporatu egin zituzten britainiarrek, bertan amerikarrek eraiki zezaten Ozeano Indikoan daukaten base handia. Txagostarrek ekin zioten etxera itzultzeko eskubidea auzitegietan aldarrikatzeko kalbariobide luzeari eta mila gorabeheraren ondoren apiril honetan eman die arrazoi Londresko Lorden Ganbarak.

Garaipen hau baino lehen, 2006ko martxoan, ziento bat txagostar inguruk izan zuen sorterria bisitatzeko aukera. Orduan Minority Rights Group buletinak eta The Guardian egunkari ingelesak eman zuten albistea. 2000.ean irabazi zuten lehenbizikoz ostera herriratzeko eskubidea, baina Londresko gobernuak apelazio berriak asmatzen zituen. Hala ere, ehun txagostarrok egun bete pasa ahal izan zuten Diego García uhartean, birrindutako etxe eta soroak ikusi, arbasoen hilobiak ikusi eta penatuta itzultzeko Mauriziora.

Bidaiariotako askok umetan utzitako uharte txikian deus gutxi zegoen zutik lehen zegoenetik. AEBetako armadak Diego Garcían daukan base erraldoiak aldatu du dena, aireportuaren pista, eraikin berri, militar eta hauen zerbitzuko ari diren 3.000 langile kanpotarrekin.

Diego Garcíaren argazkiak erraz aurki daitezke, baina Londresko gobernuak antza ez zuen nahi herritarrek bertatik bertara hura ikuskatzerik. Txagostarrak joan ez zitezen, aitzakiarik harrigarrienak erabili zituen Tony Blairren gobernuak. 2000.ean, turistentzako leku arriskutsua zela, eltxo arriskutsu asko zegoelako. 2004an berriz oso gutxitan erabili izan den kolonialismo garaiko lege bitxi bat usatu zuen, epailearen erabakiaren gainetik gobernuari erabakitzeko baimena ematen ziona.

Azkenik nola edo hala egin zuten herriminez betetako txangoa, eta lehen urrats hura orain osatu da legez bederen asaba zaharren etxera itzultzeko eskubidea aitortu zaienean.

Bahitu ondoren britainiar nonbratu

2006ko txango labur haren osteko kronika The Guardian eta Le Monde egunkarientzako Sarah Tisseyre-k egin zuen. Maurizioko Port Louis hiri inguruko txabolategi batean bizi den Lisette Talate amonarekin mintzatu zen, adibidez. Honek gogoan ditu 1971ko gertakizunak: “Egun batetik bestera gizon bat azaldu zen esanez Diego saldu zutela eta guk alde egin beharra geneukala”. Baina beren herio zigorra 1961ean sinatu zuten ingelesek.

Gerra Hotza beroenean zegoen. Sobietarrek Ozeano Indikoan indar hartuko zuten beldurra zegoen, eta Washingtonek eta Londresek tratua egin zuten: britainiarrek lurra jarriko zuten base militar handi bat egiteko eta ordainetan amerikanoek Polaris misilak prezio berezian salduko zizkieten.

Laster, 1965ean, Maurizio uharteei independentzia eman zieten ingelesek, baina Txagos metropoliaren zuzeneko agintepean geratu zen. Amerikanoekin hurrengo urtean sinatu zuten tratua, Diego García 50 urterako alokatuz, 20 gehiagoko epe gehigarriaz.
Bertako biztanleek deus ez zekiten eta kopratan segitzen zuten lanean, ehun urte lehenago bezalatsu. Ingelesek nazioartean propaganda kanpaina hasi zuten, txagostarrak urtero uzta garaian ekartzen zituzten langile moduan aurkeztuz. Diplomazia britainiarra ondoko urteetan saiatu zen Txagos Nazio Batuen Erakundearen agendatik kanpo edukitzen.

Herritar asko oharkabean kanporatu zituzten. Gaur txagostarren liderra den Olivier Bancoult-ek, adibidez, zortzi urte zituen 1968an bere familiarekin Mauriziora joan zenean medikutara, bere arreba gaixo zegoelako. Ez zieten itzultzen utzi. “Arreba bi hilabeteren buruan hil zen eta Pero Banhosera bueltatu nahi genuela esandakoan, ezinezkoa zela erantzun ziguten”.

Beste asko era berdintsuan aurkitu ziren etxeratu ezinik, Seychelleetara edo Mauriziora edozein enkargu edo ospakizunetara joandakoan. Alde egin ez zuten gainerako txagostarrak, 1971tik 1973a bitartean kanporatu zituzten.

Diego Garcíako base militarrean amerikarrek milioika dolar asko gastatu dituzte. Esan daiteke gaur Diego García yankien
itsasontzi erraldoi bat dela. Bertatik antolatu dira 1991ko Golkoko Lehen Gerrako bonbaketetarako hegaldiak, berdin 2001etik aurrera Afganistan eraso zutenak, eta geroago Irakeko konkistan erabilitako asko.

Hiru mila langile zibil ari dira gaur base horretan, gehienak Mauriziotik eta Filipinetatik ekarritakoak. Bitartean, txagostar gehienak Maurizioko txabolategi txiroenetan bizi dira, talde batzuk Seychelleetan eta banaka batzuk Londresen. Maurizion daudenetako asko analfabetoak dira, langabezian daude ezin egokiturik bizileku berrira. “Hemen gure haurrak –esan dio Lisette Talatek kazetariari– drogarekin eta kriminalitatearekin nahastu dira. Ikusi 37 urteko nire seme hori, langabeziagatik edanari eman dio”.

Londresek azken aldian txagostarrei britainiar nazionalitatea eskaini die. 2000.etik gaurdaino milako batek onartu dute pasaporte britainiarra, 8.000 herritarrek osatzen duten taldetik. Tartean Bancoult liderrak. Aldiz, beste batzuk irtenbide horren kontra daude. Port Louisen diharduen Txagostarren Ongizatearen aldeko Komiteak adibidez uste du naziotasun britainiarra onartzeak historiari uko egitea dakarrela. “Txagostarrak Maurizioko herritar dira, eta etxera itzuli nahi badute Maurizioko gobernuari laga behar diote bere subiranotasuna berreskuratzeko negoziatzen”.

1980tik Mauriziok Txagos artxipelagoa bere zati dela aldarrikatzen du NBEan. Eta amerikarren base militarra? Dagoeneko inor ez da ausartzen Diego García itxuraldatu duen obra erraldoia bertan behera uzteko eskatzen. Herritarrak militarren ondoan bizi daitezkeela diote, eta behar izanez gero haientzako lan egin ere bai.
Informazio gehiago

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude