Euskalerria Irratia


2006ko urtarrilaren 22an
Urak bidea egin du Euskalerria Irratiak bere lehendabiziko irratsaioa aireratu zuenetik, 18 urte joan baitira 1988ko azaroaren 7 hartatik hona. Lizentziarik gabe ekin zion lanari eta lizentziarik gabe dirau, baina legezko aitorpen hori hurbilago dateke epaileek eman berri duten epaiaren ondotik. Egia erran, inork Iruñeko irratiari buruzko historia idatziko balu, Nafarroako politikagintzan azken 20 urtean gertatu direnak eta ez direnak moldatu beharko lituzke paperean, bai eta gure herrialdeko agintaritzak izan duen ezaugarri nagusia azaleratu ere, hots, ustelkeria. Izan ere, irratia lanean hasi zen, Gabriel Urralburuk azpiko dirua esku-beteka kolkoratu zuen urteetan. Bada, Urralbururen eta eskuindarren buruzagi Aizpunen arteko tratuak zokoratu zuen Euskalerria Irratia 1990eko irrati-lizentzien banaketatik. Ustelkeria nabarmena izan zen hura. Auskalo noren esku dauden orain urte hartan lizentziak eskuratu zituzten bi irrati-proiektuak. Nik dakita nolako bide bihurriak ibili dituzten urte horietan guztietan. Hori bai, bide guztiak sasiko, legezko iduri. Konparazio batera, baimen horietako bat Radio Blanca izenekoari eman zioten. Inoiz izanik gabeko izenik izan bada, horra Radio Blanca. Ez zuen sekulan irratsaiorik aireratu eta, garai hartako prentsaren arabera, lizentzia berehalako batean saldu zuten 70 bat milioi pezetan. Gauza bera egin zuten Espainiako Estatuko hogeiren bat probintziatan. Atera kontuak Felipe Gonzalezen alderdiak azpitik feriatu omen zuen dirutzaren zenbatekoaz.

1998an, Miguel Sanzen agindupean ari zen Angel Sanz Bareak -lehengusuak dira- baimena ukatu zion Iruñeko euskal irratiari. Aldiz, Opus Deiren Unibertsitateak eta NET-21 izenekoak eskuratu zuten lizentzia bana. Teknikarien mahaiak emandako puntuazioaren arabera, Euskalerria Irratia zegoen lehenbiziko tokian, baina orduantxe, Sanz Bareak eskua sartu, bere kolkotik asmatutako irizpideak erabili, hasierako sailkapena itzulipurdikatu eta Euskalerria Irratia hirugarren tokian utzi zuen, hau da, lizentziarik gabe. Epaileek orain erran dute Sanz Barearen jokabide hura legez kontrakoa izan zela. Izan ere, epaileek berek eskaturik, hiru txosten egin dituzte hiru adituk -proiektuen alde ekonomikoaz, teknikoaz eta kazetaritzakoaz- , eta hirurak izan dira euskarazko irratiaren aldekoak. Ondorioz, 98ko banaketa baliogabetu dute. Epaile jaunek, ordea, ez dute haratago jo. Hau da, ez dira aferaren muineraino iritsi: zergatik jokatu zuen Sanz Bareak horrela? Zergatik hankaz goratu zuen teknikarien mahaiak emandako sailkapena? Bada, Euskalerria Irratia lizentziarik gabe uzteko. Baina epaileek ez ikusiarena egin omen dute. Epaileentzat, Sanz Bareak ez zuen gibel-asmoz jokatu. Okertu egin zen bai, baina ez asmo txarrez, borondate onez baizik. Ondorioz, ezin deus egin bide penalez Sanz Barearen aurka, ezta Gobernuaren aurka ere.

Azken finean, afera horren haritik, Euskalerria Irratiak Nafarroako egungo estatusaren hiru oinarri topatu ditu bidean: UPN, Opus Dei erakundea eta Diario de Navarra, hots, NET-21 irratiaren jabea, gaur egun. Egia erran, egunkari horrek manupean ditu, aldez edo moldez, Nafarroan ari diren gaztelaniazko komunikabide gehienak. Nafarroako informazio osoa galbahetu nahi du eta informazioa kontrolatzeko goseak ez du mugarik. Hori dela eta, laster hitzarmena eginen du sozialisten inguruko PRISA komunikazio enpresarekin, zertarako eta PRISAk Iruñean duen Canal 4-Localia toki telebistako albistegi erregionalez jabetzeko.

Horra berriz ere eskuindarren eta sozialisten arteko hitzarmena, non eta Nafarroan, Nafarroan baizik ez. Hori guztia jakinda, ezin igarri zer ekarriko dion etorkizunak Euskalerria Irratiari, baina frogak mahai gainean, eguneroko lan oparoak bultzaturik, entzuleriak hats emanik, Iruñeko irratiak ekarpen handia eginen dio Nafarroako etorkizunari, herrialde honetako botereari darion ustel urrina begien bistan jartzeagatik.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude