Reverte, itzal argiz

  • Arturo Pérez-Reverte erdal idazlea ez da morroi atsegina. Harroputz eta bere usteko agertzen da elkarrizketetan. Espainolkeria dario bere nobeletan. Haren liburuek urrun dituzte berrikuntza eta arriskua. Erdeinuz begiratzen dio literatura jasoari. Turmix literarioaren aitzindari, bertze egile eta garai batzuetan arrakastatsu gertatu diren ereduetan aritzen da, bazkan, banpiroa odol bankuan bezain aise. Gainera, aparrean dago Espainiako Estatuko irakurleen gogoan.
Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza idazleaIñigo Azkona
Reverte erne egoten da efemerideei. Duela lau urte, enkarguzko lana erantsi zien Trafalgarko batailaren bigarren urteurrenaren ospakizunei. Orain, ez dio hutsik egin 1808ko maiatzaren 2ko gertakarien gorazarreari.

Unamuno euskaldunari bezala, Espainiak min ematen dio Reverteri. “Episodio nazionaletarako” isuri nabarmena agertu du hondar urteetan. Espainiar inperioaren XVII. mendeko gainbeherari sail osoa eskaini zion, hala behar-eta, garaiko gazte bizkaitar baten ikuspegian ezkutaturik berea. Gurea ere baden XIX. mende hasierako krisi politiko-soziala aspaldi handitik du ikusmiran.
Frankismoan heziak garenoi, orduko irakaskuntza zoldazuari loturik ageri zaigu Madrilgo herri xehearen altxamendua aliatu frantsesaren kontra. Zaku berean ditut Numantziaren errautsak, erregina katolikoaren atorra zurruna, Agustina Aragoikoaren kanoia eta Moscardó generalaren monokulo prusiar-mesetarioa.

Alde horretatik begiratuta, Espainiako pentsamenduan Aznarrekin batera abiatu eta Zapateroren agintaldian atertu ez den revival neokontserbadorearen inperio-minean sar genezake, lehen behakoan, Reverteren lana. Hark ere, itxuraz, “Espainia, zer hintzen eta non hago?” galdetzen dio bere buruari. Alta, bertze batzuek ez bezala, aizkoraz ekiten dio mitoari. Bere aberriaren zorigaiztoa ez dio inongo konjurazio judeo-masonikoari egozten. Agintarien berekoikeria eta gaitasun eza eta herriaren atzerakoikeria, horra, Reverteren iduriz, bere herriaren drama, ilustratuen kanpoederkeria ahantzi gabe.

Un día de cólerak, niri, lehen kapituluetan, harako ¿Arde París? hura ekarri dit gogora, Dominique Lapierre frantsesak eta Larry Collins estatubatuarrak elkarrekin egindako lanen saileko lehenbizikoa, eta nazioarteko lehen best-sellerra. Lan horretan, kazetari bikote honek koraltasuna ekarri zioten kronika historiko-periodistikoari, literaturatik ebatsita. Handik aitzina, letra larriz idazten diren gertakarien kontakizuna ez zuen gizon-emakume handien bozak eginen. Aldiz, mikrohistoriaren kontzeptuaren bidetik, puzzle baten gisara osatuko zuten dozenaka pertsonaia handi nahiz txikiren istorio, kontakizun eta ikuspegiek. Lapierrek eta Collinsek protagonista zuzenak buruz buru elkarrizketatuta atera zuten beren liburuetarako lehen gaia. Reverte dokumentazio historikotik elikatu behar izan da nagusiki, eta zuloak irudimenaren laguntzaz tapatu. Kazetari senak gainerakoa egin du: Madrilgo putazainaren ibilerak, Lapierren eta Collinsen erresistente komunistarenak bezain egiantzeko egin ditu Cartagenako idazleak.

Izan gaitezen, beraz, barkaberak. Ikas dezagun zerbait. Uste handikoa? Gure arteko bat baino gehiago ez litzateke apalagoa bertze garai batzuetako literatura ezagutu eta zukutuko balitu Revertek ezagutzen eta zukutzen duen bezala. Nazionalismoa, bertzalde, ez da gure nobelagintzatik aparte. Irakurlea harrapatzeko idazle honek aurkitu duen formularen jabe egiteagatik ez genuke gutako frankok diru guti ordainduko. Eta berritzaile, abangoardiak akabatu zirenez geroztik, nor da hemen berritzaile?

ASTEKARIA
2008ko otsailaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#3
Estitxu Eizagirre
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude