Askotariko normalizazioa


2006ko apirilaren 30an

Aspaldi-aspalditik euskal hiritarrok anitzak garela esan dugu. Gero eta anitzagoak. Aspaldion, aldiz, gure artean dauden orojakile anitzek esan ohi digute anitz beste zerbait dela eta askotarikoak erabili beharko genukeela. Esan dezagun, bada, askotarikoak garela.

Zentzu anitzetan gara, gainera, anitzak -barka, askotarikoak. Ohituko ote naiz!-. Kultur adierazpide, erlijio sinesmen, jatorri etniko, pentsaera politiko eta abarren ikuspegitik gara askotarikoak.

Azken asteotan hitz eta pitz dabilen gaia ETAren su-etena da. Eta su-etena dela eta, eten gabe entzuten den hitza normalizazioa da. Baina, zeri esaten diote/diogu normalizazioa? Agidanez, nork bere ideia dauka. Normalizazioa ere bada, nonbait, askotarikoa.

Batzuen aburuz, antza, normalizazioa indarkeriarik eza baino ez da. Edo, zehatzago esanda, indarkeria mota bat desagertzea baino ez, hots, ETAk egin edo eragindakoa: atentatuak, estortsioak…; gure artean hain agerikoak diren beste bortxakeriak kontuan hartu gabe, hau da, gobernu-estamentuek egin edo eragindakoak: heriotza susmagarriak, torturak, oinarri juridikorik bako atxilotze edota auziperatzeak, etengabeko eskubide urratzeak…

Ez dut uste beharrezkoa denik pentsatzen hastea ea zein sortu zen lehenago, oiloa ala arrautza. Oso jakintsua ez da izan behar, Euskal Herrian mendeetan herri izateari eusteko nahia izan dugula eta, hain zuzen ere, nahi hau aitortzen eta errespetatzen ez den bitartean, gatazkak iraungo duela.

Sasi-normalizazio honek ezin du, beraz, gure herrira bakea ekarri, ez baita errealitatetik abiatzen, ez baita gatazkaren jatorriaz kezkatzen. Gatazkaren biktima guztiak aitortu beharrean, gainera, irizpide honetakoek alde bateko biktimak soilik aitortzen dituzte -normalean politikoki erabiliz gainera- eta beste aldekoak borrerotzat hartu. Hauen iritziz, negoziatzekotan, ez mahai bat ez bi; ETAren errendizioa non eta nola baino ez litzateke negoziatu behar.

Garai batean, Francoren bakeari hilerri-bakea esaten zioten bezalaxe, nik normalizazio honi ere "hilerri-normalizazioa" deituko nioke. Badirudi, gure zoritxarrerako, Espainia aldean gehienak jarrera honekin lerrokatzen direla.

Beste batzuen ustez, ostera, normalizazioa herritarron iritzia errespetatzea izango litzateke. Hau da, euskal herritarron erabaki politiko demokratikoa, edozein izanda ere, onartu eta bideratzeko aukera bermatzea. Honek ekarriko omen liguke, besterik gabe, indarkeria-adierazpen gehienak desagertzea. Hauek bi mahaien aldekoak lirateke: ETA eta Madrilgo Gobernuaren artekoa alde batetik, eta alderdi politikoena bestetik.

Agerikoa da desadostasuna itzela dela eta lan mardula dutela aurretik, bakea helburu, negoziazio prozesuan parte hartu behar duten politikari eta eragileek.

Honetaz guztiaz berba asko egiten ari da egunotan, gorago esan bezala. Nik, jakina, ez diot interesik ezta garrantzirik kenduko. Hala eta guztiz ere, guztiz ahazturik geratu ohi den bestelako normalizazio batez ere mintzatu nahi dut, edo, hobe esanda, «normalizazioak» ekarri beharko lukeen normalizazioaz. Herri mugimenduetan lan egiten dugunok ezin hobeto dakigu hamarkadatan boterearentzat deseroso izan diren mugimendu eta taldeoi, beste barik, arrazoiz edo arrazoirik gabe, ezker abertzaleko etiketa jarri zaigula eta nolabaiteko estigma hori aitzakia izan dela gutaz paso egiteko edo gure kontra aritzeko. Adibide zerrenda luzeegia izango litzateke hemen denak aipatzeko, baina euskalgintzatik feminismora, ekologiatik gay mugimendura… denok jaso dugu agintarien mespretxua, eraso zuzena izan ez denean. Errudunen artean, inor gutxi salba daiteke, zeren berdin samar jokatu baitute Madril zein Iruñea edo Gasteizko gobernuek; berdin samar PP/UPN, PS(O)E, PNV-EAJk edo baita IUk berak ere.

Itxaropena galtzen den azkena ei denez, espero dezagun normalizazio politikoarekin batera, giza mugimenduoi ere normalizazioa etortzea. Agian normalizazio eratorria esan geniezaioke.


Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


Eguneraketa berriak daude