Hamaika hamaikaren kontra


2006ko irailaren 03an
Zalantza sorrarazten du ondorengoei gure keriak txertatzeak, bai horixe. Baina saihetsezina ohi da, keria errotuago eta saihetsezinago. Dena den, kirolespainafobia ez da derrigor bete beharreko agindua nirekin bizitzeko. Gurean fobia-askatasuna lantzen dugu. Oso seguru nago sentimendu horretaz, hala ere: partiduoro eraberritzen da, eder eta fresko, lehen egunean bezain bizi, gorroto on guztien antzera, txandako esatariak ahoa ireki orduko. Espainiak talde eskasa du onenekin alderatuz gero, baina maisuak dira, patriotismo zartzuelero baten aitzakian, esperantza faltsuak saltzen. Segituan dator zaputza, baina ez du inporta, laster egongo delako beste txapelketa bat, beste aukera bat, beste ilusio bat, beharrezkoa dena futbolaren negozio erraldoiaren gurpila biraka has dadin, berriro. Formula agortezina da, antza. Hamaika napar euskaldun jator eta abertzalek osatuko zuten Espainiako futbol-selekzioa, eta ni beti egongo nintzen beren kontrarioaren alde, gainerakoan arrakastaz beteriko bizitza profesionala opa izanik ere. Zer arraio, nik ez diet kamisetak saltzen zertan lagundu. Futbol profesionala -gaitz itzuriezina denez, pixka bat segitzen dudana-, nazkagarria da. Barbariea.

Baina futbola kirol ederra da. Aritzea, alegia. Tripa dela-ta, kideen zirtoen artean, azken ostikoak ematen ari den adiskide batek ederki daki hori. Futbolean aritu izan ez banintz ez nuke jakingo -esaten dit-, taldeko "langileak" eta hiru gol sartu dituen "izarrak" biltzen dituen besarkadak zer nolako elkartasuna gordetzen duen. Zer nolako emetasuna, esango zuen beste norbaitek, beharbada (baina bertuteek ez dute generorik). Hori ez da sekula gertatuko zuon artean, idazleen artean -bukatzen du, erronkari-. Nik orduan: Ezinezkoa da, idazletza ez baita ekipo-lana. Edo bai, segun nola begiratzen den; baina idazletzaren gaineko balizko begirada hori ukatuta dago aldez aurretik, desprestigiatua. Eratu den estatusaren aurka-aurkakoa baita. Antikomertziala. Beharbada horregatik tematzen dira futbol-negoziokoek futbolaria idazle -izar, bakan, jenial, alegia- bihurtzen. Nire adiskidea haserretzen da, ordea: Alfer-alferrik da. Futbolzaleek dakite Sagnolek, demagun, zer nolako mundiala egin duen, nahiz kamisetak Zidanek saldu. Eta hori hala izango da futbola futbola den artean. Bai, gero eta biribilago nago, baina sekula baino hobeki ukitzen dut baloia, taldearen probetxurako -bukatzen du- (galdetu behar diet bere futbolkideei benetan hala den).

Elkartasun eza ez da, beraz, futbolari -kirolari, ez ikusgarriari- egozten ahal zaion gaitza. Gizonkoikeria ere, gero eta gutxiago, gero eta gehiago direlarik futbolean aritzen diren neskak. Eta hala ere, ulergarri zaizkit, eta arrazoizko, zoriontasun-Panzer baten aurkako protestak (nahiz eta zoriontasunak beti eduki, omen, biktima kolateralak: "zoriontsua naiz -kantatzen zuen Silvio Rodriguezek, gaztelaniaz- eta nahiko nuke ni barkatzea, gau batez, nire zoriontasunaren hilek"). Barbariea sukalderaino sartu bazaigu, alabaina, denok etengabe, orduoro, edozein zirkunstantziatan eta edozein kasutan idazle garela sinetsarazi nahi digun ideologian dago gaitza, eta ez sintometan; are gutxiago gaitzaren antidotoetan, alegia, une bakoitzean gure tokia zein den ikasten laguntzen ahal diguten jardunetan: futbolak baizik ezin gaitzake salbatu futboletik, hara.

Enfin, Ronaldinho, Jarmusch, Almodovar... denetarik behar izango dugu, gure ideal olinpikoa beteko bada: mens insana in corpore insano.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude