Euskaraz (ere) hazi?


2006ko urriaren 01an
Gazte sentimentalarenak. «Euskaraz hazi nahi dut». Hamazazpi urteko gazte sentimentala handik aurrera izango denaren etxeko zutabeak finkatzen ari da: euskara, ideala eta askatasuna.

Artean hamazazpi urte, baina gauza bera errepikatzen dut, hogeita sei urte geroago ere. Hori bai, tartean juntagailu bat erantsita, etxea berri mantentzeko aldiro obrak egin beharra dagoelako. Zer juntagailu erantsi gazte sentimentalaren esaldi hari? Norbera munduarekin lotzen duen bat: «ere», izan ere, euskaraz -ere- hazi nahi baitut nik.

Heldu idealistarenak. «Zergatik ez ote du Administraziokoen ondoan dagoen kapital pribatuak inbertsiorik arriskatu gure esparru honetan? Ez da oso azkarra izan behar: etekinik ateratzeko modurik ez dagoelako». Martxelo Otamendiren hitzak, Berriaren milagarren zenbakia.

«Gauza asko borondate soilarekin ezin dira egin. Ezinbestekoa da borondatea edukitzea, baina borondate horren alboan legearen babesa eta bermea behar da». Xabier Mendiguren Bereziarturen berbak, ikasturte berriaren hasieran.

«Ez dugu gure kultura sostengatzen gure eguneroko bizitzan, ez dugu dirurik inbertitzen, euskarazko unibertso bat zutik mantentzeko adinako masa kritikorik ez daukagu». Pako Aristiren hausnarketak, dirua, literatura eta euskaldunak josteko ahaleginetan.

Aste baten barruan azaleratu dira hiru iritziok.

Oporren ondoren etxera itzultzean hantxe jarraitzen baitute itoginek, hantxe zentrifugatu erdian gelditzen den garbigailuak, hantxe ura ondo irensten ez duen komunak. Abuztu nagiaren ondoren igeltseroari hots egin behar, udazkena gainean izanik, etxea aldi berrietara egokitu beharra dagoelako, babesturik eta gustura biziko bagara.

Idealista sentimentalarenak. Zerk bereizten du euskal mundua ondokoengandik? Sentimendu komun batek bildurik ideal baten atzetik aritzeak ezaugarri orokor bat ardatz: borondatea.

Garaiak asko aldatu dira, ordea, eta funtzionatzeko era honek kale egiten du orain. Elkarte kulturalak hazten doaz konpetentziaren akuiluak zizt eta zazt egiten dielako ezker, eskuin, goi eta behe. Hazteko bide horretan etxeak handitzen doaz, aldian aldiko beharrei aurre eginez -arkitektuari hots egiteko astirik gabe, askotan-, eta egun egiturok huts egiten hasi dira, hiru arazo nahasten direlako haien barnean: ideala, legea eta dirua. Borondatezko lanak ezin du sostengatu egungo martxa, eta asmo idealistez lehen zutabeak ezarri zituztenak beldur dira legeak eta diruak ez ote duten irentsiko etxea zutik mantentzeko behar den indarra. Ondorioa? Bi tentsio gunek talka egiten dute, etenik gabe, euskal munduan: idealista sentimentalek ez dute dirurik, eta dirua daukatenak ideala galtzen ari dira sentimenduak -ustez- inbertsio ona ez direlako.

Gazte jarraitu nahi duen helduarenak. Ondorioa? Gehiago inbertitu beharra dago dinamiketan. Eraikinak -egiturak- garrantzitsuak dira baina horiek zutik mantentzeko ekimen biziak behar dira, eta horretarako, nahita nahi ez, jendea hezi eta ohitu beharra dago. Euskarazko produktuak sortzeaz batera produktu horiek nola erabili, nola gozatu, nola eguneroko bizitzan txertatu erakutsiko duten dinamikak sortu beharra dago. Nola? Heziketaren bidez. Zelan? Pertsonen ideal eta sentimenduetan inbertituz.
Lema berriak asmatu beharra dago euskaraz -ere- zoriontsu izateko. Etxea ez baita adreilu hutsa. Etxea ez baita horma hutsa.


ASTEKARIA
2006ko urriaren 01a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude