Loditasuna

Osasun publikoa gu argaldu nahian

  • Ez hiesa, ez minbizia… Azken urteotan, munduko osasun erakunde publikoei buruhauste gehien sortzen dien arazoetako bat loditasuna da. Lehenengo Mundukoei batez ere. Lana gure ordez egiten duten gailuz inguratuta, eta hozkailuak ondo beteta, ez beti jaki osasungarriz, gantzak pilatzeari ekin diogu. Osasun arazoa da, baina oraindik ez dugu behar bezala barneratu, antza denez.
Unai Brea @unaibrea
2007ko uztailaren 29a
Dani Blanco
Mendebaldar gizartea lodituz doa etengabe. Erosoago bizi gara, eta geroz eta lodiago, nonbait. “Loditasunaren ezaugarri nagusia epe luzeko gehiegizko gantz metaketa da”, dio Itziar Txurruka EHUko Farmazia Fakultateko irakasle eta nutrizioan adituak, “eta metaketa horren arrazoia kaloria hartzearen eta energia gastuaren arteko desoreka da. Beti ere herrialde garatuez ari gara, elikagai asko dugu eskura, oso energetikoak, eta ariketa fisiko gutxi”.

Gure elikadura eredua aldatu egin da Txurrukaren esanetan: “Lipido asko hartzen dugu, bai kopuruz, bai maiztasunez”. Mediterraneoko dieta behin eta berriz goraipatzen den honetan, badirudi mahaian AEBetakoa gailentzen dela. Eta horrek loditasuna dakar ezinbestean. Arazoa ez da txantxetakoa osasun erakundeen ustez. Osasunaren Mundu Erakundeak (OMEk) aspaldi esan zuen loditasuna gaixotasuna dela; are gehiago, XXI. mendeko epidemiatzat ere definitu du. “Egia da loditu egin garela, eta asko”, dio Itziar Txurrukak, “Europan, esaterako, biztanleen %10 da lodia; gainpisuari dagokionez, gizonezkoen %36k eta emakumezkoen %25ak dauka”. Europarren laurden bat baino gehiago, beraz, loditasunaren atarian dago. “Osasun publikoko arazoa da, eta handia”. Kontuan eduki behar da gaixotasuna izateaz gain, loditasunak beste hamaika gaitz eragin ditzakeela, edo larriagotu.

Kezka horrek eraginda, azken urteotan neurri oldea ari da ezartzen loditasunaren aurka, bai Europan bai AEBetan. Atlantikoaz bestaldean, nolanahi ere, herritar xeheek ez omen dauzkate kontuak hain argi. Txurrukak dioenez, europarrok, modu desegokian jan arren, badakigu behintzat zein izango litzatekeen dietarik gomendagarriena. Estatubatuar gehienek, aldiz, ez dituzte ezagutzen beren elikadura ereduen kalteak. Horregatik beharbada, Europan gainpisua dena, AEBetan ez hainbeste. “25etik gorako gorputz-masa indizea (GMI) daukan pertsonak gainpisua dauka, eta bere burua zaintzen hasi beharko luke, pisu gehiago ez hartze aldera behinik behin. AEBetan, berriz, 27ra arte arazorik ez dagoela esaten dute. Zientziaren ikuspegitik ez da oso zuzena, baina bestela biztanleria zati handiegia edukiko lukete zaindu beharrekoen zerrendan”.

14 milioi lodi Europar Batasunean

Europarrok pixka bat argalagoak gara, baina estatubatuarren bekaitza dugula esan daiteke, haien bidetik baikoaz. EBn 14 milioi inguru pertsonak dute loditasuna, eta osasun publikoko gastuen %7k gaitz horrekin dauka zerikusia. Gainera, urtero 400.000 umeri egiten zaie loditasun diagnostikoa. Zenbait herrialdetan, kopuruak handiagoak dira. Espainia, Portugal eta Italian, esaterako, zazpi eta hamaika urte bitartekoen %30ak dauka gainpisua. Europar Batzordeak aurreikusita dauka 2030ean hamar biztanletik seik izango duela gainpisua, gaur egungo joerak bere horretan segituz gero.

Datuok kezka eragin dute erakunde publikoetan, komunikabideren batek “loditasunaren aurkako gurutzada” modura definitu duena eraginez. Orain gutxi, borroka pasarte berriak izan ditugu: maiatzean, Markos Kyprianou Europako Osasun komisarioak loditasunari aurre egiteko proposamen sorta berria aurkeztu zuen, eta besteak beste, elikadura-industriaren erantzukizuna gogorarazi zuen. EBk neurri bi eskatzen dizkie batez ere: ekoizten dituzten produktuetan gatz, koipe eta azukre kopuruak kontrola ditzatela, eta publizitate egokia egin dezatela. “Industria konturatu egin behar da denbora agortzen ari dela, benetan emaitzak lortu nahi baditugu”, adierazi zuen Kyprianouk komunikabideen aurrean, “pizgarri nahikoa eman diegu loditasunaren aurkako borrokan neurri egokiak har ditzaten; bestela, haien jarduna arautuko duen legedia sortzeko arriskua dute”. Mezua argia da.

Askok ez liokete gaizki iritziko halako legedia bati, eta horien artean lodi elkarte bat baino gehiago dago. Halaxe eman digu aditzera, konparazio baterako, Espainiako AGO elkarteko Manuel Fernandez del Campok: “OMEk loditasuna pandemia zela esan zuen 90eko hamarkada amaieran, eta mundu osoko herrialde asko ildo horretatik ari dira, baina gomendioak eginez, ez legeak”. Beste espainiar elkarte batek, Asofek, gauza bera adierazi digu Berta Piñol presidentearen ahotik: “Azken boladan neurri asko ezarri da, baina iruditzen zaigu itxura hutsa dela. Ez dituzte hartzen benetan hartu behar lituzketen neurriak”.

Bai Fernandez del Campo, bai Piñol Espainiako Osasun Ministerioak indarrean jarritako neurriez ari dira. Neurri horien ardatza 2005eko otsailean abiatutako NAOS estrategia da. Helburu nagusia herritarrei loditasuna benetan arazo larria dela ikusaraztea da eta, aldi berean, bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, haur eta gazteengan batik bat. Halaber, industriari eskatu egin zaio gatz, azukre eta gantz gutxiago jartzeko euren produktuetan, Europar Batasunaren ildo beretik. Enpresa askok hala egiten dute dagoeneko, orain dela gutxi Elena Salgado Espainiako Osasun ministroak, NAOS estrategiaren balorazio publiko baikorrean, azpimarratu zuenez.

NAOS estrategiak berebiziko garrantzia ematen dio telebistako publizitateari. Hala, PAOS kodea sortu dute. Adin txikikoei zuzendutako elikagaien publizitateari buruzko gomendio sorta da, azken batean, PAOS. Beste autoerregulazio kode bat, alegia. Madrilgo Gobernuko iturrien arabera, sektoreko enpresa gehienak, 35 handienak barne, kode horren barruan daude.

Frantziako Estatuan ere hartu dira neurriak, eta ez nolanahikoak. Esan nahi baita, debekuak eta guzti ezarri direla. Berbarako, 2004tik gozoak erosteko makinak debekatuta daude eskoletan. Gainera, arau zorrotzak ezarri dira era horretako jakien iragarkiei dagokienez. Datuen arabera, azken hogei urteetan %17 handitu da ume lodien kopurua Frantzian. Biztanleria osoa kontuan hartuta, lodi kopurua 1990ekoaren bi halako da gaur egun (%12 guztira).

Beste herrialde batzuek ere araudiak ezartzea erabaki dute. 2004an, Britainia Handiko Gobernua urratsak egiten hasi zen “zabor-janari” iragarki gutxiago eman zedin arratsaldeko seietatik gaueko bederatziak arte, ustez ume gehien dagoenean telebista ikusten. Orain, herrialde horretako Elikadura Estandarren Agentziak neurriok zorrozteko eskatu dio gobernuari; zenbait jakiren iragarkiak debekatzea nahi dute, gaueko bederatziak baino lehenagoko ordutegi osoan. Hain zuzen, Europan Britainia Handia da loditasun arazo gehien daukan estatua. Izan ere, eta Kingstongo (Kanada) Unibertsitateko ikerketa baten arabera, loditasuna, mundu osoko arazoa izanik, AEBetan, Britainia Handian eta Europako hego-mendebaldean da larrien.

Zenbakiak inon badira ikaragarriak, AEBetan dira. Bertakoen %65 lodia dela kalkulatu da, eta gobernuak, azkenik, zerbait egin behar izan du, urte luzez loditasuna gaixotasuna dela onartzeari uko egin ostean. Hala, Washingtonek erabaki du osasun publikoko funtsaren bitartez ordainduko direla loditasunarekin zerikusia daukaten tratamenduak, non eta osasungintza pribatuaren gotorlekuan. AGO elkarteko Manuel Fernandez del Camporen ustez, neurri horrek arrazoi zehatza du: azken boladan, pertsona lodi asko salaketak jartzen hasiak ziren elikagai ekoizleei, nola erretzaile tabako-industriari. “Salaketok geldiarazteko ebatzi dute diru publikoz aurre egitea loditasunari”. Europan ez dago ohiturarik mota horretako salaketak egiteko. Baten bat ausartu da, Fernandez del Campok dioenez, baina saiakera ustelak suertatu dira beti ere.

Informazioa bai, baina…

Loditasunarenganako kezkak eguneroko bizitzan eragin digu. Nekez igaroko da astebete komunikabideetan gai horren inguruko albiste bat, erreportaje bat, ikerketa bat edo datu berri bat argitaratu gabe. Informazio asko dugu, baina hori ez da berez irtenbidea, Itziar Txurruka irakaslearen iritziz. Informazio gehiegi delako, akaso. “Argitaratzen den horretatik, zer da egokia eta zer ez?”.

Txurrukak “dieta magikoak” aipatu ditu, esandakoaren adibide: “Guk, eskoletan, halako dietak aztertzen ditugu ikasleekin, zeintzuk diren dieta bakoitzaren alde onak eta txarrak, eta abar. Ondorioa da gehienek debekatuta egon behar luketela. Eta halako dietak jarraitzen dituztenak, ospitalean”. Fernandez del Campok, bestalde, informazio kanpaina gogorragoak nahi lituzke: “Administrazioak erakutsi du badakiela, bestelako osasun publikoko arazoekin, jendeari iristen zaizkion kanpainak egiten.
Zergatik loditasunaren kasuan ez? Zer edo zer egiten hasi dira, baina oso apal”.

Txurrukak ongi adierazi duenez, loditasunak harreman estua dauka diruarekin. Lodiak garesti ateratzen zaizkio osasungintza publikoari, baina osasungintza pribatuarentzat, berriz, pagotxa dira. “Jende asko aberastu da gure arazoari esker”, kexu da Asofe elkarteko Berta Piñol, “eta osasungintza publikoa zerbait egiten hasi da, baina oso motel”. Ebakuntza bariatriko bat –obesitatearen aurkako ebakuntza– egiteko itxaronaldia bost urtekoa izan daiteke, esaterako. Askoz laburragoa medikuntza pribatuan, noski, baina baldintzak ez dira beti egokienak. “Ezin daiteke egin halako ebakuntza bat Zainketa Intentsiboetako Unitaterik gabeko erietxe batean, baina egiten dira”, salatu du Piñolek. “Ebakuntza bariatriko bat egin aurretik protokolo bat bete behar da, eta protokolo horrek urtebete irauten du –gaineratu du Manuel Fernandez del Campok–, baina erietxe pribatu askotan ez da egiten. Pare bat egunetan sartzen zaituzte ebakuntza-gelan”. Medikuntza publikoa astiroegi doa eta pribatua garestiegia suerta daiteke: 20.000 euro inguru arazorik gabeko ebakuntza batengatik, Fernandez del Campok dioenez. Zailtasunak suertatuz gero, kopuruak hazi daitezke, eta euren bizitzarekin ordaindu duenik ere ez da falta. Lodi elkarte asko, izan ere, kirurgia bariatrikoak kaltetutakoen elkarteak dira.

Loditasuna gaixotasuna da, baina hiritar arruntaren irudimenean ez da ideia hori zeharo txertatu oraingoz. Gizarte arazoa gehiago, estetikarekin zerikusia daukana. “Medikuengan ere ezagutza falta itzela dago”, dio Berta Piñolek. Itziar Txurrukaren hitzak ere ildo beretik doaz. “Ustez, nutrizioan adituak medikuarekin eta farmazialariarekin batera lan egin behar luke. Baina familia-medikuntzan, gaur egun, ez da horrela gertatzen”. Gure eguneroko medikuak ez omen daki honetaz jakin behar lukeen guztia. “Hala ere –dio Txurrukak– hasi dira zenbait farmazia zabaltzen, non dietistek eta farmazialariek batera lan egiten duten”. Kontua da gutako gehienok badakigula, jakin, zer jan behar genukeen, baina beti nahiago bestea.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-07-17 | ARGIA
Dimititu egin du Haitiko lehen ministroak austeritate neurrien aurkako protesten ondorioz

Jack Guy Lafontant Haitiko lehen ministroak dimititu egin du Nazioarteko Diru Funtsak behartutako austeritate neurriek protesta handiak eragin ostean herrialdean. Zehazki, gasolinaren prezioa igotzen saiatu ziren joan den astean, eta honek haserre handia eragin zuen.


Hezkuntza oposaketak eta bilisa

Osakidetzako E.P.E. aren eskandalua eta gero gure Hezkuntzako eskandalu ttippia! Bukatu da neretzako hezkuntzako E.P.E.-a. Eta beste hautagai pilo bezala amorrua da sentitzen dudana. Kriston ostia txarra egia esateko. Lehenengo momentutik azkenera. Zer demontre da hau?


2018-07-17 | Uriola.eus
Atxurigorriko auzo elkarteak heldu berri diren migrantzaileak babestu ditu

Egun hauetan, atxurigorriko auzo elkarteak, azkeneko egunotan heldu diren migratzaileei beraien behar guztietan lagundu die. Horrez gain, elkarteak politikari desberdinen jarrera salatu eta "apustu politiko sendoak ematea" eskatu du.


Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena (1/2)

Borroka armatuaren desagerpenak egoera berri bat sortu du, nahi ta ez, Euskal Herriko bizitza politikoa baldintzatzen duena. Testuinguru hortan, Euskal Herri osoko estrategia bakar bat eraiki daitekea? Prozesu hortan Iparraldea bere ekarpena egiten ari da, gure lurraldeak hemengo jendartearen pentsamoldeak eraldatzeko balio duten bitartekoak asmatu baititu.


Eraso sexistei buruzko informazio guneak material ia guztia banatu du Sanferminetan

20.000 gida eta 40.000 esku gorri eman dituzte. Argibide gune hori 2015ean abiatu zen lehen aldiz, eta izan duen bilakaera ikusita, erreferentziazko toki bihurtu da.


2018-07-17 | Euskal Irratiak
Larrun 2020 proiektuaz informazio gutti eta komunikazio eskasa salatu dute

Trenbideetako langileak eta Larrun ez hunki kolektiboko kideak Saran mobilizatu dira ostiral huntan elkarrekin salatzeko Diruaren erabilpen txarra, zerbitzu publikoaren galtzeak eta Larrun 2020 proiektuaren kontra.


2018-07-17 | Hiruka .eus
Agur esan du Plentziako Esaera Zaharren Txapelketak

Iazko irailaren 30ean jokatu zen zortzigarren aldiz Plentziako Esaera Zaharren Txapelketa. Burubakoak taldea moldatu zen hoberen, Jone Uriak eta Xabi Payak botatako bertsoei zegozkien atsotitzak asmatzen. Gaur antolatzaileek jakinarazi dutenez, hori izan zen azkenengo txapelketa.


2018-07-16 | I˝aki Etaio
Iru˝eko zezenketak: momentua heltzen ari da

Zezenketak debekatzeko borroka luzea bada ere, ez dago zalantzarik sanferminetan ere gero eta protagonismo gehiago hartzen ari dela. Eztabaidan, maiz entzuten eta irakurtzen da zezenketen kontrako jarrera bultzatzen dutenak nagusiki kanpokoak direla, hori pisuzko argudioa izango balitz bezala.


2018-07-16 | Topatu.eus
Errekaleor margotzeko auzolanera deitu dute uztailaren 23tik abuztuaren 3ra

Auzolanean parte hartzen dutenek Errekaleorren gosaldu, bazkaldu eta afaltzeko aukera edukiko dute, baita auzoan lo egitekoa ere, espazio komun zein kanpin dendetan. Izena emateko auzolanaerrekaleor@riseup.net helbidera idazteko eskatu dute.


2018-07-16 | Zero Zabor
Buenos Airesek ezingo du erraustegirik eraiki, auzitegiak lege aldaketa ezabatuta

Elena Liberatori epaileak Buenos Airesko udal gobernuari debekatu dio hondakinak erre ahal izatea. Udalak joan den maiatzean ezkutuka eta eztabaida publikorik gabe bozkatu zuen zaborren errausketa baimenduko lukeen lege aldaketa eta orain auzitegiak agindu dio horrelakorik ebaztekotan eztabaida eta bozketa publikoz egin behar duela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude