Rebeka Ubera: "Gipuzkoako Diputazioa kea saltzen ari da"

  • Elgeta, 1972. Maisutzan lizentziatua: heziketa fisikoan eta haur hezkuntzan. Ekologiaren aldeko taldeetan eta kirol arloan ibilia. Herri mugimenduan jardun ostean, politikara urratsa eman zuen Aralarren bidez. Alderdi honetako kidea da: Elgetako udalean zinegotzia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkidea eta bozeramailea. Elgetako udalaren nahiz Diputazioaren gobernuak EAJ-EA koalizioak osatuta daude: «EAJ eta EA antzekoak dira. EAren eguneroko praktika politikoa EAJrena bezain eskuinekoa da» esan digu Rebeka Uberak. Ezkerreko baloreak galbidean ikusita eman zuen erakunde politikoetara pausoa: «Politikagintza ez doa bide onetik. Aralarren sartu nintzen Batasunak ez zuelako ezkerreko ganorazko politikarik egiten. Ezker abertzaletik eskainitako alternatibak ez ziren ezkerretik landuak eta nik ezkerreko jarduera guztiz beharrezkotzat jotzen dut. Nazio gatazka dela-eta, gai sozialak ez dira behar bezala landuak, hutsunea izugarria da».

2006ko ekainaren 11n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Udalgintzaz jardun dugu abiapuntuan: EAJ-EA koalizioak -Patxi Basauri alkate izaki- gobernatzen du Elgetan, lau zinegotzi dituela. Aralarrek hiru zinegotzi ditu -bost botora geratu zen koaliziotik-. Elgeta Auzolanian plataformak zinegotzi bat lortu zuen, baina legez kanpo utzi zuten. Alkatetzak ez zuen plataforma onartu eta aulkia bereganatu zuen: «Guk plataformarekin harreman onak ditugu, hasieratik babestu genuen euren eskaera. Orain alkateak batzordeetan parte hartzera deitu ditu Auzolanian-ekoak, sinesgarritasuna irabazi aldera edo, baina boto eskubiderik gabe».

Zein da Elgetako herri gobernuaz egiten duzun balorazioa?
EAJ-EA koalizioak Batasunaren ilegalizazioa baliatu du nahi duen guztia inposatzeko. Harreman txarrak dauzkagu, ez gaituzte errespetuz tratatzen. Gu prest gaude herriaren aldeko proiektuetan elkar lanean jarduteko, herritarren iritziak kontuan hartuko dituen politika egiteko, baina udal honek ez ditu herritarren iritziak aintzat hartzen, alkateak ez daki talde lanean jarduten. Finean, gure proiektuak ez dira kontuan hartzen batzordeetan, legealdia gogorra da eta frustrazio moduko egoera sorrarazi digu, hala ere, gogotsu gabiltza, hurrengo legealdirako alternatiba prestatzen ari gara.

Udalgintzan ari zinela Batzar Nagusietara pausoa eman zenuen. Zer moduz?
Niretzat aldaketa handia izan da. Batzarkide bakarra naiz Aralarren izenean eta gogorra da, baina polita ere bai. Asko ikasten ari naiz. Lan sektoriala interesgarria eta erakargarria egiten zait, politikak eguneroko arazoak konpondu eta betebeharrak asetzeko izan behar baitu. Zoritxarrez, arreta makro-politikara bideratzen da eta azpiegituren eta hondakinen kudeaketarekiko hala nola gai sozialekiko interesa galdu. Herritarrek uste baino askoz gehiago erabakitzen da Diputazioan.

EAJ-EAren Gobernua Diputazioan burutzen ari den legealdiaz zer iritzi duzu?
Legealdi berezia da koalizioak gehiengo osoa duelako. Kea saltzeko moduko legealdia da nolabait. Esaterako, prentsa bidez proiektuak "zabaltzen eta saltzen" ederto dakite: hala nola Hondarribiko aireportuaren eta Pasaiako kanpo-portuaren proiektuak. Baina egiaz, ez dago proiekturik, ez ezer. Gobernu batek proposamenak eta ideiak zabaltzea ondo da, baina ez da serioa etengabeko propaganda zabaltzea ezer konkretatu gabe. Horrek herritarrengan mesfidantza eta segurtasun eza sorrarazten ditu. Irun eta Hondarribia arteko Mendeluko auzotarren kasua adibide bat da. Egun batean aireportua Mendelu auzo aldera handitu behar dela diote, hurrengoan itsas aldera. Baina zer da benetan? Guk dakigula, benetan ezer ez. Gauza bera da Pasaiako kanpo-portuarena.

Hondarribiko aireportuaren inguruan zein da Aralarren alternatiba?
Gure ustez, azpiegiturak ez dira probintziaren ikuspegitik landu behar, ikuspegi global batetik baizik, gurean Euskal Herriko ikuspegitik. Loiu, Gasteiz, Miarritze edota Iruñeko aireportuak ditugu. Gipuzkoako orografiarengatik ezin dugu aireportu handi bat izan. Hondarribiko aireportua natur gune babestuen eta nazioarteko uren artean dago. Azpiegiturak ez dira behar berriak sortzeko, azpiegiturak beharrak asetzeko eraiki behar dira. Gipuzkoan egiten den politika ordea, behar berriak sortzera zuzenduta dago eta hainbat kasutan ez dauden beharrei erantzuteko.

Pasaiako portuaren kasua al da?
Bai. Proiektu hau itsas garraio, trenbide eta errepideen arteko azpiegitura bateratu bat egiteko pentsatuta dago, plataforma logistiko handia eratzen ari da, AHT bertatik pasako delarik. Oarso eskualdean garraio-bideen arteko plana gauzatu nahi dute. Guk, ordea, bailara horrek dituen ezaugarri orografikoak kontuan hartuta, ez dugu zentzuzkoa ikusten kanpoko portua eraikitzea. Adibidez, Bilboko portua dago eta oraindik ez da bere ahalmen osoa erabiltzera iritsi. Aitzitik, Bilboko portuaren edukiera ustiatu gabe Pasaian portu berria eraiki nahi dute.

Nuria Lopez de Gereñu EAEko Garraio sailburuaren iritziz, Pasaiakoa bestelako merkantzia batzuentzat erabiliko da.
Bestelako merkantzientzat? Zertan oinarritzen dute hori? Ez dakite zein merkantzia mota pasako den, hori ez da inon zehaztua, ez dute aztertu ere. Errepideetako merkantzia AHTra bideratuko omen dute, baina merkantzia kopurua hori oso txikia izango da: 1.000 kamioi inguru, egunero 15.000 kamioi pasatzen direlarik. Itsasontziz joango den merkantzia kopuruaren berririk ez dugu, ez dute zehazten. Hasteko, eskaera frogatzen duen txostena landu eta aurkeztu beharko lukete, baina ez dago. AHTra garraioa bideratuko badute, zertarako da orduan Pasaiako kanpoko portua?


Zein argudio duzue AHTri ezetz esateko?
Hasteko, udalei ez zaie behar beste informazio eman. Kalte zuzenak jasango dituztenek ez dute behar bezalako informaziorik jaso, ez da nondik pasako den zehazki ezagutzen. Gipuzkoako ibilbidearen bi herenak tuneletan joango dira. Horrek ingurumenean ez duela kalterik egingo ematen du, baina tunelak egiteko aterako dutena ez da lurra izango, harria baizik. Non sartuko dute? Tunelak egiteko zementua behar da eta harrobiak horretarako ustiatuko dituzte. 2003an 13 milioi tona harri ustiatu zen Gipuzkoan. AHT eraikitzeko bost milioi tona erabili beharko dira. Akuiferoak daude bestalde: zer gertatuko da urarekin? AHT Udalaitz mendiaren azpitik joango da eta sistema karstikoa ukituko dute...

...beste argudiorik?
AHT hiriburuak lotzeko izango da bereziki, eta guk eskualdeen arteko mugikortasuna azkartu eta egokitu beharra ikusten dugu. Gure eskualdeen arteko mugikortasuna %97 da, hiriburuen artekoa %3 delarik. AHT hipoteka bat da, gastu sozialentzako beharrezkoa den diru mordoa eramango duena.

Errauskailua da gipuzkoarren beste kezketako bat. Luis Mari Oiarbide diputatuaren dimisioa eskatu izan du Aralarrek.
Bai. Hondakinen kudeaketan berandu zebiltzalako eta oker gainera. Neurri egokiak hartu beharrean Diputazioa atzetik dabil, ez du erabateko eskumenik, baina aitzindaritza hartu zuen. Bere alternatiba bakarra errauskailua jartzea da. Bidean bide herritarren jarrerarekin talka egin du ordea. Hiri hondakinen kudeaketa ezin da azpiegitura erraldoien bidez bideratu, benetako kudeaketa oinarritik hasi behar da, eta horretan Diputazioak betebehar handia dauka: hiri hondakinen jatorriaren murrizketan, enpresekin hitzarmenak eginez eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean legeak sortuz. Beira eta paperaren bilketa selektiboaren jardueran aitzindariak direla diote, baina konpostaje sistema ez dute batere garatu. Badira bi proiektu pilotu baina ez dugu benetako emaitzarik ikusi. Hala ere, herri presioak behartuta, jarrera apur bat aldatu behar izan du Diputazioak. Arartekoak aurkeztu zuen txostena ere ez zuten begi onez ikusi. Guk arazoa bideratzeko erreferenduma eskatu dugu.

Zein da, oro har, Aralarrek egiten duen oposizio lana?
Demokraziaren esanahia eta jarduera galdu da. Gu herritarren proposamenak batzarretara ekartzen saiatzen gara, herritarrak dira tokian tokiko beharrak hobekien ezagutzen dituztenak, euren proposamenak ekarri eta eztabaidatu behar dira. Arloz arloko alternatiba errealistak bilatzen eta lantzen ari gara, ezkerraren ikuspegitik betiere. Gobernuak daraman politika berriz guztiz neoliberala da, goitik datorren politikari segitzen dio.


Azkenik, lanaren prekarietatea eta lan kontratazioa arautzeko legezko gaitasunik ez dagoela salatu duzue.
Lan prekarietateari buruzko ez-arauzko proposamen bat aurkeztu genuen, EAJ-EAk eta PPk zuzenketak jarri zizkioten eta ados jarri ziren, PSE-EEk ere honen alde bozkatu zuen. Proposamen bozkatuena beraiena izan zen, gurea ez zen aurrera atera. Guk erabakitzeko eskumen osoa izatea eskatzen dugu. Eskumen hori izanez gero prekarietateari aurre egiteko baliabideak izango ditugu. Gobernuak kudeaketarako eskumena baino ez du nahi, gutxieneko soldata edo kontratu motak erabakitzea ez zaio interesatzen nonbait. Hemengo errealitatea eta Estatuko beste leku batzuetakoak ez dira berdinak, orduan ez da egokia gutxieneko soldata Madrilen zehaztea. Hemen erabakitzea askoz ere eraginkorragoa litzateke. Independentzia helburu badugu, horra hor landu beharreko bide bat.


Azkenak
Hasi dira Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketak, Gasteizen

Astelehenetik ostiralera bitarte, 18 eta 35 urte arteko 80 gaztek mundu osoko hizkuntza gutxituen arteko harremanak sendotuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta mintegien gisako jarduerekin. Guztira 68 hizkuntza gutxituk izango dute presentzia topaketan, inoizko kopuru handiena.


2025-07-15 | ARGIA
Sanferminak amaituta, Iruñerriko autobusek greba utzi dute, irailera arte

Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.


‘Geldi euskara zapaltzea!’ lelopean iganderako elkarretaratzeak antolatu ditu Euskal Herrian Euskarazek

Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan,... [+]


Trumpek ezarritako %30eko muga zergekin, kolokan dago EBn eta AEBen arteko merkataritza

Etxe Zuriko maizterrak larunbatean iragarri zuen EB Europako Batasunaren esportazioei %30eko muga zergak ezarriko dizkiela abuztuaren 1etik aurrera, biak merkataritza akordio batera ez iritsiz gero. Horren aurrean, AEBei muga zergak igotzeko prest dagoela adierazi du EBk... [+]


Kataluniako finantzaketa akordioa: galdera gehiago, erantzunak baino

Espainiako Gobernuaren estrategia politikoaren barruan mugitu du fitxa PSOEk: protagonista handirik gabeko irudi batekin jakinarazi dute akordioa, baina detaile gutxi emanda eta datarik ipini gabe.


“Intentsitate handiko” bi sexu eraso erregistratu dituzte Iruñeko sanferminetan

Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]


2025-07-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
XXI. mendeko arma-lehiaketaren probalekua izan behar al dugu?

Eskarmentu ikaragarria –hitzaren adiera etimologikoan, besteak beste– dugu europarrok arma-lehiaketetan. Eta, paradigmatzat hartu ohi denetik, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hastapeneko hartatik, mende eta laurden igaro denean arma-lehiaketa kartsuenera itzuli... [+]


2025-07-15 | Angula Berria
Osasun Bidasoak salatzen du urologia-patologia duten pertsonekiko arretaren gabezia larria

Eskualdeko ospitaleko zerbitzua ixtearen ondoren, ez dira Donostiako Ospitalean ere artatzen. Haurren larrialdietako arreta gabezia ere dirau. Lehen mailako arretako pediatria kolapsatuta dago eta ez dago haur-psikiatrarik.


Etxeko langileen hitzarmenaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman du LABek

Etxeko langileek jasaten duten "prekaritateari" aurre egiteko, "neurri zehatzak" biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du sindikatuak, Bilbon. Auzia lehenbizi Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuela jakinarazi du LABek, baina auzitegi horrek ez diola... [+]


ANALISIA
Lasserre edo betiko leloaren betiko leloa

Egoerak bere horretan segituz gero, Euskal Hirigune Elkargoak ez du izenpetuko EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzeko hitzarmen berria. Orain artekoa urte hondarrean bukatuko denez, baliteke 2026an ofizialtasunik gabe izateaz gain, hizkuntza politika bideratzeko egitura... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


2025-07-15 | ARGIA
Danimarkak derrigorrezko soldadutza ezarri du emakumeentzat

Danimarkako Gobernuak argudiatu du, azken urteotako aldaketa geopolitikoen aurrean defentsarako baliabide gehiago behar dituela. Errusiak Ukraina inbaditu izana aipatu dute preseski, baita AEBetako Trump presidenteak Groenlandia uhartea kontrolatzeko asmoa iragarri izana ere... [+]


Israelek maiatzetik gutxienez 800 palestinar hil ditu laguntza humanitarioa jasotzen saiatzen ziren bitartean

Gaza Humanitarian Foundationen elikagai banaketa erabiltzen ari dira palestinarrak hiltzeko. Oraingoan, ur horniketa suntsitzeaz gain, hamar pertsona, haien artean sei adin txikiko, hil ditu Israelek Nuseirat kanpamentuan, Gaza hegoaldean.


Analisia
Europar Batasunak zifratua hautsi nahi du segurtasunaren aitzakiarekin

Europako Batzordeak, Batasunaren barne-segurtasuna indartzeko promesarekin, aspaldi lantzen ari den bide-orri bat aurkeztu du segurtasun-indarrek herritarron datuetarako sarbide eraginkor eta zilegia izan dezaten. Krimen antolatua, terrorismoa, haurren abusua eta antzeko... [+]


Eguneraketa berriak daude