Aitonaren batailak.blogspot.com

  • Internetek hilda dauden soldaduak berpiztu ditu nobela historikoen egile bilakatzeko. Bill Lamin izeneko irakasle batek, bere aitonak –Harry Lamin britainiar gudarosteko soldaduak– I. Mundu Gerran idatzitako eskutitzekin bloga osatu du 90 urte beranduago. Telesail zirraragarrienen antzera milaka irakurlek egunero dute zita webgunean, Laminen gorabeherak ezagutzeko irrikaz. Gutun sorta berria noiz ailegatuko zain, kezkaz beterik, historiak erabat harrapatuta. Soldadua onik bueltatuko ote da etxera?
Harry Lamin
Harry Lamin, britainiar soldadua
I. Mundu Gerran parte hartu zuten soldaduen eta euren familien arteko komunikazio hari bakarra gutun bidezkoa izan zen. Urteak pasa ahala, notiziak geroz eta ustelagoak: guda amaitu ez eta hildakoak milioika. Nola egongo ote da? Zauriturik ala honezkero hilda? Ezinegonak harturiko galderak, onik izango ote zenaren esperantzan. 90 urte beranduago, galdera berberak egiten dituzte www.wwar1.blogspot.com blogeko irakurleek. Bitakora horren protagonista Harry Lamin da, Yorkshire-ko errejimentuko soldadu britainiarra. Guden gudan parte hartu zuen eta sasoi beltz horretan bere familia eta lagunei idatzi zizkien eskutitzak irakurgai jarri ditu helbide horretan bere biloba Bill Laminek. 59 urteko informatika irakaslea da eta bere aitonak idatzi zituen hilabete eta egun berean ari da jartzen eskutitzak sarean. “Eskolako historiako irakasleek iradoki zidaten gerrako gutunak informazio iturri baliagarriak zirela oso. Duela egun batzuk guztiak batu, antolatu eta bloga sortu nuen”, adierazi zuen Argentinako Clarín egunkarian orain sei hilabete.

Uneotan, Harry Lamin soldadua Italian dago eta gorriak ikusi ostean onik da: “Astea biziki gogorra izan da, Sommeko batailan aurrera egin genuenean baino lazgarriagoa. Gizon asko hil dira, baina geureganatzeko esan ziguten tokia hartu dugu”, idatzi zuen 1917ko ekainean. Messinako muinoetan izandako odol isuriaz ari da. Britainiar armadarentzat Sommeko errekaren inguruko borrokak historiako odoltsuenak izan dira, bi bandoek milioi bat gerlari lurperatu zituzten eta historiako testuliburuek horrela jaso dute, baina Lamin soldaduaren hitzetan, Yorkshireko gudarostearentzat Sommeko sarraskia baino are eta krudelagoa izan zen Messinako borroka. Otsailean bidalitako gutun sortan, bere anai-arrebei eskerrak eman dizkie janaria bidaltzeagatik; ongi dabilela eta eguraldi hotza epeltzeko desiratzen dagoela adierazi du.

Gutun bakoitzaren ostean, internautek iruzkinak idazten dituzte. Asko AEBetatik bidalitakoak, gudaren arrasto umelak familia ugari izoztu zituelako. Horietako batek dionez, “umea nintzenean gerla hura loriatsua izan zela irakatsi zidaten. Orain badakit guztiz kontrakoa izan zela eta horrelaxe irakatsiko diet nire seme-alabei”.

Orain urte askotako gertaerek gaurkotasuna dutela aitortu dute irakurleek. “Orain gertatuko balitz bezala, guztiz engantxatuta daude”, dio Bill Laminek. Unean bertan gertatuko balira bezala jarraitzen dituzte Harry Laminen gorabeherak, Lev Tolstói-ren Gerra eta bakea nobelako pertsonaienak balira bezala. Lamin soldaduaren bizipenak benetakoak dira, pertsonaiak eta batailak ez dira asmatuak, guda bertatik bertara bizi izan baitzuen. Baina irakurleek telesail baten antzera jarraitzen dute: gutun bakoitza atal moduko bat da. Protagonistari zer gertatuko ote zaion beldur dira jarraitzaileak, kezkati: bizirik aterako ote da? Soldaduaren heriotzaren berri ematen duen notifikazioarekin itxiko al du bloga? Halako kezkak plazaratzen dituzte irakurleek. Bill Lamin egileak jakinarazi duenez ez du ezer aurreratuko, eta soldaduaren abenturak blogean bakarrik jarraitu ahalko dira. Ezin jakin bihar eskutitzik izango ote den. Eguneroko intrigarekin bizi dira irakurleak. Hori bai, telesailaren korapiloa askatzetik gertu da, gerla “aurten” amaituko delako.

Zer ikusi hura ikasi

Bitakorak bazter guztiak astindu ditu. Milaka irakurleren Goenkale bilakatu da, eta nazioarteko hedabideetako erreportajeen bazka: ARD telebista kate alemaniarrak, CBC kanadarrak, BBC britainiarrak eta NBC estatubatuarrak hitz egin dute gaiaren inguruan, baita Espainiako El País eta Argentinako Clarín egunkariek ere. Datuak ematerakoan ez dira ados jarri irakurle kopuruan. Batzuentzat 200.000 lagun elkartzen dira egunero, beste batzuentzat milioi bat inguru. Zifra bat izan edo beste, Bill Lamin aitzindaria izan da eta bere aitona telebistako saio erakargarrienen pareko gidoilari bihurtu du. Jarraitzaile kopurua handia da oso. Eta harria altxatzerakoan inurriak atera nola, hala hedatu da bitakoraren arrakasta sarean. Irakurleek antzerakoak sortu dituzte, protagonista ezberdinekin, noski.

www.aefinsiberia.blogspot.com helbidean, Matt Boyle izenarekin sinatzen duen blogari batek bere aitona George C. Voegeli AEBetako soldaduak I. Mundu Gerran Siberiatik bidali zituen gutunak eskegi ditu sarean. Soldadu horien zeregina AEBetako interes militarrak babestea zen, etsaien –boltxevikeak, japoniarrak, kosakoak– hatzaparretan eror ez zitezen. Horrelaxe aurkeztu du bloga egileak.

www.captainrussell.blogspot.com bitakoraren egileak bestalde, II. Mundu Gerra bukaeran Frantziako frontean izan zen Wallace Russell AEBetako kapitainaren gutunak jaso ditu.

Zinemako superprodukzioetan oinarriak historikoak izan arren egiantzekotasunarekin jolasten da, sinesgarritasuna lortzearekin. Eskutitzak aldiz patrikak aberasteko inolako intentziorik gabeko lekukotasunak baino ez dira, benetako bizipenak, inongo makillaje eta efektu berezirik gabeak. Ez dute egiarekin antza izan beharrik, egiazkoak direlako. Beharbada hori izan daiteke arrakastaren giltzarria.

Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude