“Dubaibilonia”:langileak greban hiri futuristan

  • XXI. mendeko proletarioak oldartu dira munduko herrialderik aberatsenetako batean. Pertsiar Golkoko Dubain, petrolioaren jabeek asmatutako hiri futurista eraikitzen ari dira Asia urrunetik ekarritako milaka obrero eta bizi baldintza hobeak eskatzen dituzte. Ez dakite Marx nor den.
Dubai
Dubai, hiri futurista

Antigoaleko greba bat ikusi nahi baduzu, zoaz Dubaira. Hobeto, “Dubaibiloniara”, Basta blogak –Journal de marche zapatiste definitzen du bere burua– bataiatu duen moduan. “XXI. mendeko Babilonia berriak Dubai du izena. Golkoko emirerri petroliodun hau zoroaldi faraonikoan murgildu da eta amesgaizto klimatizatu bihurtzeko zorian dago. Burj Dubai izango da, Babilonia berria zainduko duen dorrea, sekula eraiki den luzeena. Solairu kopurua bera sekretuan daukate, lanak bukatu artio”. Hortxe lehertu da esklabuen errebolta.

Atzerritik ekarritako 10 milioi langilez goiti ari da Golkoko herrialde arabiarretan. Aste osoan gau eta egun ari diren behargin horiek 2005ean 30.000 milioi dolar bidali zituzten beren sorlekuetara.

Duela hogei urte obrero gehienak arabiarrak izan ohi ziren: Egipto, Yemen, Palestina, Irak edo Jordaniakoak. Baina Golkoko lehen gerraren ondotik, petrolio jabeek Asia urrunera jo zuten eskulan bila. Geroztik ugarituz joan dira India, Bangladesh, Pakistan, Sri Lanka eta Txinako etorkinak. Arabiar Emirerri Batuetan 1,5 milioi indiar ari omen dira beharrean, horien erdiak Dubain eta 300.000 Abu-Dhabin.

Rajasthan, Pendjab eta Andhra Pradesh estatuetatik modu ilegalean edo paper eta guzti trafikanteek ekarritako langileok, lehen belaunaldiko obreroak dira: nekazaritzatik zuzenean industrian edo eraikuntzan murgildu dira. Egunean hamabi ordu gerriak puskatzen aritu ondoren, hilean 93-131 euro kobratzen dute, ez gehiago. Berandu hasi dira ohartzen ziria sartu zietela, eta kontuak hobeto aterako zitzaizkiela etxean geratuta.

Dubaiko agintariek joan den ekainean, paperik gabeak arauetan sartzeko operazioa abiarazi zuten. Baimenik ez zuten langileei eskaini zitzaien edo paper berriz legeztatzea edo Dubaik ordainduta abioiz etxera itzultzea. 280.000k alde egitea hautatu zuten.
Eskulana urritu denean Dubain, langileak ohartu dira soldata hobeak eskatzeko aukera oraintxe zeukatela eta lehen mugimenduei ekin diete. Ugazabak berriz, behargin merkeagoen bila joan dira... Tibet eta Ipar Koreara! Horrela hasi dira urriko grebak.

Urrikoak, zeren eta ez lehenengoak. 2006ko martxo-apiriletan, Al Naboodah Laing O'Rourke korporazioko 2.500 obrerok, munduko dorre altuena izan behar duen Burj Dubai eraikitzen ari zirenek, lana utzi eta protesta karrikara eraman zuten. Haiei egurra ematera bidali zizkieten polizietako asko ere etorkinak dira, yemendarrak.

2006ko greban ez zen gauza izugarria eskatzen. Soldata hobeak, orduan obrero arruntak eguneko 2,75 eta arotzak 5,25 irabazten zituzten eta. Baldintzak hobetzea: sendagilea, ekipoburuek hobeto tratatzea.

Gero, apirilean, New Dubai portuko beharginak ere greban izan ziren. Hemen ere poliziarekin istiluak gertatu ziren, eta beti bezala arrestatuak kanporatu egin zituzten, “bortizkeria erabili izanagatik”.

Globalizazioaren oinezko soldaduak

Urri honen 27an hasi dira berriro zabaltzen grebak Dubaibilonian. Jebel Ali-ko industrialdean eta Al Wusais Malibun auzo erresidentzialeko eraikuntzan piztu da protesta lehenbizi. Kalera beren eskariak haizatzera ateratakoan polizia oldartu zitzaien langileei, eta iskanbilak izan ziren. Ikusi zein neurritakoak: 4.500 obrero arrestatu zituzten poliziek. Hasieran denak kanporatuko zituela esan zuen poliziburuak, baina antza ugazabek erregutu zioten ez egiteko holakorik, lanak bukatzeko presa handia dutela. Azkenerako 159 kanporatu dituzte, horietatik 90 indiarrak.

Mugimendu horrek emaitza mehea ekarri die protestariei. Libre utzitako beste 4.300ak beharrera itzuli direnean, Sonapur izeneko auzoan lotarako daukaten hiru solairuko etxearen atarian ohar bat aurkitu dute, ugazabak idatzia, non agintzen zaien laster bi mediku agertuko zaizkiela denen osasuna segurtatzeko, eta nagusiek pagatuko dutela logelen klimatizazioa, janaria berotzeko behar dituzten butano bonbonak bezala. Soldata igotzeaz, ordea, hitz bakar bat ere ez.

Hurrengo lanuztea azaroaren 1ean lehertu da, Arabtech Construction Company-ren obretan. Huelgan atera dira 40.000 langile, hauetatik 10.000 Andhra Pradesh estatutik etorritakoak. Berdintsuak hauen eskariak ere: soldatak igotzea, egoitzetako bizibaldintzak eta garraioetakoak hobetzea, eta ekipoburuek edozein aitzakiagatik hileroko lansarietatik kentzen dizkieten isunak desagertzea.

Basta blogean informatu denez, oraingoan azkar erreakzionatu dute agintariek. Dubaiko Lan Ministerioak eta giza eskubideen zaintzeko Poliziak omen daukan kabineteak batzordea osatu eta grebalarien buruekin negoziatu dute. Eskaini dizkieten hobekuntzen artean, gaixotasun aseguru bat ezartzea, parajeotan harritzekoa dena. Indiako diplomatikoek ere sartu behar izan omen dute muturra aferan. Gainera, konpainiako buruzagiek hitz eman dute bi hilabete baino lehen soldatak handituko dituztela. Obreroak berriro azaroaren 3an hasi dira lanean.

AEBetako Yale unibertsitate famatuak Yale Global On Line izeneko agerkarian mundializazioari buruzko albiste, analisi eta ikerlanak biltzen ditu. Dubain langile indiarrek bizi duten egoera aztertu du bertan Steve Raymer irakasleak, Dubai’s Kerala Connection artikuluan. Hizki handi horien ondoren, honela izkiriatu du: “Golkoko herrialdeen garapenak itzalean gordetzen ditu ‘globalizazioaren oinezko soldadu’ indiarrak”. Raymerrek zifra argiz erakusten du Indiak urteotan bizi duen hazkundea portzentaje handi batean atzerrian ari diren langileok etxera igortzen duten diruari zor zaiola. Milioika obrerook horrela ordaintzen dituzte nork bere zorrak, alabaren ezkontza, familiarentzako etxea eta abar. Kerala bezalako estatu batean mugitzen den diruaren ia laurdena omen dator Pertsiar Golkora joandakoek bidalita. Antzera, India osoan.

Indiaren aurrerapena bezala Dubai hiperraberatsaren garapena ere langileon eguneroko ahaleginak erabakitzen du. International Herald Tribune egunkariak idatzi du tituluan, grebak direla eta: “Pazientzia gutxiko langileek arriskuan ipini dute eraikuntzaren ‘boom’a Dubain”. Zorionez, gero hizki txikietan argitasunak ematen ditu “pazientzia gutxi” horretaz, langile baten deklarazioak bilduz: "Bizimodua hemen izugarri garestitu da eta nire soldatarekin ezin dut iraun” esan du 24 urteko Rajesh Kumar-ek: hilean 104 euro irabazten ditu... Dubain!

Basta blog zapatistaren egileak Révolte à Dubaibabylone artikuluaren hasieran Bertold Brecht-en “Langile baten galderak liburu baten aurrean” poema ipini du: “(...) Eta hainbatetan porrokatua izan zen Babilonia, nork jaso zuen beste hainbestetan?” Burj Dubai inauguratuko dutenean, Mohammed bin Rashid Al Maktoumuke emirrak eraiki zuela esango dute historia liburuek, jaso zutenen izenik ez da inon azalduko.

http://www.argia.eus/nethurbil.php
helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude